miércoles, 15 de diciembre de 2010

HOR ZAUDE...


Jaio ginen, bizi gera... eta nork izan du bizian bere aukera. Alabaina, batzuenak aspaldidanik idatzita zegoela ematen du. Hori da zure kasua, Joseba, eskolan txikiak ginela bazinen zure berrogeita bi urterekin zaren bezalakoa, kaskamotza, kokolo galanta, bihotz eta burugogorra, bihotz ustela, buru hutsa, errukabea, krudela. Bagenuen txikitan, eskolan, zure burugogorkeriaren berri, miresten zenuen indarra, lege zenuen, gizalege bakarra, behin buruan ideia bat sartu eta gaurdaino hor gordeta osorik, bihotzean ez dut uste inoiz ezer sartu zaizunik, gorrotoaren legeak ez zizun lagatzen ezer sartzerik. Gorrotoa izan duzu lagun zure bizi osoan zehar, beharbada hori da zure lehentasun bakarra, norbaiti, zerbaiti, gorroto izateko ezinbestekotasuna, horretan datza zure betiko nortasunaren gorua, horren inguruan irun duzu zure biografia tristea.

Jaio ginen, bizi gera, zorionez zu bezelakoengandik ahalik eta urrunen, azkenean zu bezalako basapiztien atzaparretatik salbo, libre. Behinola konbentzitu nahi gintuzun zure zoramenean parte izateko, gorrotoaren bidetik joan gintezen, ezinbestekoa zen zenioen, noski, aberriaren alde mina zabaldu nahi zenuen, zuk ez bezala pentsatzen ez zuen orori kalte, beti aldekoa ez zena indarrez makurtarazi asmotan. Aberria, zuena, zuen gorrotoaren eremua, zu bezalako astapotroek gainontzekoen gainetik eraiki nahi zuten arima aratzen basamortua. Ihesi irten nintzen bilera hartatik, zu ikusita ezin argiago nuen nora eta nortzuekin ez nuen inondik ere joan behar. Bestela akabo, bestela piztiakume hutsak, zitalak, bilakatuko ginatekeen.

Koskortu ahala edonon topatzen zintudan, ia beti mobidarik petraletan, ia beti gainontzekoen borroka duin zein bidezkoen bizkarroi, badaezpada edo zuen kontroeptik at zihoazen, beti zure nagusi libertadeziden morroi, dena zure kausara oinperatu nahian, dena zure anaia handien kontrolpean, gaizkileon mendean.

Beldurra bainoago nazka ematen zenuen orduan ere, pena hein handi batean ere, gorrotoa lege, gorrotoari dena eman ohi zenion, gorrotoak gidatzen zituen zure urratsak, gorrotoak ustedua zinen, ez zenuen gorrotatzeko baino beste ezertarako baliorik, horra hor ideia bakarraren ondorio lazgarriak, pipiek bezala kontzientzia jan zizuten, ez duzu, ez, zeharo galdu zenuen zure burua inoren lekuan jartzeko ahalmena, horrexegatik ere gaur, zure ezpalekoek arestian goraipatzen zuten indarkeria gaitzesten duten bitartean, laguntzen zenituen gaizkileek-eta indarrari agur esaten diotenean erreskadan, zuk ordea eusten diozu gorrotoaren legeari, besterik ezagutzen ez duzulako, zure bizia besteenganako ezinikusi/arbuio/mehatxuaren inguruan irundu duzulako, bera gabe galduta zaudelako, ez zara ezer, hutsaren hurrengoa, pipi hautsarena.

Eta bai K Zazpikoek "Hemen gaude" kantatu bitartean nik neuk esan nezake zu zaudela betidanik eta betiko izan behar zenukeen behin lagundu agian maite ere egin zintuen neskatila lirain eta agidanez ez hain azkarra dagoen zulo berberean

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...