domingo, 2 de octubre de 2011
NOR BERE KONTAKIZUNAREN AJE ETIKOAK
Oraindio ez dakit norainokoa izan den gure Lehendakariak jaso behar izan ote duen egurra orain dela pare bat egun egin zituen ETAren presoen hurbilketaren aldeko aldarrikapenengatik, baina entzun eta irakurri egin badut hor nonbait azken hamarkadetan gertatutakoari buruzko kontaketaz, hots, nola idatziko dugun ETAk eragindako sufrimendu zein gizarte aztoramenduaren gorabehera.
Jakin badakigu, somatzen dugu behintzat, nork bere istorioa idatziko duela, nork bere aldekoak eta kontrakoak hautatuko dituela. Zoritxarrez, kosta egingo da, oso, zeharo obketiboa izan nahi duen narrazioa taiutzea, eramoldatzea, taldekeria baita gure herriaren gaitzik minena antzinatik.
Edonola ere badago hainbat adibide azken hau ezin hobeto erakusten diguna. Besteak beste orain dela astebete Gernikako Akordioa sinatu zuten preso ohietariko batek irizpidera ekarri zidana. Izan ere, Jon Agirre Agirianok, ETAren presorik zaharrenak, delako akordioa sinatu eta aldi berean ere gogoratzen zigun zer nolako zaila edo goiza den kontakizun zuhur eta sinesgarri bat egitea azken urteotako historiaren nondik norakoak objetiboki hautatu eta batez ere juzgatzeko.
Antza denez, Jon Agirre aramaiorra 30 urte inguruan atxilo egon da bi gizakume akabatu izanagatik. Berdin dio biotariko bat ezusteko biktima, kolaterala edo, omen zen, berdin dio 13 urte baino ez baldin bazituen gizajoak, berdin dio noiz eta nola. Garbitu egin zituen bi gizabanako zeharo eta beti printzipioz errugabekoren bizia eta horregatik kondenatu eta kartzeleratu egin zuten, zer bestela, domina bat ote?
Ederto, horraino dena oso arrunta, tamalez, beti tamalez. Hala ere, oraindik orain Agirre askatu egin zuten eta bere herrian, Aramaio herri txit ederrean, harrera izugarri loriatsua egin zioten. Areago, udalekoek, edo udaleko ANVren ingurukoek, gorazarre zinez hunkigarri bat egin zioten herriko kiroldegian ohiko aurresku, lore sorta eta bere herkideen txalo andana bero-beroarekin.
Baina nor goretsi zuen aramaior gehiengo horrek? Hiltzaile bat? Noski ezetz, inondik ez, euren herriko mutiko jator eta ustez ikaragarri eskuzabal bat Euskal Herriaren aldeko armak hartu eta borroka egin zuena. Hori omen zen gogoan zuten Jon Agirre jauna, eta omendu egin zuten haiek nolabait berak hartutako erabakia ulertu eta auskalo zer neurritan ere konpartitzen baitzuten. Jon Agirre etxera bueltan zegoen, guretarretariko bat, nola ez goraipatu hainbeste urtetan bere bizia gure herriaren alde emandako heroi txikia. Ageri da aramaior guzti horiei Agirre jaunak garbituriko bi lagunek batere ardura ez zietela, ageri ei zan Agirrek bete in auela aberriagas euken konpromisue, horrexegatik merezi auen omenalditxue, koitadue.
Hori dela eta, zer nolako kontakizuna izango ote dute aramaiorrok gogoan gertatutakoari buruz? Ez dut uste gauza handirik asmatu behar denik honen kontura, gauza oso deitoragarria baita, erabat.
Hau guztiau tristagoa, negargarriagoa eta nekagarriagoa ere omen da horratio, aurtengo Arabako Bertsolari Txalpekearen finalean gertaturikoa gogora ekartzekotan. Aurten Manex Agirre gazte aramaiorra txapeldun suertatu zen, eta bere eskertze bertsoetan, ohiko agurrean edo, zera egin zuen: bere sorkidea eta baten batek daki senitarteko ere omen den Jon Agirre Agirianori opatu egin zizkion bere bertsoak. Manexek ez zituen inoiz kontuan hartu beste agirre aramaiorrak eragindako kaltea edo sufrimendua; ezotzen bape ardurie. Noski ezetz, Manexek oso argi zuen Jon Agiriano biktima zela eta ez biktimarioa, estatu zapaltzailearen biktima, herri zapaldu bateko seme argia, agurra eta gehio merezi egin zuena duda izpirik gabe. Horiek ziren Manexen muga etikoak, bere kontakizunaren ajeak hain zuzen ere.
Hau izan zen ere aurtengo Arabako Bertso Txapelketaren irabazlearen jokabidea arabako bertsozale guztion aurrean, denok bere agurra ontzat eman behar izan balute bezala (esan gurot txaloka eozenak baino geixo Manexen inguruen) Arabako euskaltzale guztiok azken urteotako historiaren bere bertsio ajetsu horren halabeharrezko partaideak izan behar genukeen bezala, gure artean hori baita nagusi izan behar den bertsioa, behiala armak hartu eta gu askatzearren gainerakoen kontra oldartu zirenen heroi faltsuena. Libre pentsatu eta aukeratzeko garen aldetik zeinen alde egin behar genuke, betiere gure senide, adiskide, herkide edo borrokaideen alde, nahiz eta egundoko triskantzak edo mina sortu, ala, bestela, senak, sen etiko eta moralak, agintzen/erakusten digunaren alde. Hautatzean datza garenaren ardatza.
Gogoetagarria bai, baita lotsagarria bezain penagarria ere.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario