martes, 27 de julio de 2010

ALBERT SPEEREN EZPALEKOA


Ez dira, ez, ETAkideak oso zaleak euren gauzetaz inolako azalpenak ematera ez baldin badira konsignak-eta. Asier Aranguren Urrozen kasuan ordea oso diferentea omen da. Tipoak oso berbajario ederra du, oso ondo moldatzen da bere ikastolako euskara garbian bere gauza personal zein politikoetaz hitz eta pitz egiteko. Hori dela eta, BERRIAren webean azaltzen den bideo batean elkarrizketa ezin mamitsu edo adierazgarriago bat eskeintzen digu Iruñako gartzelatik irten eta gero, barruan zortzi urte bete berriak.

Bere etxekoez ari delarik euren senitartekoek pairatutakoa gogorazten digu gartzelera sartu zenez geroztik. Aita bihotzekoak jota hil zitzaion, eta berak ez du inolako dudarik bere egoera "berezia"ren errua izan dela neurri handi batean. Baina ez da harritzen, berak dioenez familia ez dute inoiz inolako transiziorik ezagutu, ez aitatxiak, ez aitak, ez eta berak eta bere anai-arrabek ere. Betidanik borrokan egon direla aitortzen du Espainiako zein Frantziako estatuekiko. Alde horretatik gartzelaldia borrokaren aje bat baino ez zaio begitantzen, eta gutxi balitz bezala, gertu dago borroka honek oraindio eragin diezazkiokeen antzerako hamaika ezusteko edo ezbehar jasateko ere bai.

Asier borrokalari peto-petoa dugu, guk denok ondotxo dakigun borroka krudel eta batez ere alper batekoa, borroka hau dela medio bere aldekoak aintzakotzat hartzen ditu bakar-bakarrik, horregatik kontatzen dizkigu zorrotz, luze eta sakon Estatuaren aldetik bere jendearen kontra, hau, presokideen kontra, aurrera daraman politikaren nondik-norakoak, nola saiatzen ari den delako kolektiboa ahultzen, zatikatzen edo orohar bortizkeriari agur esan diezaion mota guztietako estrategia edo, bere ustez, azpikojoak. Aranguren preso ohiak oso garbi du espetxe politika horrek ezker abertzalearen kalterako dela, gainera konprenitzen ditu politto zenbait presokideren motiboak edo aukerak borrokari amore emateko, berak dioenez nork bere arrazoiak ditu eta guzti-guztiak ulergarriak baina ez onargarriak omen dira. Asierrek ordea ez du dudarik, ez du inoiz amore emango, areago, bi estatu etsaien kontrako edozein baliabide edo zilegitzat hartzen du, oso bestelakoa da lehen bezain eraginkorrak edo diren ala ez, hori ikustekoa da, baina horregatik bakarrik, eraginaren arabera, ez dio inoiz erreparatzen bere Erakundeak eragindako minari, bera bezalako "borrokalari sutsuek" sortutako biktimenari. Noski ezetz, bost axola dio komandoan egondako garaia oso gogoangarritzat duen astapotro finari, zertarako ote, etsaiak ziren edo alboko kateak, ez besterik.

Asier Aranguren Urroz nafarra oso tipo azkarra da, oso hizlari fina, nabarmen zaio ondo baino hobeto ikasia dagoela eta baduela xarma berezi bat, karisma agian, bere "egiak" txukun-txukun edota dotore-dotore botatzeko, gainontzekoei nola edo hora sinestaraztearren. Asier ortodoxo porrokatua dugu. Eta horrexegatik ere Asier oso tipo arriskutsua da, ia denok gogoan ditugun etakide kaskamotz edo kankaiku hutsen aldean oso bestelakoa delako. Niri behintzat begitantzen zait bere garaian guztiz ikasiak, gizalegetsuak, dotoreak eta agian ere sentiberak ziren Albert Speer arkitektoa bezalako naziak. Azken hau Hitleren guda ministrari kuttuna izan zen, eta gutxienez bere nagusiaren erabateko porrota argi eta garbi ikusi arte, zintzo zein eraginkorrenetariko bat ere bai.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...