AZKEN EGUNOTAKOA



Dagoen katearik handi, zital eta etsigarriena gainerakoen zuri buruzko iritzi eta batik bat aurreiritzien mende bizi izatea da, hau da, besteek zure bizitzan esaterik balute bezala jokatzea, euren ikus/pentsamoldeen zein konplexuen morroi ezinbestez izan behar bagina bezala. Ez gara, ez, morroiak izateko jaio, gure buruaren jabe baino.




Maparen ironia zorrotza alde batera utzita, bada, beste behin ere, benetan bitxia euskararen mugen kontura euskalkiak bizirik omen dauden eremua aintzat hartu izana bakar-bakarrik, hiriburuetan, 60 urteetatik hona gutxienez, euskara sustatu, hedatu eta batik bat jorratzeko mugimendu potolo bat inoiz egon ez balitz bezala, hau da, ikastoletan, ikastegietan, euren kabuz edota euskalkien eremutik hirietara aldatutako gurasoek etxean irakatsitako euskaldun kupuru mardul bat ez balego eta honekin batera hiriburuetako euskalgintza. Gasteizen bertan euskadunak %24,32 dira ahotsak.eus weborrian azaltzen denez, beste datu batzuen arabera handiagoa. Jakin badakigu euren burua euskalduntzat duten asko eta asko egiazko euskaltzaleak ez direla, hau da, euskaraz apenas egiten dutela, asko eta asko ikastola edo ikastegietatik irten orduko bazter uzten dutela hizkuntza, jakin bai baina egin ia sekula ez; baina, hala eta guztiz ere, badago kopuru polit bat euskaraz bizi egiten dela gure hiriburuetan, hau da, hiri-euskeraz egiten duena nola edo hala, gehienbat batua garbia edo euskalkien hainbat zipriztinez, hiri-euskalgintza sustatu, hedatu eta jorratzen duena. Halere, egia da gure hiriburuetan erdara nagusi, ahalguztiduna, dela. Are okerragorik, hirietan sakabanaturik edo dauden euskalguneetatik at ia ikustezina euren parean euskaraz egiten duten norbaitzuk izanda ere. Gauzak horrela, ezta batere harritzekoa aurreko astean bizi osoko lagun batek esatea Gasteizen kanpoko jende pila zegoela esatea euskaraz asko entzuten zelako, haren ustetan Gasteizen lau katuk baino ez baitakite euskeraz. Bitxia da gero, bizi osoko lagun honen koadrillan zazpi lagunetik hiru euskaldun ginelako, gure artean ia beti euskaraz elkarri egin ohi genionak, are bitxiagoa lagun honen inguruko haur gehienak ikastolakumeak izanda. Bitxia bai, baina ez ordea sinesgaitza, lehen esan bezala, hiriburuetako euskalgintza ikustezina baitzaie erdaldun gehienei, euskarari gorroto bizia, nolabait ideolokikoa zein instintiboa, diotenei zein euskara ustez onetsiz euskararekin zerikusirik duen oro ezezaguna zaienei, berdin da ehun urte pasata ere, betiere euren nagusiengadik jasotako aurreiritziak euren egiten dituztelako edota berezko arduragabekeria dela kausa. Hartara, nola harritu kanpokoek ere gaur egungo euskararen egiazko errealitatea ez dakitelako, ala agian jakin nahi ez dutelako auskalo zer dela eta, aspaldiko klitxeei gogor eutsita. Edonola ere, hona hemen, asmatu nahi duenarendako, noski, Gasteizko euskaldunon nondik norakoen berri, hau da, aurreiritziak, eta batipat ezjakintasuna, behingoz alde batera uzteko asmotan: https://ahotsak.eus/gasteiz/. Eta are bitxiagoa mapari errepatubezkera galego edo asturieraren hedapenari dagokionez, komunitateotako hiriburuetan galegoa zein asturieraren prsentzia euskararena edozein euskal hiritan bezain motela baita, hau da, gaztelera beti nagusi.



Atzo arratsaldean gure txikerrarekin telebistan youtubeko musika bideoak ikusten ari nintzela, zein ikusi nahi zuen galdetu eta Oasisen "Wonderfall" erantzun zidan, anaia nagusiak etengabe entzun ohi baitu nik erakutsita. Ondoren, Oasitik Paull Wellerrera aldatu ginen, Paul Wellerretik Amy Winehousera, honetatik Specialsera eta azkenean Madnessen "It must be love"ra iritsi ginen. Entzundako kanta guztiak atsegin izan zitzaizkion, bai horixe, ikaragarri gustukoa baitu musika, ikaragarri gogoratzen baitu. Izan ere, gai da kanta bat behin batean bakarrik, aspalditxo ere, entzun eta gerora doinua gogoratzeko, baita zenbait hitz ingelesez izanda ere.
Bestalde, eta ska musika entzuten ari ginela, saxofoiak zoratzen zuela aitortu zidan -eta baliteke ezer baino lehen bideoak barrezkoak zirela, umorea nagusi baitzen ordukoetan, eta berdur naiz gaurkoen aldean...- , batik bat Madnessen "One Step Beyond"en entzuten dena. Halere, benetan txunditu ninduena talde honen "It must be love"ren zenbait letra nola gogoratzen zituela izan zen, kanta kotxe barruan aspaldi ipini niolako, eta nik dakidala behin bakarrik edo, baina, dagoeneko edadetu samarra naizenez, baliteke denak, ezein huskeriak, gogotik harritzea:
It must be love, love, love
It must be love, love, love
Nothing more, nothing less
Love is the best
How can it be that we can
Say so much without words?
Bless you and bless me
Bless the bees
And the birds
I've got to be near you
Every night, every day
I couldn't be happy
Any other way
Orain bai, ez dakit ni zer dela eta txunditzen naizen, zergatik nire semea gutxiesten dudan, mutiko guztiak beharbada. Izan ere, kanta hori izugarri gustatu zitzaidan niri ere mutikotan, etengabean entzun ohi bainuen bolada luze batez, belarri zein aho puntan beti prest, nerabezaroko noizean behingo bizipozaren seinale edo, batez ere orduko musika hipersupermegakonprometitu, zurrun eta goibelera aldatu baino lehen edo, hau da, saxofoi gabeko musikara.
Edonolare, zorionez, gaur egun saxofoia joka ari da ia etengabean gure etxe honetan, batez ere jazza eguneroko lagun dudala, zurruna eta goibela den oro uxatzeko ezin aproposagoa, ia ezinbestekoa, baita gure bi semeak gaur egungo arriskuetatik ere. Eta bai, rap eta reguettoitik ari naiz. Oraingoz behintzat ondo goazelakoan nago, nagusia gitarrero amorratua dugu eta txikiak pianora itzuli nahi duela esan zidan atzo, "gehiegitxo" bazekiela esanez bazter utzi baitzuen duela bizpahiru urte.




Hurkoaren epaia
Gupidaren txarrantxa
Barkaziorik ez



Ciberlukurreru zein edozein beste modutako iruzurgile gorrotagarriok.

Ez, ez dut inolako maileguren premiarik, oraingoz ez behintzat, eta noizbaiten baldin banu ez nuke sekula zuenganako joko, ezta txoratuta ere. Egia esanda, eta maitasun eta osasunez gainezka nagoenez, ez dut aparteko premia handirik, ez baldin bada nire liburutxo petralak behar bezala argitaratzeko zein saltzeko taxuzko argitaletxe batez; baina, jakina, hemen maileguez ari gara, ez mirakuluez. Gauzak horrela, jakinarazi nahi dut diru-mailegurik, baita sexu basati edo zoroa ere (besteak beste nire gauzatxoetarako denbora asko kentzen didalako), eskaintzen didaten guztiak ezabatuko, blokeatuko ditudala ziplo. Hala bedi.

Comentarios

Entradas populares