jueves, 22 de julio de 2021

OROIGARRI VERSUS OROITARRI

 


https://www.argia.eus/albistea/oroigarri-versus-oroitarri?fbclid=IwAR08WzkpUmCygufZWP1TO50b2y4XpRYjvbUcKIsV_aFhIvpnNLYCpUC97bg

Oraintsu basati homofobo saldo batek kalean bertan ukabilka zein ostikoka eraildako nerabearen aitak, uko egin zion hiriko kale batek bere semearen izena eramateko A Coruñako udalak –hogeita lau ordutan 20.000 sinadura bildutakoan– egindako proposamenari. Badirudi eraildako mutikoaren aitak ez ziola bere semearen memoriari halako protagonismorik opa egin nahi izan, hau da, kale baten izena batere aproposa ez zelakoan balego bezala, lekuz kanpokoa baizik. “Oso ondo erabakita”, izan zen gogora etorri zitzaidan aurrenekoa, hirietako kaleen izenak Historian zehar euren egin zein dohainengatik hainbat arlotan nabarmendutako norbanakoei egoki behar zaizkielakoan bainago. Bestela esanda, agian apurtxo bat gordin ere bai, nik uste dut kaleek zerbait eta batik bat tokian tokiko gizartearen onerako zer edo zer egin dutenen izenak eraman behar dituztela; baina ez, zerbait, berdin dit zer, egin dietenenak, oso harrigarria edo mingarria izanda ere. Samuel izeneko mutiko galiziarra biktima bat izan da, intolerantzia zital eta onartezin baten enegarrena, izugarri krudel, gupidagabe, zentzugabe eraildakoa, gizartea erruz astindutako hilketa deitoragarri bat. Halere, balekoa al litzateke biktimen izenez osaturiko kale-izendegi bat? Ez al litzateke, beharbada, apurtxo bat etsigarria, goibela, ezegokia halako hiri bat topatzea non kaleen izenek ezbeharra, bidegabekeria eta izu-laborria gogoratuko lizkiguketen etengabean? Ez al dago bestelako modu edo leku duinagorik biktimen memoria behar bezala, taxuz, omentzearren?

"Kaleek zerbait eta batik bat tokian tokiko gizartearen onerako zer edo zer egin dutenen izenak eraman behar dituzte"

Bestalde, A Coruñako kale-izendegiaren inguruko pasadizo honek beste bat ekarri zidan gogora, gaur egun mota askotako oroitarrien bitartez benetan oroigarria denari buruz gogoeta luze eta sakon egiteko aproposa: Arabako herrixka batean behiala harraskan arropa garbitzen zuten emakumezkoen omenezko oroitarri batena, hain zuzen. Jende xehe guztiak merezi al luke oroitarri bat? Dena al da berez oroigarria gure kale, plaza edo bazterretan motiboak ezin arruntagoak izanda ere?

Gauzak horrela, behingoan akordura etorri zitzaidan nire aita-amaginarrebek Asturias barreneko herrixka batean duten basetxearen ondoan, aspaldi ez dakit nik zer eraikitzea edo agian amiltzea agindu zuen alkate ohi baten omenezko beste oroitarri benetan bitxi eta batez ere barregarri bat. Areago, oroitarria zegoen txoko baztertu eta ziztrina laster "plaza" izendatu zuten, ezinbesteko udal ospakizuna eginda, jakina, gaita-joleak barne, delako alkate ohiaren memoria nolabait duintzearren.

Hartara, eta harira berriro itzulita ere, gakoa da denok nola edo hala oroigarriak garen aldetik oroitarri bana merezi dugun ala ez. Edo bestela esanda, jende xeheak gauza xeheak –arropa harraskan garbitu, kasuko– egiteagatik oroitarri bana merezi baldin balu, zer merezi lukete taxuzko gauzak, benetan mamitsuak egiten dituztenek, hala nola egiazko maisulanak edo gure gizartearen onerako aurkikuntzak egiten dituzten artistek, ikerlariek edo dena-delakoek? Edo agian xedea ote da, eginbide guztiak ia ezustean meritu bilakatutakoan, kosta ahala kosta oroitarrien bidez parekatzea, arrunta zein bikaina, egunerokoa zein ohiz kanpokoa, lau katu batzuen aldekoa zein gizajende osoarena, hunkitu, harritu edo entretenitu baino egiten ez gaituena zein norbanako hobeak egiten gaituena? Ez al da joera gero eta nabarmenago hau Ortega y Gasset pentsalari espainiarrak aspaldi azaldutako giza-masen ustezko errebolta igualitarioaren atzenekoa, baliteke purrustada moduko zerbait edo; baina, hori bai, beti azpitik, azpijokoan, inor seriotan sumin ez dadin ahaztu dutelako, menturaz atzean utzi dutelakoan, denok kexu, saminduta, inork ezin dituelako urlia, sandia eta berendia gogoratu? Denok ezpal berekoak, denok gu bezalako jende apalaren izenak Historiako izen handien parean egon daitezen aldarrika, denok berezi eta batik bat oroigarriak. Horrenbestez, denok oroitarri bana merezi lukete, esate baterako, malariaren kontrako txertoa asmatzeagatik 2015 urtean Medikuntza Nobela jaso zuen Tu Youyou emakumezko zientzialariak zein berau jaio zen Ningbo hiriko merkatuan jateko saguzarrak saltzen zituzten emakumezko saltzaile ibiltariek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...