viernes, 17 de mayo de 2013

EZTABAIDAKA BETIKOAZ BAINA EZ OHIKOAZ BEZALA

  


Hain interes/gogoetagarria begitandu zait Juan Inazio Hartsuaga zein Jonjo Agirrerekin nik honen ondoren idatzitakoaren kontura izandako hika-mika -esango nuke ditxosozko gaiaz hain gustura, eroso eta batik bat zintzo eta zorrotz eztabaida egiten ez nuela aspaldiko partez, batez ere euskaraz, euskaraz gai honen inguruan betiere elkarri errieta egin baitut nahitaez edonorekin-, baita hain hunkigarria zenbait pasartetan ere, ezen nire blogera aldatzea erabaki dut biei aldez aurretik baimenik eskatzeke eta guzti. Zer dela eta egin halakorik? Tira ba, badakit lau katuk baino irakurriko ez duena; baina, nik uste merezi dueta geroago nik neu  berrirakurtzea, atsegin dut behintzat hori.

"Preso politikoen ukazioa" dio egunkari baten titularrak. Ba, begira, atzo bertan ikurrri nuen hor nonbait, baliteke presoen motibazioak politikoak izana, baina euren eginak ostera zeharo kriminalak izan dira, horrexegatik atxilo daude, edo bestela onartu behar genuke haiek burututako erailketa guztiek izan bazutela zuritzerik, eta hori behin onartuta erailketa hauek merezi zutela ere onartu beharrean geundeke. Hori al da biderik egokiena bakea sendotze aldera, euren hurkoari ezberdin pentsatu izanagatik bizia ukatu egin ziotenen zuriketa ideologiko-sikologia egia historikoa bilakatzea? Baina, zuritze kontuotan nork bere lehentasunak, leialtasunak, maiasunak dituela, eta badirudi gehienetan tribuarekikoak nagusi direla ezinbestez.


- Juan Inazio Hartsuaga Uranga Osgarmora eramateraino ez halere, baina aspertu, ... arrunt aspertzen naute norberean kakoturiko jendeen arteko debateok. Ikusten ari naiz jarraitu egingo dutela, kristo guztia aspertu eta inork kasurik ez egitea lortuko duten arte. Andra Mariren birjintasunaren inguruko debateek ere garai batean hildakoak eta guzti eragin zituzten eta atera kontuak zenbat axola zaigun gaur egun.

 Txema Arinas Bai, asperra bilaka liteke datozen urteetako protagonista nagusia, protagonista benetan zitala dena, edozein aurrerapauso, aldaketa edo eztabaida berri edota hilalabizikoa bertan behera uzteko ahalmena izan lezakeelako.

Juan Inazio Hartsuaga Uranga Ez dakit oker ala zuzen ote nagoen,- nahiago nuke oker banengo-, baina bart flash batean bezala ikusi nuen istorio honen amaiera: Adostasunik batere ez iragan hurbilaren kontakizunean, xakean bezalako betirako enrokea, eta gaia apurka apurka estaliko duen asperdura oihal zabal eta lodi bat. Esandakoa, Andra Mariren birgintasunaren pare geratuko ote den auzia. Adostasunik ez eta axolarik ere ez azkenean, asperduraren poderioz. Noski ez litzateke ona baina beldur naiz ez ote goazen kinka horretara zuzen zuzenean.

Txema Arinas Erabat ados, Juan Inazio. Baina, hau esanda ere,ez dut uste iragan hurbilaren kontakizuna nolabaiteko ekidistantzia batean etzan behar dela. Areago, kontakizun horretan norberaren tribukeriak eta alde batera laga behar lirateke kosta ahala kosta, lehentasun etikoak nagusitu daitezen, lehentasunok unibertsalak diren heinean, noski; hau da, besteak beste, zure hurkoa akabatzeak ez du inolako zuritzerik, ez zuen sekula izan.
  
Jonjo Agirre Preso politikoak direla ez dago ukatzerik, legedia berezia aplikatzen zaien unetik bertatik. Españistanen emakume bat jipoitu eta hil dezakezu, eta 10 urteren buruan kalean egon. Aldiz, banketxe bateko dirukutxa edo autobus bat erretzeak beste horrenbesteko zigorra ekar lezake. Besterik da jardun politiko-militarrak zer ekarri duen. Zer nolako oinazea, herra, gorrotoa eragin duen, era berean horietatik jaiotako jardun armatuak, bestelako erantzunik ere posible ez zenean.
Negargarria ere bada, frankistak eta Estatu terrorismoan jardundakoak demokraziaren eta askatasunaren ikur bilakatuta ikusi beharra, negargarria den bezala, jokabide mafiosoetan urte luzez aritutakoak, ama birjinaren pare agertu nahi izatea orain.

 Txema Arinas Horrexegatik uste dut, Jonjo, eragindako garraztasun hori biguntze aldera edo, hainbat gauzatan amore emateko borondatea zein barkazioa eskatzeko zein emateko oinarrizkoak direla. Beharbada, esan badidate nor nonbait, ameszaleegia naiz, inozente hutsa. Baina, nahiago dut hori, bizi osoan lubakian bizi baino lehenago.

 Juan Inazio Hartsuaga Uranga Oraindik zain nago Estrategiaren Gailurra izan zen Oldartzen ponentziaren egilea nor den jakiteko, asto-belarri parea oparitu eta kargo publikorako inhabilitazioa eskatzeko. CIAkoek gutxienez 25 urte pasata argitaratzen dituzte ezkutuko dokumentuak. Ikusiko dugu hemen zer gertatzen den.


  

No hay comentarios:

Publicar un comentario

CINCO HORAS DE DESCANSO Y REFLEXIÓN

     T e puedes creer que he soñado que era Shanti Andia y estaba al mando de una goleta bretona, el Stella Maris, que recién acabábamos de ...