domingo, 18 de julio de 2010
GIZALEGEARI GORAZARRERIK EZ
Banuen gogoa Patxi Baztarrikak idatzitako BABELI GORAZARRE saiakera liburuari iruzkinik egiteko, baina nola edo hala beti atzeratu egin dut euskararen inguruko gauzetaz nahiko aspertuta bainabil aspaldi honetan. Atzo, ordea, izan nuen behin berriro erabat nekatu/aspertzen nauen bizipen bat, joan ginen T-ren lagun batzuenera bazkaltzera, Cudillero aldeko kostaldetik berrehun kilometro ingurura dagoen herrixka moñoño batera, alderdi ikaragarri ederra, zeru goienean hodei ilun eta urrun batzuk eta hozkirria azalean baina hala eta guztiz ere bapo-bapo jan eta edanez, eta bazkalostean geundela, etxaunak niri galdezka, aizu, zu euskalduna zara, ezta?, baietz ba, ba orduan jakizu potroetaraino nagoela zuetaz, bai jauna, euskaldunak begitan zituela, ezin gintuela pairatu munduko jendilaje ezin maltzur, uzkur eta insolidarioagoak ginelako. Guzti-guztiak?, itaundu egin nion, noski, eta berak, jakina ezetz, abertzaleak batik bat, betiere bereziak, apartak, nazio direla etengabe aldarrikatu ohi dituztenak, Espainiako gobernua orain dela hogei urte inguru nola edo hala baldintzatzen dutenak, foru pribilegio zentzugabeko batzuei eutsita behar bezalako diruxka ematen ez dutenak, euren buruak lehen mailako hiritartzat hartzen dituztenak, gainontzeko euskal hiritarrei euskara kosta ahala kosta inposatzen dietenak, Espainiako legea zein konstituzio sakratua aintzakotzat hartzen ez dutenak, EHko espainaltasunaren aldekoak akuilatu zein indarrez atzerrira botatzen dituztenak eta halakoak hurrenez hurren.
Nik ez nuen inolako gogorik halako saltsa benetan lodian sartzeko, ez dut izaten aspaltik, gaiak ikaragarri aspertzen nau-eta, eta gainera badakit hizpidera ekarrita oso irteera zaila izango duela. Esan bezala gertatu egin zen, ez dakit zenbagarrenez eskatu nuen faborez gaia alde batera uzteko, baina tira ba, dena alperrik, atzerrian bizi naizela, etengabe eta batez ere nahigabe delako gaia mahai gainean jartzen didate desafio moduan. Esan berri dudanez nik hasiera batean muzin egin ohi nion erronkari, baina hala eta guztiz ere gero gehienetan eutsi egin nion halabeharrez, besteak ez baitzuen amore ematen eta nik ez neukan inolako asmorik halako kontu iraingarriak besteri gabe irensteko; isiltzea oso komenigarria omen da mahai inguruan bakea egon dadin, baina ez norberaren ispirituan.
Horrezkero, beraz, ni berriro galdezka, guzti-guztiak horrelakoak al gara?, jakina ezetz, erantzun zidan, denak ez, baina bai foruei eutsi eta euskara nola edo hala inposatu nahi dituzuenok bai. Baina orduan abertzaleak izan ez ezik, gainerako euskal hiritar gehien-gehienak ere begitan dituzu, gehienok foruak zein euskara maite ditugu-eta? Oker geundelako, abertzale gaiztoek engainatu zein manipulatuak, azaldu zidan ingeniari azkarrak, nolabait diferenteak izan nahi genituenok, horixe, diferenteak nahi izatea omen zen geure arazoa, gainontzeko espainar hiritarrak baino hobeak ginelakoan baikeunden, horrexegatik ezin gintuen ikusi ere, horrexegatik ere gutaz potroetaraino zegoen eta nahiago zituen EH Zelanda Berriaren ondoan egotea, zenbat eta urrutiago, gero eta hobeto, hogei urtetan arazoa zein albiste txarrak baino ematen ez bait genituen, eta batez ere, insolidarioak ginelako, gutxiago ordaintzen genuelako eta gainera kontzertu ekonomikoa tresna guztiz deitora/eskandalagarria genuelako gainontzeko esapiniarren kalte zein lotsarako.
Betiko leloak, bai, behin eta berriro edonon eta edonoiz entzundakoak, egiaren parte handi bat daukatenak ere, aitortu beharrean nago, egia baita E.H.k ez duela behar bezala laguntzen gainontzeko komunitateen aldean, areago, konpetentzia benetan laidogarria egiten diela auzoko komunitateei enpresen zergen kontura edo. Konponbidea, ordea, kontzertuak zein gainerako foru eskubideak behin betiko ezabatzea zuen asturiar ingeniari azkarrak, denok berdin berdin Espainian nik ez baititu ordaintzen nire zergak euskotar baino gutxiago izateko... Saiatu egin nintzen esaten bidegabekeriok nik ere arbuiatzen nituela, denok ontzi berean geunden aldetik berdin ekarri behar geniola estatuko kutxari eta antzerako zurikeriak. Harrezkero ni bai nengoela potroetaraino, zeharo gogait egina, hizpide hura gogoko ez izateaz gain bere etxean gonbidatuta nengoen aldetik ez baineritzon oso gizalegezkoa halakoak botatzea apenas ezagun duzun bati, kontsorte hutsa. Hark, ordea, ekin zion bereari, Espaina bakarra eta denok zapata beraren gainean bizi behar genuela gaineratuz, hau da, inolako ustezko pribilegio barik, beraz egokiena Frantzian bezala, departamentuka banandu eta guztiok berdin berdin jakobinismoaren esanetara.
Erantzun egin nion zeharo nazkatuta hori horrela izanda euskaldun eta katalan gehienok Espainaren parte izateari uko egingo ziotela, euren eskubideak errespetatu edo onartzen ez zituen estatu batean irauteak ez baitzuen zentzu handirik. Berari bost axola, Espainian egon bitartean estatuari men egin ala bestela akabo, eskubiderik ez, makila besterik ez baigenuen merezi gainontzekoen gainetik bizi nahi izateagatik. Nazkatuta zegoen euskaldunetaz, gorroto bizia zien euskal abertzaleei eta ezin zuen ulertu nola eta zer dela eta eutsi nahi genion euskera bezalako hizkuntza kaskar bati, gure kultura gehienbat atzeratuari, dirua eta denbora alperrik galtzea besterik ez zitzaiola begitantzen, batez ere ingelesari ekin beharrean, beti atzera begira ari ginela, egia ustelez zein gezur borobilez josita eta gainera zapaltzen genuela gure herrian bizi nahi zuen gizakume oro euskaraz ikastera behartuta baitziren bere semealabak.
Betiko leloak, egia erdiak erdi ustel, eztabaidaka egin nahi baina ondokoak ezin, gorrotoa eta gezurra batera eta gainera, gutxi bailitzan, zer edo zer gaineratzen, zehazten edo zuzentzen saitu orduko berak niri trufaka are nazkagarriagoak ziren lelo gehiagorekin. Ederto ba, gonbidatzen nauzu, ez dut zurekin eztabaidaka egin nahi behar bezala ezagutzen ez zaitudalako eta hala eta guztiz ere zuri bost, baina saiatzen naizean, nire egial botatzen saiatutatakoan ez dizkidazu aintzat hartzen eta gainera burlaka ez zaizkizulako gustatzen, ez dira entzun nahi dituzunak, zure argudioetarako komeni zaizkizunak bakar bakarrik kontuan hartzen dituzu, gainerakoak gezurrak ala okerrak dira, baina hauek ezesteko modurik ez, ez baituzu hizpide duzun ezer behar bezala ezagutzen, kanpotik bakarrik hitzegiten duzu, batez ere gorrototik, ezinikusitik, eta nik gainera men egin behar dut nire bikotea nirekin gainera haserre ez dadin, primerakoa, ederra.
Banuen beraz Patxi Baztarrikaren liburuari iruzkin egiteko asmo bizia, liburua asko gustatu baitzait, oso gomendagarria deritzot, asmo onez josita dago eta hala eta guztiz ere gehienak gauzagarriak, gure herkideen borondatea eskuratzen dugun neurrian bederen, zeren ezin da ezer inposatu edo behartu, konbentzitu bai, badugu eskubide osoa nahi adina gizakume euskararen mundura gehitzeko, gaineratzeko, baliabideak aldiz eztabaidagarriak izan daitezke, baina inola ere ez gure eskubidea euskarari eusteko.
Berriro dio, banuen iruzkin luze eta gogoetatsua egiteko gogoa, baina zertarako ote. Botatzen ditu borobilak bere liburuan, oso ariketa ederra omen da euskara eta bere inguru mingurua ezagun eta duin egiteko, azaltzen dizkigu primeran gure hizkuntzaren aje soziokulturakak zein azke urteotako aurrerapen ikaragarri positiboak zein txalogarriak proposatzen dizkigu ere bide ezin zuzenagoak aurrera egiteko, euskarak plazara behin jalgia eutsi egin ziezaion etorkizunari, eta batez ere erakusten digu ondo baino hobeto zein den euskararen benetako biziraupenerako bide ia bakarra, sarri baino gehiagotan entzun edota kantatutakoa, Gandiaga dixit:
"Hemen
euskaraz ez dakienak
berak jakingo du
zergatik ez dakien.
Baina hemen
euskaraz ez dakienak
ez digu uzten
euskaraz egiten.
Baina eta hemen
euskaraz jakin arren
euskaraz mintzatzen
ez denak ere
ez digu uzten
euskaraz egiten."
Patxik ez du ezer berririk asmatu, Patxik gakoa gogorazi digu, bidea erakutsi, gure neurriaren alde onak zein txarrak ere bai.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario