2016-09-29 / Txema Arinas
H
itz egin ote daiteke bestearen izenean?» galdetzen du Danele Sarriugartek Hirudia-ko bere artikuluan. Nire erantzuna, literaturaz ari garelakoan bainago, baiezkoa da, noski. Bestela akabo literatura, edo gutxienez lehenengo pertsonarekin zerikusirik ez duen fikzio oro. Gakoa, ordea, nola eta zer nolako emaitzekin idazten dugun bestearen izenean. Hirugarren pertsona horren ahotsa gure egingo bagenu itxurakeria ezin ageriagoa litzateke. Ahotsek jabe bakarra baitute, ahotsak beti gurea lirateke. Oso bestelakoa litzateke, haatik, bestearen inguruko gorabeherei buruz idaztea betiere gure ikuspuntutik, hau da, beste pertsona horren nondik norakoak nola ikusten ditugun adierazteko gure ahotsa erabiliz. Horretan letzake ere gure ariketa literarioaren emaitza ona ala kaxkarra.
Adibiderik argiena gure Mendebaldeko gizartean bizi diren musulmanen inguruan sortzen den literatura. Badugu alde batetik Michel Houellebecq bezalako idazle zuria, kristau jatorrikoa behintzat, hau da, français de bon souche. Nolatan erakusten du bere auzoko musulmana? Houellebecqen liburuetan musulmanak balizko etsaiak izaten dira, hau da, idazleak berak maite duen gizartearen oinarriak nola edo hala irauli nahi edo ahal dituztenak. Egia esan, Houellebecqek Gerardo Markuletak euskarara itzulitako Sumisioa izeneko ukronia bat idatzi du gure artean bizi diren musulmanak, zer nolako musulmanak eta zer dela eta inondik inora zehaztu barik, gure Mendebaldeko gizarte ustez librerako arrisku bizi-bizia direla adieraziz. Bestaldetik Tahar Ben Jelloun bezalako idazle jaiotzez marokoar eta nazionalitatez frantses bat dugu; hau ezta jatorri oneko frantsesa. Tahar Ben Jelloun bada berriz banlieueedo hiri handietako aldirietako musulman gazteen bizipenak zein kezkak gertutik ezagutu nahi izan dituen burges txiki bat, hau da, edonongoa izanda ere, eta agian goi-erdi mailako edozein frantsesen aurreiritziei eutsiz, ustez banlieu-etako bere erlijiokide gazteen beldur-edo ote legokeen idazle bat. Tahar Ben Jellounek behin baino gehiagotan jorratu ditu gazteon nondik norakoak bere liburuetan. Besteak beste, Les Raisins de la Galére (Infernuko Mahatsak edo), non banlieue batean jaio eta koskortzen den aljeriar jatorriko neskato baten barne kezkak biltzen dituen lehen pertsonan. Jakina, Ben Jelloun musulmana dugu, alde horretatik neskatoarekiko enpatia guztiz handiagoa begitantzen zaigu funtsez; baina, idazleak egin, egin du aparteko ahalegin bat adinagatik zein bizimailarengatik printzipioz guztiz arrotza omen zaion pertsonaia bat bere ahotsez kosta ahala kosta haragitzeko: «Haiek ez naute izango. Ni ez naiz sekula telebistara zeinen ondo asimilatua, integratua, sailkatua dagoen esateko doan Beur (arabiarra) txikia izango».
Ben Jelloun idazlearen enpatia ariketa literario hau sinesgarria —eta batez ere duina— den ala ez irakurle bakoitzak erabaki behar luke. Edonola ere, Ben Jellounen saioa Houellebecqena baino hamaika aldiz duinagoa —batik bat intelektualki—, delakoan nago, aurrenekoak beste horren ahotsera hurbiltzeko ezinbesteko ahalegina egin baitu duda zipitzik gabe. Edo zehatzago esanda, Tahar Ben Jellounek bere idazle maisutasuna erabili du beste hori den neska beur baten ahots fikziozkoa eraikitzeko, onerako zein txarrerako.
«Oihukatu ote dezake norberak bestearen ahotsa?» zen nire zutabekidearen bigarren galdera. Agian ez besteak bezain zintzo, noski ezetz. Baina bai, ordea, beharbada, beste horrek baino maisukiago. Azken batean ahots horren hedabidea literatura baldin bada, nor hobe taxuzko idazle bat baino. Eta bai, erokeria hutsa da ahots bat ordezkatzea, bereganatzea; baina horixe da literatura: erokeria eta ahotsak ordezkatzea, lapurtzea.