Badira bi aste, tarteko asteburua kenduta, nire amarekin Gasteizen bakarrik nagoela zenbait motiborengatik. Bart gauean nire lagunekin afaltzeko irten nintzela kotxea aparkatu nuen nire instituto zaharraren inguruan. Gauzak horrela, erdialdera nindoala edo gerora handik kotxearen bila nentorrela, dena sekula baino ezagunagoa, gertuagoa, egiten zitzaidan, hau da, nerabetan bizi izandako hainbat pasadizo; egindako piperrak orduan "txoratuta" ninduen klaseko neska harekin, "Erdiko" zein ingeniaritza eskolako tabernetan harrapatutako mozkorrak zein botatako txahalak, orduko pintada sasi-subersibio baina egiatan izatez mafioso peto-petoak eta irakasle zein orduko maderoekin edukitako.... gorabeherak berunezko garai alu haietan, institutotik gertu zegoen Las Nieves zoroetxera nire amarekin amandrea ikustera joaten nintzenekoa zoroak pasabideetan barrena sahiestuz. Bufff, nekagarria, samigarria bezain sumingarria, ikaratzekoa, bart ezustean zein gogoz kontra egindako memoriaren ariketa pretala. Egia esanda, T.rekin egoten naizenean ez zait halakorik inoiz burutik pasatzen. Baina, jakina, T.rekin dena hobea izan ohi da.
Ez dakit zuei ere berdin edo antzera suertatzen zaizuen, baina nik hirian edozein izapide egin behar dudala, kasu honetan Osakidetzan, beti hodei beltz bat eraman ohi dut buru gainean. Bai, betiere mesfidati zein guztira jarrita/etsita joan ohi naiz ea zer suertatzen zaidan, zein oker edo ezusteko, nire eginbeharrekoa nola edo hala zapuzte aldera. Esan daigun eskarmentuak aspaldi ezarri zidala delako hodei beltza buru gainean.
Gauzak horrela, eta hitzorduarekin lehen eragozpentxoa suertatutakoan hodei beltza ekaitza bihurtzeko bidean hasi arren, bulegora sartu aurretik eta denborapasa gisa behintzat mota guztietako eragozpenak zein ezustekoak asmatzeari ekin arren, ez zait halako bat ere suertatu, alajainkoa!
Horrenbestez, kalera irten naiz pozarren, ia ezin sinetsirik. Orduan ere, eta egia esanda aspaldiko partez, kalean nengoela dena ederra begitandu zait, oso, nire begien aurrean zabaltzen ari zen egun oskarbi eta agian (Gasteizen nago, beraz, ezin da exajeratu...) eguzkitsua, nire aurretik pasatzen ari ziren oinezkoen aldarte ona, Osakidetzako langileen ustekabeko prestutasuna, baita bizitza bera ere. Egia esanda, ez dakit Life of Brian filman bezala "Always look on the bright side of life" kantetan ere nenbilen, auskalo...
<iframe width="560" height="315" src="https://www.youtube.com/embed/P-7moc6I9Jg" title="YouTube video player" frameborder="0" allow="accelerometer; autoplay; clipboard-write; encrypted-media; gyroscope; picture-in-picture" allowfullscreen></iframe>
Intolerantziaren pozoia oso hedatua eta batik bat barneratua egon da hainbat hamarkadetan gure artean, hau da, gehiengo abertzalearekin bat, gauzak argi eta garbi esan behar baitira, egiten ez duenaren kontra ia dena zilegi omen zen. Hartara, izan ziren eta badira Mitxelenaren hitz ezagunoi muzin egin zieten/egiten dieten abertzale askotxo: "abertzalea izan aurretik, demokrata izan behar da." Eta horrexegatik ere urte askotan abertzalea ez zenaren kontrako bortizkeria begi onez edo gutxienez ezaxolaz ikusi egin dute euskal herritar asko eta askok; gauzak, gorago idatzi bezala, argi eta garbi; ezin dugu gure historia zital eta pattala ostendu; batek baino gehiagok kontrakoa kosta ahala kosta sinetsi/arazi nahi izanagatik.
