honako helbidean argiratutakoa: http://uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/nerabe-alprojak
Badut gogoan, ia hatz artean paperera aldatzear, eta hein handi batean José Abello idazle asturiarraren “Jugadores de billar” edo Hemry Roth iparramerikarraren Requiem for Harlem nobela handiek iradokia, adiskide batzuen istorioa, non nerabezaroko egunak akordura ekarrita orduko neskekiko harreman beti gorabeheratsuak, bizitzari buruzko gogoetak eta batik bat lagun arteko tirabirak. Badaude idazgai dudan liburuan orduko nerabeek euren inguruko nesken kontura egin ohi zituzten komentario lizunak eta sarri askotan oiesak ere bai, nire garaiko nerabeok erabili ohi zuten matxismo gordinaren erakusgarri omen direnak behinik behin. Edo bestela esanda, nire nobelatxoko protagonistek euren inguruko emakumezkoekiko iruzkin zein jokaera batere xamurrak edo zintzoak izango ez zirenak egin ohi dituzte, besteak bete orduko zein noiznahiko nerabetxo gehienak emakumezkoekiko sekula xamurrak zein zintzoak izan ez baitira delako heziketa heteropatriarkala nagusi den aldetik feminismoak ondo asko erakutsi bezala. Nire istorioan auzoko nerabe beti berook nesken gorpuzkera lehentasun bakarra zuten, eta lehentasunetan lehentasun: bular sendo eta oparoak, ipurdi mardul borobilak, ezpain gori lodiak eta batik bat txima luzeak zein esku trebeak. Badakigu, nerabeak eta astapotroak ia beti antzeko-parezido. Lizunkeria nagusi zen euren solasean, ia hizpide bakarra. Izan ere, nire balizko nobelako protagonistok ez zituzten, ez, euren auzoan ezagun edo lagun zituzten nesken nortasunaren bertuteak eta oso hizpide izaten. Ez da, ordea, batere harritzekoa, gogoan idiarena etengabe eta edonon jotzea baino izaten ez zuten nerabeak baitziren. Halaber, nire protagonistok lagun baten etxeko ganbaran biltzen ziren elkarrekin kanpaia jotze aldera, ea nork besteek baino azkarrago hazia isurtzen zuen, auskalo non eta nola lapurtutako aldizkari porno baten zenbait orrialde argazkidun ganbarako paretetan zintzilik iradokizun gisa, sarri askotan ere euren gogo beroan gustuko zituzten auzoko nesken irudiak orrialdeotakoekin trukatuz.
Balizko nobela honetako hizkera, beraz, oso gordina litzateke, lizuna bezain zikina, orduko nerabeek erabilitakoa hain zuzen, orduko parametroetan zein orduko kaleko hitzetan. Gauzak horrela, nire galdera oso zuzena da: posible al litzateke gaur egun halakorik argitara eramatea, hau da, nire balizko nobelatxo gordin edo zantarra bezalako liburu bat zuzentasun politikoaren atzaparretan erori gabe, istorioaren nondik norakoak idazlearen beraren ustezko edo balizko pentsamolde matxistaren enegarrena bailiran hartzeke? Beldur naiz ezetz, zuzentasun politikoaren zaindariak oso zorrotzak, zikoitzak, hertsiak, ergelak izaten baitira fikzioaren mugak edo neurriak juzkatzerakoan.
Zer esanik ez euskal literaturan, non betidanik hain hedatua eta batez ere erlijioan errotua den euskal gizartearen puritanismo historikoarekin batera delako zuzentasun politikoa aspalditik nagusi omen den, ozta-ozta ahalguztiduna. Gure literaturan -ezin dugu ahaztu apaizek sustatua izan zela gehienbat- gehiegizko militantzia politikoki zuzena egon omen da, dela begiratu beato bat sexu kontuetan, dela oraintsu arte politika kontuetan gai nagusia ziren euskal abertzaletasunaren zein ETAren ingurukoak jorratzerakoan. Bai jaun-andreok, euskal gizartearen berezko otzantasun soziopolitikoa, hau da, guztiz otzanak gurean nagusi zen joera politikoarekiko, baina ez, noski, azken joera nagusi honek kontrako edo arerio zituenekiko, euskal literaturan ezin hobeto islatua omen dago, salbuespenak salbuespen, alafede.
Horrenbestez, eta gure ETAren ondorengo garaiotara etorrita, nire buruari galdetu nahi nioke ea gaur egun ere, batik bat feminismo kontuetan, betiko apaiz sasijakintsuen edo komisario politiko ahalguztidunen handiustekeria jatorraren mende gauden. Zer dela eta? Ikusi bestela zein den azken urteotako joera puritanoa edozein artelan epaitzerakoan, zein den euskal letretan ere nagusitzen ari den ortodoxia berria, eta baliteke euskal abertzaletasunarena epeldu ahala, batez ere feminismoaren interpretazio mehar edo hertsiegi baten partetik, hau da, inolako ñabardurak batere atsegin ez dituen feminismo murriztaile eta zirikatzaile bat, literaturan edozein sexu gehiegikeria, edozein edo ez hain aspaldiko gizonezkoen jokaera sano matxistak baina aldi berean guztiz arruntak paperean azaltzea ere, errotik arbuiatzen dituena bekatu larria balira bezala, dena beti eta printzipioz gizonezkoen berenezko matxismoaren gorazarre, hau da, delako heteropatriarkatuaren enegarren adibidea balira bezala. Ez al da posible gaur egungo euskal literaturan, eta agian betiko naturalismoaren ildotik, gure nerabezaroko errealitatea bere gordinean azaltzea, hau da, nire balizko nobelako gazte alprojak egiatan ziren bezala, inolako diskurtso militanteari eutsi behar izan gabe, gogora datozkigun istorioak feminismoko ultraortodoxo berrien galbahetik pasa behar izan gabe, egileari berari inolako sanbenitorik eskegi behar izan gabe? Ba al dago lekurik ortodoxia honen aurrean disidentzia argi eta zintzo baterako? Ez al gara, beste behin ere, oso azkar eta erraz politikoki zuzenegiaren diktadurara makurtzen inork guk uste bezain aurrerakoiak edo sexuen arteko berdintasunaren aldekoak ez garela lepora ez diezagun? Ez al dago, beste behin ere, literaturan eta batez ere gai arantzatsuen aurrean, aiko-maiko edo beldurrez ibiltzeko, gauzak inor ez iraintzeko inguru-minguru idazteko, arriskurik? (Auto)zentsura ote? Nik uste dut lehen bezainbeste.
*Angel Olarteren “Golfillos” margolana
Txema Arinas, 2018/10/17
No hay comentarios:
Publicar un comentario