Gaur bezalako egun batean Miguel Angel Blanco bahitu zuten eta gero gerokoa. Nik aspaldi idatzi nuen honen kontura ipuin luze bat, antzerako beste ipuin batzuekin batera tiradera digital batean gordeta/gogait eginda dudan liburu bat osatzen duena. Bada gaur bezalako egun bat ere aukera ezin aproposagoa delako ipuina nire blogean behintzat plazaratzeko, bestela inork inoiz irakurriko ez duelakoan bainago.
URTE HARTAKO SANFERMINAK
Ezin dut esan
Keparen deiak harritu ez nauenik. Izugarri, gainera, badira bi urtebete elkar
ikusi ez dugula Izki aldean foru basozain lanpostu bat lortu zuenez geroztik
Murgiako basogintza eskolatik irten eta hilabete gutxira. Harrezkero Kepa
mendian zehar ibiltzen omen da etengabean. Ez du astirik hiriko koadrilakoekin
ibiltzeko. Hori zen aitzakia behintzat gurekin ez egoteko. Mendialdeko herrixka
batean basetxe bat alokatu eta bertan hainbat egokitze lan egin behar zuela
medio. Ezin zen hiriraino hurreratu inorekin topatzeko asmotan, ez eta hitz
asperturik ere egiteko garagardo banaren ondoan; “Zatozte gura duzuenean nire
basetxera, txoko eder bat atontzen ari naiz afaritarako”. Behin baino ez gara
joan Keparen Okerruriko etxeraino. Primeran igaro genuen, beharko. Izan ere,
Kepak egundoko afaria prestatu zigun gau hartan: inguruko artzain lagun batek
saldutako arkume majo errea, Maeztuko odoloste erreak, baita bere amak urtero
poteratzen dituen piper erreak ere, eta jakina, bere Eskideko osaba batek
oparitu edo saldu ohi dion urteko ardo goxo-goxoa, gu bezalako mozkorrontziak
asebete adinakoa behintzat. Esan bezala, lagun giroan bapo jan eta edan, nor
bere gauzez kontu kontari, denok betiko lelo aspergarrien kontura edota
etengabean elkarri adar joka eman genuen gaua betiko lez. Okerrena, aldiz,
Okerruritik etxera bueltatzerakoan mendialdeko errepide mehar eta malkar
haietan barrena, benetan gogorra ia denok aitzur galanta generamalako, baita
ustez zurrutean gutxien egindako gidaria ere. Zin egin genion Kepari bere
etxera beste behin itzuliko ez ginena ez baldin bazen perretxikotan joateko
edo. Hala ere, bera parrandan ibiltzeko irrikan izan ezkero, gurekin hiriko
betiko mozkor-guneetara etor zedila agindu egin genion serio demonio. Orduz
geroztik badago koadrilako baten batek Kepa hirian bertan noizbait ezustean edo
topatu duena auskalo zeren bila edo diputazioan gestio bat egitera etorria zela
bere basetxerako. Eta itzuli, oraintsu itzuli egin zen Okerrurira koadrilako
beste bat bere neskarekin bisita egitera, hau da, hirira itzultzeko asmotan
ilundu aurretik. Kontatu zigutenez Kepa omen zegoen nahiko basatua, hau da,
mendiko bizimodura erabat moldatua. Basajaun peto-petoa, esan zidan nire
koadrilakoaren emaztegaiak; baina, jakina, nire lagunaren neska mizkin bezain
harro horri ia gu denok basajaunen modukoak begitantzen gatzaizkio hiritik
irteteke. Bestalde, marisorgin honek berak esan zigun Kepa Kanpezu herriko
neska batekin tratutan zebilela; ez zen, beraz, batere harritzekoa Kepak
gurekin parrandan ibiltzeko gogorik ez izatea, non hobeto bere neskaren altzoan
baino, ebatzi zuen guk denok gorroto bizia diogun neska pertxenta handiusteko
hark; bai, bere moduko tipa batekin elkartu da zuen lagun borroka hori…”
Horrenbestez, Kepa behin betiko bere gustuko maripurtzil etarroide haragizale
aseezin baten harrapatzetan jausi zelakoan nengoelako, harri eta belarri utzi
egin ninduen hots egin zidanean ea aurten ere Sanferminetara joateko asmoa
genuen jakin nahian.
