Datorren Martxoak 8.ren harira nik uste dut badela garaia etorkizuneko euskal idazle ikoniko berria asmatzeko. Zer da euskal idazle ikononikoa? Bada, oso labur bilduta, zenbait belaunalditan hedabide gehienetan, batik bat erdarazkoetan, euskal literatura nola edo hala eta batez ere atzerrian, edo Erdalerrian, ordezkatzen duen euskal idazle arrakastatsua, hau da, haren liburuak parrastaka saltzeaz gain doi-doi denoi atsegin zaien idazle gazte eta txukuna. Txukuna? Bai, jaun-andreok, euskal idazle ikonikoak, hots, garaian garaiko euskal literaturaren ikurrik gorenak, gehiengo zabal baten gustukoa izan behar du ezinbestez. Hartara, euskal idazke ikonikoak ezin du inondik inora polemikoa izan, hau da, ezin da saltsa politiko, etiko edo politikoetan sartu. Ezin ditu, behintzat, politika edo etika bere obraren ardatz bilakatu. Ezin da nabarmendu ezeren oso aldekoa izateagatik, gehien jota bere pentsa/ikuskeraren hainbat zipriztin liburuetan zehar barreia ditzake; baina, ezin da inola ere batzuen edo besteen taldean kokatu, betiere saiatu behar da denon gainetik jartzen, beharbada handik denetarik aldarrika egin ahal izatearren. Euskal idazle ikonikoak ezin du inor, batik bat talde edo kolektibo bat aztoratu, ez baldin bada, jakina, gizarte gehienak aldez aurretik gaitzetsitutakoa. Euskal idazle ikonikoak premiazkoa du euskaldun gehienon gaineko ikuspegi ustez eta ozta paternalista bat izatea, batez ere euskalgintzaren putzu ilun eta sakonetik erdal hedabideek erreskataturik izateko. Izan ere, hedabideeok euskal idazle ikonikoa euskal literaturaren irudia dela, euskarazko kultura osoarena egia esanda, lau haizetara aldarrikatuko dute euren publikoaren aurrean, hots, erdal munduaren aurrean. Horrenbestez, euskal idazle ikonikoak erdaldunen euskaldunenganako aurreiritzi edo topiko gehienen ispilua bihurtuko dute; baina, jakina, aspaldiko edo ohiko euskaldun zintzo eta hitz gutxikoarekin zerikusirik ez duen ispilu bat, euskaldun belaunaldi berriak islatuko dituena, mordenoagoa, ia urbanoagoa, apika kosmopolitikoagoa, hau da, Estatu Batuetara noizik behin aldatzen dena unibertsitaren batean euskal kulturari buruzko ikastaroak emateko asmotan edo.
Gauzak horrela euskal idazle ikonikoa oso garaian garaikoa izango da, hots, euskal gizarteak urteak joan ahala bizi izandako aldaketen berri emango diguna. Horrexegatik gaurdaino bi euskal idazle ikoniko nagusi eduki ditugu, zaharra eta berria, hau da, Bernando Atxaga eta Kirmen Uribe. Biok dira euskagintzaren putzu ilun eta sakonetik haragoko arrakasta lortutakoak, hau da, euren liburuak erdarara itzuli dituzte eta nolabait ere oso harrera ona lortu dute erdal kritika zein hein handi batean euskal gauzetaz zerbait jakin nahi duen erdal publikoaren aldetik. Biok dira, edo izan dira, sasoian sasoiko euskaldun prototipoak, hau da, Atxaga garai zahar gogorretatik zetorrena, euskalgintzaren hastapenetakoa, eta Uribek garai berri bigun edo mengelokin ezin hobeto bat egiten duena, urteen poderioz euskal literatura fikzio bikaina bilakatu denekoa. Biok dira edonork bere telesaiora edo etxera eramango zituen euskal idazleak euskal gauzetaz lasai askoan hitz eta pitz egitearren, hau da, ETAren lagun beldur/lotsagarri batekin edo euskal abertzaletasunaren etsai porrokatu irain/gogaikarri batekin topo egiteko beldur barik. Edo bestela esanda, ez Pako Aristi, ez eta Jon Juaristi ere. Nolabait ere, betiko euskaldun zintzoak baina egun txapela eta abarkarik gabe, euskaldun ikasiak, irakurriak eta gainera takian-potian Esatu Batuetan barrena ere ibilitakoak.
Alabaina, Bernardo euskal literaturaren ikonografiaren beste edo azken maila batean baldin badago, hau da, Olinpotik euskalgintzara, edota Euskal Herri osora, begi zorrotz, apika betozko ilun, begira, dagoeneko ezer erakutsi behar ez duten jakintsuen ajei eutsita, Kirmeni dagokionez, aldiz, zer esanik ez, berari ere urteak gehitzen zaizkio ezinbestean, eta baliteke ezari-ezarian “atxagaratzea”, hau da, laster bere Estatu Batuetako egonaldien buruzko liburu mardul eta serio bat argitaratzea, handik ere, edo bestelako edozein saiakera libururen bidez, euskaldunak edota Euskal Herria nola ikusten dituen pontifikatuz, urteak joan ahala lortutako begirune edo predikamentuari esker.
Edonola ere, garaiak aldatzen dira etengabean eta gure gizartea badago enegarren aldiz aldatzeko kinkan. Gurean, eta inoiz ez bezala, emakumezkoen aldarrikapen erabat zuzenak gero eta ariagoan daude, hedatuagoak dira, bada garaia beraz euskal idazle ikoniko berria emakume bat izan dadin aurrenekoz. Horrez gain, euskalgintza ere dexente aldatu da. Laburbilduz, gaur egun badaude ozta-ozta, ikastola zein euskaltegien urtetako lan gogorrari esker, euskaldun gehiago erdal hirigune hirietan betiko euskaldun herri txikietan baino, ez baldin dira euskaldun peto-petoak, badira behintzat egiazko euskaltzaleak, eta hauetariko asko eta asko euskarazko sortzaileak ere bai. Zer dela eta ez topatu ia denon gustuko izan litekeen euskal emakumezko idazle bat eta gainera hiri handi batekoa, hau da, Karmele Jaio bezalako zerbait, gasteiztarra baina aldi berean lekeitar jatorrizko euskalduna, bi euskal mundu berriok nolabait uztartzen dituena bere emetasunarekin batera.
Ez dakit nik ordea Jaio dagoeneko helduxegia den, hau da, Kirmen Uriberen belaunaldikoa gutxi gora behera. Hortaz, eta euskal idazle ikonikoarena belaunaldi berrien ikurrarekin elkarloturik dagoenez, beste emakume idazle bat bilatu behar genuke nahitaez, hau da, ideologikoki edo askotxo nabarmenduko ez dena, talde zehatz baten aldekoa izango ez dena, polito, oso polito eta txukun idatziko duena inor benetan edo gutxienez errotik asaldatzeke, eta batez ere erdal hedabideen gustukoa ere izan litekeena oso liburu politak idatziko baititu egiazko euskaldun gizaldi gazte/berrien nondik norakoen berri emanez eta ahal den moduan ere mezu baikor batez, hori omen baita gaur egun eurrez saltzen den bakarra. Nik, aitor dut, ez dut ideia putarik ere. Beharko, niretzat egiazko euskal idazle ikoniko bakrra beti Gabriel Aresti izan baita.
Txema Arinas
Oviedon, 2019/02/27