ELURMINA


 

    Hiria elurrez estalita ikusi orduko haurtzaroa gogora etorzen zait ziplo. Gainera gero eta usuago, arinago, minago, denoi adina aurrera joan ahala suertatu bezala. Txikitako hainbat asteko elurraldiak, gure bapateko Siberian eskolara bideko odisea txikiak ozta-ozta belaunerainoko gomazko botetan sartuta, betiere ibilbideko arrisku jostalariei aurre egiteko prest, hau da, kaleak, plazak, jardinak-eta ezusteko zein ezinbesteko elur-piloten elkartruke bortitz eta errukigaberako guda-zelaiak bilakatuta gurearen inguruko ikastetxeetako etsaiak azaldu bezain laster. Hori edo gure eskolatik irten orduko auzoko moja-ikastetxerainoko espedizioa betiere bertako neskei elur-piloten bitartez gure sexu-pultsio/irrika nerabearen berri emate aldera, etorkizuneko sexuen arteko gatazta amaigabe eta lizunaren aitzindari. Eta gero gerokoak, auzoko loretegietan edo orduko "Hiri-landetan" elurrezko panpinak, aldapetako behin-behineko goitibeherak, elurrezko jaurtigaiek eragindako zauriak musuan zein buru-estimuan, moja-ikastetxeko arduradunen salaketa eta gure eskolakoen mehatxuak eta zigorrak, nahitaezko irristadak zein marrantak, amaren errietak elurra etxeraino ekartzeagatik botetan, txanoetan edota eskularruetan pilatuta, salda beroaren plazer eskerga. Laburbilduz, setiopeko hiri elurtuaren xarma siberiarra, gure behin-behineko Stalingrado xumea.

Gaur egun, haatik, ez dago taxuzko elurterik. Gaur egun noizean behingo elurraldiak bat edo bi, bizpahiru gehien jota, eguneko liluramendua izan ohi dira, erdipurdiko Siberia edo Groenlandia batean bizi bagina bezala, hau da, etengabeko lurmentze batean, inolako elurrezko gudarik prestatzeko betarik ematen ez dutenak, Trumpen guda bat besteko arinak. Gaur dena arina ei da, gure oroimena bezainbestekoa.

Comentarios

Entradas populares de este blog

A ESMORGA - EDUARDO BLANCO AMOR

LA COMEDIA BUFA

SCHOPENHAUER Y LA NAVIDAD