Gauzak horrela, ez da batere harritzekoa delako pozoia gaurdaino iritsi izana, hau da, nagusiengandik euren seme-alabengana, "enbor beretik sortuko dira besteak" ote? Eta bai, esate baterako Iturgaizen semearena, aita gustukoa izan ala ez.
Badaude gure artean, beraz, oraindik ere desadostasuna eta intolerantzia bereizten ez dakiten asko eta asko, hau da, gaur egun ere oraintsu bizirik zegoen sugegorriak pozoitutakoak.
Norainoko pozoitua zaude zu zeu? Badakizu erantzuna...
- Mesedez, pixka bat gehiago eraits al zenezake, ez dakusat eta?
- Horrela? Orain ba al dakusazu zure semea?
- Bai, orain bai. Nik nuen susmoa. Lerdo halakoa! Ez du nik prestatu diodan azterketa egin osteko "hamaiketakoa" eraman, ez eta nik etxetik ateratzeko agindu diodan txamarra ere...
- Nahi al duzu eskuko bozgorailua hemendik gogoratzeko?
- Bai, eskerrik asko. Eta eskertuko nizuke bihar ere helikopteroa prest eukitzea datorren urteko matrikularako argazki batzuk atera behar ditu eta. Bakizu, badaezpada...
-Horixe, badaezpada behin betiko koskortzen den, ezta?
- Ez, ezer ez, eutsiozu euskarriari, bajatzen ari gara eta.
Herri puta hontan -Hertzainak dixit- oso agerikoa izan ohi da bistatik behinik behin ezagun zaituen norbait topatzerakoan nolako harrokeriaz eta destainaz begiratzen dizun haren tribukoa edo sokakoa ez zarelakoan dagoenean, berdin da politika, kirol, kultura edo batek daki zer konturengatik den, maiz ere beste auzo batekoa izateagatik, hau da, dela bere inguruan mugitzen ez zarelako, dela auskalo nork eta zergatik haren sokakoekin bat egiten ez duzula, behintzat ez orotan, esan diolako, dela zu benetan ezagutzeke aldez aurretik epaitu zaituelako, dela kapela daroazulako eta berak ez. Nori axola, xomorroen herrian betoskoa beti prest. Izan ere, eta betiere behar bezala erreparatzekotan, aipatutako harrokeria eta destaina aurrean dauzakun sasi-ezagun horren sudur muzinduaren araberakoa izan ohi da, baita bere ondoko batekin hitz eta pitz zaudela zugandik nola baztertzen den ikusita ere, hau da, gutxieneko gizalegea betetzeke, gurean oso ohikoa baita, oso barneratuta baitago, zure tribuko edo sokakoekin ez direnekin gizalegea premiazkoa ez dela uste izatea, edo bestela esanda, "nirekin ez dagoena, auskalo zer dela ete gustuko ez dudana, nire etsaia da, eta etsaiei ezta urik ere ez." Hauek dira, bai, kanpoan aspaldi bizi izanda, zure herrira itzultzen zaren aldiro gero eta nabarmenagoak, lotsa/negar/min/barregarriagoak, egiten zaizkizunak, alajainkoa! Eta, jakina, ez dut esan nahi kanpoan antzerakorik ez dagoela, baina egon egon ohi da, oro har, gutxieneko gizalegea ere bai. Gurean hori beti nolabait eta zerbaitetan amore ematea omen da.
Badago euskal idazle oso ezagun bat, nire hirikoa, baina ez dut nor esango premiazkoa ez baita, liburu berri bat kaleratu duena. Bere aurreko ipuin zein nobela guztietan protagonista gehienak gizonezkoak izan dira, azken honetan ordea emakumezkoak dira. Areago, honetan, ordea, batetik, feminitate eredu ugariak mahaigaineratu dira, hegemonikoaz gain, bazterrekoak, mari-mutilak, maskulinoak, desio eta harreman sexual homosexualak, eta heterozuzenak ez diren jarrerak fikzionalizatu dira. Bestela esanda, gaur egun, eta gehienbat euskal literaturan emakumezko idazle belaunaldi berriei esker dexente jorratzen ari diren gaiak eta, hau da, zorionez eta aspaldiko partez nolabait pil-pilean ari direnak orain arte baztertuta edo ahaztuta egon eta gero.