-Iratxe bere lagunekin Pirinio aldera joan duk oporretan
– azaldu zidan Kepak koadrilako beste lagun horren emaztegai gorrotagarriak
esandakoa ziplo egiaztatuz-, bakarrik utzi naik eta pentsatu diat; zer dela eta
ez deitu bihar Mikeli elkarren berri jakiteko asmotan. Baiona alderaino joan
gintezkek goizean.
Zer dela eta Baiona alderaino? Kepa sekula joana ez
zelako eta zapatu goiza aprobetxatu nahi zuen hiria ezagutzeko, arrastian Iruñera
joan baino lehenago.
-Ondo ba, nire kotxez joango gaituk, badiat gogoa, bai,
Iparralderaino txango bat egiteko; ezin asmatu zein nazkatuta nagoen
fakultateaz eta lanaz – azaldu diot Kepari nolabaiteko aitzakia bat asmatuz
nahian.
Hori guztiori hizpidera ekarri nahi nuen Keparekin.
Horrenbestez, goizeko bederatzietan haren gurasoen etxera jo nuen bere bila.
-Atera nazak hemendik lehenbailehen, gau bakarra pasatu
diat nire gurasoenean eta banagok kopetaraino.
Epelak bota zituen Kepak nire kotxera igo orduko bere
gurasoen kontura.
-Gezurra ematen baldin baduk, oraindik ez dituk gauza nik
haututako bizimodua onartzeko – muzin egin du Kepak-. Mendian basajaunen modura
ibiltzea ez dela bizimodurik ez baldin baduk zerbait eta norbaitengandik
ezkutatzeko, bota egin zidaan nire ama laztan goxo horrek atzo bertan, hori eta
hezi ez nindutela gure aitona-amonak bezalako baserritar bihurtu nendin.
Lasaitzeko esan diot, gurasoak guraso, denok badakigu, ez
dira sekula santan gure erabakiekin pozik, ase, ez dira inoiz izango, ezin dira
egon gainera, gugan jarritako egitasmoek zein itxaropenek gutxitan bat egin ohi
baitute guk geuk koskortu ahala gauzatutakoekin, bizilegea ei da.
-Ikaragarria duk nola berotzen didaten kasketa. Eta ez
baldin duk euren etxera bisitan joaten naizen aldiro, bada telefonoz ere ia
egunero, ea noiz itzultzen naizen hirira behar bezalako lanpostu bat bilatzeko
edo – esan du Kepak kexu-. Baina, tira, zuzen hago, ez dituk sekula kontent
izango, betiere asmatuko diate zer edo zer leporatzeko, euren gurasotasunari
zor baliote bezala edo.
-Edonola ere, utz itzak kontuok alde batera, larunbata
duk, gaur gauean parrandan ibiliko gaituk Sanferminetan aspaldiko partez.
-Bai, aspaldiko partez, koadrila osoa edo kasik, ez al
duk hala?
-Ez zakiat, Rober, Jon eta Txerra gutxienez bai, fijo, ez
dakidana neskak ere joango diren, ez diat uste.
-Berdin zaidak, hara joan baino lehen hirekin egon nahi
nian eta.
-Zer dela eta?
-Aspaldi elkarri hitzik egiten ez geniolako. Zer bestela?
-Jakina, mendira alde egin huen bizitzera, nola nahi duk…
-Ez duk hori, hik badakik behin baino gehiagotan hirira
bueltatzen naizela auskalo zeren kontrako manifestazioren bat dagonenean, baina
orduan ere ez haut inoiz ikusten.
-Eta ez nauk ikusiko – moztu diot kotxe barruan zerbaitek
plaust egin balu bezala-. Utzi egin zioat inolako manifa edo kontzentraziora
joateari.
-Hain lanpetuta al hago fakultateko ikasketekin edo hire
aitaren dendako lanarekin?
-Ez duk hori, paso egiten diat politikaz.
-Noiztik?
Keparen galderaren
aurrean aiko-maiko geratu naiz, ondo asko dakidalako gogoan dudana
erantzutekotan berebiziko liskarra izan genezakeena betiko leloaren kontura. Hortaz,
ez dut nahi goiza zapuztea muga gainditu baino lehenago. Alabaina, atzodanik
irrati zein telebistari adi-adi egon naiz eta ezin izan diot nire egonarriari
eutsi.
-Ez al duk aditu Ermua aldean bahitu zuten
zinegotziarena?
-Bai noski, nola ezer ez entzun hedabide guztiak
atzodanik ari baldin badituk Ermuko zinegotziaren bahiketaren berri ematen
etengabean.
-Bazirudik ETAk Gobernuari berrogeita zortzi orduko epea
eman diola euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzeko. Bestela…
-Bai, oraingoan gogorregi jo diate, ez zakiat nik…
Nik ere ez nekien
ezer. Areago, ez nuen ezer igarri nahi. Zertarako, elkarri mokoka bukatzeko
betiko lez, hau da, oraindik orain ia astebururo ohiko genuen bezala gure herri
alu honetako gaurkotasun iskanbilatsuaren kontura. Ondo asko elkar ezagutzen
genuen, oso txikitandik gainera, ez genuen, beraz, elkarrendako sekreturik.
Kepak bazekien urteak pasa ahala nire institutu garaietako abertzaletasun
suharra ezari-ezarian epeltzen joan zitzaidana, askori gertatu bezala –bere
hitzetan ni bezalako ustezko “entzungor” gehienon kasu tamalgarria-, eta jakin,
jakin beharrean zegoen ere epeltasun horren egiazko zioa, bere “lagunen”
ekintza zentzugabe, errukigabe eta batez ere alferrikakoekin zeharo lotuta
zegoela. Ez zuen inolako zentzurik, kotxez Iruñera bidean gindoazela, ETAren
atzeneko bidegabekeria estakuru eztabaidaka hasteak, arriskutsuegia izan
zitekeen gainera, Altsasuko
bidegurutzera heldutakoan Kepak aholkatu baitit Leizaran autobiatik saihesteko,
hau da, batere ezezaguna zaidan errepidetik, kinka betiere larria ni bezalako
gidari baldar batentzat. Bai jaun-andreok, Leizaran autobiaren eraikuntzaren
kontra jo eta su – ausaz literalki ere - jardun egin zuenak berak, mugalderaino
arin eta lasaiago iritsi ahal izateko komeni zitzaigunaren aitzakiaz hain
zuzen, trafiko gutxiago zegoen eta.
-Nik uste konponbidea Gobernuaren eskuetan dagoela.
Norenean bestela, ez nuen besterik espero Keparengandik.
Orduan, zer dela eta ekin inora eramango ez gintuen hizpide bati, ez baldin
bazen, noski, Leizaran inguruko amildegiren batean behera.
-Hik badakik nik guztiz kontrakoa uste diadala, mutiko
hori akabatzen baldin badiate errua asasinoena izango duk, ez beste inorena.
Eta hori behin
esanda, hots, nik azken hitza bota eta gero, egoskorretan egoskorra, noski,
Gasteiztik irten ginenez geroztik Ermuko zinegotziaren bahiketari buruzko
etengabeko albisteak eta botaka ari zen irrati katea aldatu egin nuen musika
bila, badaezpada.
-Errua, bai, errua…
Hobe dugu, bai, irrati kateaz aldatzea musika bila.
Musikak bizia alaitzen du, gu ere lasaitzen gaitu, alafede. Horrexegatik ere
musikak oso bestelako gauzak hizpidera ekartzeko parada eskaintzen digu, gauza
betiere atseginagoak. Kanpezuko neskaz galdetu diot Kepari. Bera nire
galderaren zain omen zegoen, jakina.
-Azkenean ahaztu duk Elena?
Ez dut asmatu galderarekin, alderantziz, nik uste hanka
sartu dudala ustekabean. Ez dakidana, ordea, Kepak noraino ulertuko duen ez
nuela inolako asmorik berari halako ziri bat sartzeko urtetan maitatu eta beti
azak eman zizkion koadrilako neskato baten kontura.
-Hoa popatik hartzera! – erantzun dit Kepak tupustean,
baina zorionez irribarre zabal batez nire adar jotzeak batere mindu ez duela
adierazi nahian edo, baita broma hustzat hartzen duena ere- Zer uste duk,
tontoa nauala edo? Bazakiat zuek denok ni mendialdera Elena ahaztearren joan
nintzelakoan zaudetena.
Bere Okerruriko
bizimodua hizpide dugu Behobiako mugara iritsi arte, hau da, Keparen txikitako
mendizaletasunaz hitz eta pitz ari da basozaina koadrilako gehienok ihesbide
hutsa dena nola edo hala zuritzeko asmotan. Orduan, Iparraldera, Frantziara
halabeharrez, sartu orduko Kepak nire gauzen kontura galdera egiteko txanda
hartzen du.
-Hik ez duk problemarik izango frantsesez moldatzeko
Baionan, ezta?
Azaldu berri
dizkiot goizetan lan egiten dudaneko import-export enpresaren gorabeherak, hau
da, ingeles filologia bukatu orduko nire osabak eskaini zidan administrari
lanpostua ingelesa zein frantsesa ezin hobeto menperatzen ditudalakoan, hau da,
txikitandik ikasitako bi hizkuntzak, bata hainbat akademiatan jasoa eta bestea
frantseseko katedradun dudan izeko batek akuilatuta txikitandik ere Oloron
inguruko familia baten etxera uztailero joandakoan. Azaldu diot ere behar adina
diru bildu orduko Irlanda aldera joango naizela pare bat urtez nire ingelesa
hobetze aldera. Hori da nire egitasmo handi edo bakarra datozen urteetarako,
gainerako guztiak ez dit axola askotxo.
-Ikusten, hik ere ihes egin nahi duk hire amodioaren
zauriak sendatzearren... Badakit, ederto
gainera, zertaz edo nortaz ari den, bai noski, bere kolpea itzultzeko modua
dela bezainbeste.
-Aparkatuko al diagu Baiona Tipiaren ingurumarietan?
-Saiatuko gaituk behintzat.
Alperrik, ez dago non aparkatu, nola bestela gero eta
leku gutxiago baldin badago hiriaren erdiguneraino gerturatu ahala, libre ematen
duten leku eskasak bertakoendako erreserbaturik azaltzen baldin bazaizkigu.
-Hortxe duk aparkatzeko lekua, ibaiaren ondoan.
Ezer egin aurretik
galdetu egin nahi diet Kepak erakutsitako lekuan bidezkoendako propio edo
bakarrik ote zen Errobi ibaiaren ondoko pasealekuko banku batean eserita hitz
eta pitz ari diren bi agureri. Kosta egin zait bi agureek ulertzea, batez ere
okertu naizelako haiei frantsesez zuzendu natzaienean – ez naiz euskaraz
egitera ausartu, inolako euskal jiterik antzeman ez diedalako, edo bestela
esanda, txapela inon ikusi ez diedalako, aurreiritziak beti nagusi, noski…-, garer hitza erabili beharrean
aho-puntara etorri zaidan aurrenekoa hain arrunta ez den parquer hitza izan delako, gaztelerakada hutsa. Bistan dago, edo
agian hobeto esanda belarrian, zer-nolako herdoildua dudan frantsesa. Areago
zer nolako zurikeria asmatu dudan nire ahoskera traketsarena nolabait ez
aitortzeko.
-Ezetz, ezin dela erantzun didate – azaldu diot Kepari-,
ondoko iragarki horiek argi eta garbi ziotek bertakoek bakarrik dutela bertan
aparkatzeko.
-Zergatik ez diek euskaraz egin, niri frantsesez zer ondo
moldatzen haizen erakusteko edo? – galdetu dit Kepak bere irririk okerrenez.
-Hik uste al duk bi agureok euskaraz zekitenik?
-Ez zakiat ba, baina hik badakik: Euskal Herrian
euskaraz.
-Bai jauna, ni horrekin bat natorrek zeharo. Baina, zer
da
Euskal Herria, euskaraz egiten duen herria, euskaraz egin duena edo zuek
abertzale sutsu eta zintzoek nahi duzuen herria? – baliteke lehenengo aldiz
urte askotan Kepari nire abertzaletasunarekiko etsiaren berri argi eta garbi
erakutsi izana.
-Baiona tipiko taberna abertzaleetan frantsesez ere
egingo duk?
-Hik uste duk gaur egunik aproposena dela halako
tabernetara joateko? –eta azken hau, noski, bertako “eskualdunek”, tartean
abertzale anitzek ere bai, euskaraz ia inoiz egiten ez dutela ez esatearren.
-Ba ez, zuzen hago hi – Kepak irribarre luze eta maltzur
bat dit opari - ez diat uste gero arratsaldean Sanferminetara joatekotan, hobe
diagu geure indarrak gaueko parrandarako osorik gordetzea.
-Hik badakik zer esan nahi nian.
-Bai, motel, ez duala etarrez josita omen dauden
tabernetara sartu nahi – Kepak eskaini dit bete betiko irribarre makurra, ni
zer-nolako tipo epela naizen gogoratzen didana.
-Berdin zidak GALekoek bost errefuxiatu garbitu zituzten Batxoki tabernara banaraman, berdin
zidak gaur gure moduko gazte errugabe bat bahituta ez balego ETAkoek bera
hiltzeko ala ez berrogeita zortzi orduko epea eman eta gero.
-Tira, Martin, niri ere ez zidak inolako graziarik egiten
halako gauzak gure herrian gertatzeak. Nik ez diat nahi inork PPko zinegotzi
hori akaba zezan; baina, hik heuk aitatu dituk lehen GALekoek akabatu zituzten
bost errefuxiatuena. Zer dela eta euskal errefuxiatuak egon behar? Nortzuek eta
zergatik hil zitiztean? Ez al gaudek intentsitate gutxiko gerra batean?
-Ez, Kepa, ez gaudek gerran, hik hainbeste estimatzen
dituanak beraiek ez bezala pentsatzen duen ororekin gerran zeudek,
gainontzekoak ez.
-Ikusten? Azken buruan zuek bezalako “gor damutuek”
boterearen diskurtsoa irentsi egin duzue oso-osorik, Euskal Herriko
askatasunaren aldeko mugimenduaren aldarrikapenak kolokan jartzen dituena ezin
hobeto zuenganatu duzue.
-Gu? Zeintzuk gaituk gu? – atoan jabetu naiz Kepak bere
betiko leloez harrapatu nahi nauela errietan egiteko-. Aizak, uztak hori alde
batera eta goazemak paseatzera, ez diat inolako gogorik betikoaren kontura
eztabaidaka hasteko.
-Hik atera duk gaia…
Bertan behera utzi dugu gaia, bai, auskalo noiz arte,
biok ondo asko baitakigu gure arteko zuloa gero eta sakonagoa dela, halako
gaiok nola edo hala baztertu beharrean gaudela elkarrekin ondo konpontze
aldera, bestela oso zaila litzatekeela gure txikitako adiskidetasun zintzo honi
eustea. Horrenbestez, kotxea General de
Gaulle parkingen barruan laga eta gero, Baiona Tipirantz jo egin dugu zinez
ederrak diren karriketan zehar galtzeko asmotan. Hiribildu tipi bezain
xarmanta, zenbait lekutan liluratzeraino ere hein handi batean etxaurretako
zureria zein leiho-tapen kolore biziei esker. Karrika meharretan barna goaz
Grimm anaien ipuinetatik ateratako hainbat pasarte gogora ekarriz hiriaren
frantses eite dotoreak halaxe iradokitzen baitigu. Lehen ere egona naiz
Baionan, jaietan, hiria txuri-gorriz janzten denean nolabait esateko,
Sanferminen eskarnio izan nahi duenean, klixez betetzen denean zezenketak buru.
Oraingo hiri lasai eta erdi huts hau guztiz nahiago dut bere frantses xarma
probintziano peto-petoaz, jaietan eraldatzen den makro-mozkortegia baino. Orbe
karrikara heldu gara, ezin ez erreparatu dendetako erakusleihoetan, ezin ezetz
esan ere Frantzian ez gaudenik. “Jabetu al haiz zenbat ile-apaindegi dagoen?”,
komentatu diot Kepari alperrik. Taberna batera sartzeko eskatzen dit. Egarriak
dago, agian ni bezainbeste, baina nolabait eta auskalo zer dela eta bera
izorratzeko gogo handia dut, beraz, katedrala ikustea proposatu diot.
-Ez al diagu ezer bazkalduko? – galdetu dit Kepa egarri
bezain gose batek.
-Noski baietz, baina hik badakik, Frantzian gaudek – eta
hau esanda badakit nik ere zer nolako minsorra eragiten diodan nire adiskide
abertzale suharrari-, hemen jatetxeak ikaragarri garestiak dituk, eta nik
nahiago diat ekarri ditudan sos apurrak Sanferminetan xahutu.
-Ez al diagu deus ere jango gauera arte? – oihu egin du
Kepa gose gaixoak.
-Har genitzakek panini batzuk, gero Place de la Libertéko iturri handiaren ondoan eserita lasai asko
jateko.
-Nahi duana baina nik zer edo zer jan behar diat.
-Nik ere bai; baina, lehenengo eta behin katedralari
bisita egin behar zioagu.
Bazen aspaldi hain
ogitarteko bero eta goxoak jaten ez nituela. Bai ideia ona pizzen modura
labeletik zuzen-zuzen aterata zerbitzatzea, ogia ezin da egon xamurragorik,
krokanteagorik. Ea noizko Hegoaldean ere hauek bezalako panini gozoak salgai. Bai,
erantzun dit Kepak, ea noizko, honek ez du parekorik gero sanferminetan gau
erdi aldera ziur asko jango ditugun magras
con tomate bokatekin. Ez, inondik ez, gose ginen, horrek agian lausotzen
gaitu bazkaldu bitartean uztaileko eguzkiaren bero sapapean. Goazen ba, kafesne
bana hartzera! Proposatu diot nire lagunari. Berak, aldiz, Biarritzeraino
arrimatu nahiago duela esan dit, izozki bati miazka egiteko hondartzan zehar
mantso-mantso paseatu bitartean.
Ikaragarri ondo pasatu dut Keparekin, aspaldi ez bezala.
Beldurrak nengoen bai, biok bakarrik geundela denbora asko zelako, gainera beti
beste batzuek lagunduta, babestuta, elkarri ezer desegokirik, larririk esateko
aukera gabe, betiere koadrilaren magalpean: “zer, berriro eztabaidaka
betikoaren kontura? Lagunartean gaude, parranda, zuek ez izorratu, eh!”.
Aspaldi ez genion Kepa eta biok elkarri berba egiten, badaezpada bai,
politikaren kontura izandako hika-mikak berriz irizpidera ez ekartzeko
gainontzekoen aurrean, baita ETAren atentatuen gainera bota egin ohi nizkion
hitz gordinak gogora ez ekartzeko ere, amorrazioz eta destainaz blai
baitzeuden. Gaur, ordea, ozta-ozta denetarik hitz aspertuak egiteko behar beste
denbora izan dugu, nork bere gorabeherez eta biok elkarren lagun edo ezagun
ditugunez. Ozta-ozta esan dut banatzen gaituen gai ustela alde batera utzi egin
dugu oharkabean Biarritzeko hondartzan zehar elkarri kontu kontari eta bertan
egiten dituzten izozki izugarri koipetsu eta goxo haiei –Frantzia aldean
bainilazko edozer itzel estimatzen dut eta- miazka paseatzen ari ginela.
Bagoaz, beraz, Iruña alderantz, koadrilako gainontzekoekin gaueko parrandarako
batzeko asmotan. Bagoaz behin edo elkarri muzinka jarri gintuzten gai petralok
baztertutakoan onezkoak egin bagenitu bezala, bagoaz jai-gose eta irratiaren
laguntzaz ere pozik eta kantari. Orduantxe, Iruñerantz maldan behera goazela
Leizarango autobiatik, Ermuko zinegotziaz akordatu naiz. Zer gertatu ote da?
Jakin-minak eraginda irrati katea aldatu dut ezustean albiste bila.
-… oso egoera
larrian iritsi da Donostiako Arantzazu Ospitalera
Harri eta zur geratu naiz; baina, berehala asmatu egin dut berriaren nondik
norakoa bere osotasunean.
-Sasikumeak,
azkenean tiro egin ziotek
Kepak ez du tutik
ere esan. Ematen du, ordea, ni bezain txunditurik.
-Baina, baina…
oraindio bizirik zegok.
Bekozkoa jarrita horrela bota egin diot Kepari bere
hitzen zentzugabekeria nabarmendu nahi zuen begiratu bat. Badirudi jabetu egin
dela bere hitzek nigan eragindako ondoezaz, besterik gaineratzen ez du eta.