Idazle horrek, edozeinek, badu, noski, eskubide osoa denetarik idazteko, jakina. Egia esan, nik bezainbeste izugarri bitxia begitantzen zaidala esateko zeinen azkar eta apropos, kosta ahala kosta, moldatzen diren antigoaleko eskolako zenbait idazle garai berriotara euren literaturaren ohiko nondik norakoei muzin eginez. Oportunismoa? Ez dakit ba, berez ez dut uste oportunoa izatea ezer gaitzestekoa denik, ez baldin bada itxurakeria hutsa, alegia.
Eta zuek galdetuko duzue: "non hostia dago delako kale hori? Ez dago batere. Ezta, ez, etxerik gabeko kale bakarra, herriaz bestaldean Artzua kalea dago, galsoroak, zuhaitzak eta sasitzak baino ez daude inguruan, gure ama bizi den herrixkan. Baina, ezta ezer apartekorik ere, nire ama 200 biztanletik beherako herrixka batean bizi da, baina badugu etorbide bat ere, "Los Treviñeses", hau da, Trebiñu aldera doan errepidea aprobetxatuz. Ba hori, vanitas vanitatis edo "haundia beti legez, txikia behin ere ez".
Gaur Xixoneko akuariuan geundela pirainak ikusi eta segituan, belaxe, akordura etorri zaizkit... amaginarreba eta bere moduko enparatuak? Behin-behineko sasilagun interesadunak? Bizian zehar topatutako mota askoko iruzurtiak zein aprobetxategiak? Ni benetan ezagutzeke baina etengabe juzkatzen nauten listopasatuak? Nik noizbaiten eta betiere nahigabean sumindutako txepelak? Auskalo zer dela eta nitaz gaizki esaka eta beti nire atzean ari diren koldarrak? Naizena naizelako ni gorrototatzeko, gaitzesteko, premia duten guztiak? Nik egiten, pentsatzen, idazten dudana batere eta sekula atsegin ez dutenak baina paso egin beharrean betiere leporatu ohi didatenak? Bufff, hau zerrenda amaigabekoa... Zorionez, pirainak arrainontzi eder eta itzel batean zeuden eta gaur behintzat aurre egin behar egin diedan arrain bakarrak bazkalorduan sagardo goxo batez gozatutako bokartak izan dira, alajaina.
Aditu dut irratitik Arabako herri batean aspaldi harraskan arropa garbitzen zuten emakumezkoen omenezko oroitarri bat jarriko dutela. Behingoan akordura etorri zait nire aitamaginarrebek Asturias barreneko herrixka batean duten etxearen ondoan ez dakit nik zer eraikitzea agindu zuen alkate ohi baten omenezko beste oroitarri benetan ziztrin zein barregarri bat, besteak beste nire emaztearen gurasoen ondoko txokoa "plaza" izendatu baitzuten delako oroitarriaren ingurukoa nolabait duintzearren.
Halere, hori ez da gakoa, denok oroitarri bat merezi dugun baino. Edo bestela esanda, jende xeheak gauza xeheak -arropa harraskan garbitu- egiteagatik oroitarri bat merezi baldin badu, zer merezi dute taxuzko gauzak egiten dituztenek, hau da, hala nola egiazko maisulanak edo aurkikuntzak egiten dituzten artistek edo ikerlariek?
Edo baliteke gakoa izatea dena parekatzea, arrunta zein bikaina, egunerokoa zein ohiz kanpokoa, gizajende osoaren aldekoa edo lau katu batzuena?
Ez al da joera hau masen egiazko errebolta igualitarioa, baina beti azpitik, inor sumin ez dadin ahaztu dutelako, atzean utzi dutelakoan? Denok ezpal berekoak, denok berezi zein oroigarriak?
Baina, jakina, hau ez esan, ez arbuiatu, ez dator bat garai berriotako hutsalkeria herrikoiarekin, komeni ez dizu eta
No hay comentarios:
Publicar un comentario