Nire aldetik, aldiz, irratiko dialari ekiten diot gertatutakoaren argibide
zabalago bat helburu.
-Buruan bi tiro desarratu zizkiotek zinegotziari Lasarte
inguruetan.-Bistan zegok Espainiako
Gobernuak men egin ez duela.
Kepari entzun eta
gero Gregorio Ordoñezen hilketaren eguna gogora etorri zait ziplo. Fakultateko
ikasgelan geunden Historia Ekonomikoa ematen zigun Igor irakaslearen zain. ETA
politikoen kontra ekintzak eta burutzen hasia zen. Egun hartan, haatik, guztiz
ezaguna eta terroristen kontra oso nabarmendua zen PPko zinegotzi donostiarra
akabatu zuten. Nik ez nuen gustuko Ordoñez, ulertzen nizkion, berriz, ETAren
kontra egin ohi zituen adierazpenak, ETAren ekintzak gaitzesten zituen gehientsuekin
bat nentorren, noski, bistan baitzegoen ETArena burugabekeria hutsa eta batik
bat zitala, baita defenditzen zituen helburuetarako ere. Hala ere, bazegoen zer
edo zer Ordoñezen diskurtsoan terrorismoa aitzakiatzat hartuta euskal
abertzaletasun mota ororen kontra sumatzen nuena; hau da, nolabait ETAren bortizkeria
eroa euskal abertzale guztien errua bailitzan Euskal Herriaren espainiartasuna
kolokan jarri nahi izateagatik. Eta ni, orduan behintzat tinko gainera, nire
burua oraindik abertzale zintzotzat nuen, bortizkeria mota guztiak
gaitzetsiagatik. Ez nuen Ordoñez atsegin, ez, gainera harroputz handia
begitantzen zitzaidan, nazkante hutsa, den-dena nahasten zuena nahita, apropos,
helburu politiko zehatz batzuekin, eta ez, berak zioen bezala, egiazko argudio
moral edo etikoengatik. Hala ere, haren hilketak harri eta zur utzi ninduen,
asaldatu ere bai. Harrezkero inork ez zuen berarekin eztabaidaka egiteko
aukerarik izango, inork ezingo zion bere gezurren muina agerian utzi. ETAk
martir bat sortu zuen. Hori izan zen garai hartan uste izan nuena, orduan ia
dena nire abertzaletasun nahiko motelaren bahetik pasatzen bainuen. Gaur egun
aitortzen dut Ordoñezen adierazpenei jartzen nizkien erreparoak ETA eta bere
laguntzaileei ematen zien bizigarria izan zitezkeela, haiek behintzat euren
zeregin doilorraren zurigarritzat har zitzaketen. Areago, nik uste egun
hartantxe asmatu nuela nirea bezalako epelkeria moral edo etikoaren tamaina.
Esan bezala, ikasgelan geunden irakaslearen zain, lau katu baino ez ginen
Euskal Adarreko ikastalde hartan, hau da, elkar ezin hobeto ezagutzen genuela.
Egun hartan laurok elkarri tutik esan gabe eguneko albistearen kontura, goiz
hartan gertatutakoa inolako zerikusi edo eraginik ez balu bezala gure
egunerokotasunean. Eta bazuen, noski baietz. Irakaslea iritsi zitzaigun
berandu, ziurrenik fakultateko irakaslerik gazte eta jatorrena, tipo xelebrea,
bai, gutako edonor emango zukeen bere itxuragatik, palestinoa lepo inguruan,
aker-bizarra eta Troskyrenak bezalako betaurrekoak nabarmen-nabarmen. Baina,
oso irakasle burutsu eta gogotsua zen, eskolak emanez oso atsegina eta
ikaragarri zorrotz eta sakona bere iruzkinetan; bazekien ondo asko zuzena eta
okerra bereizten, edo bestela esanda, gizabanakoen bizitza sakratua zelakoan
zegoen sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik.
-Gaur ezin dut eskolarik eman, inola ez gaur gertatutakoa
gertatu eta gero, are gutxiago biktima nire hiriko zinegotzi oso ezagun eta
maitatu bat zen heinean. Nik ez nituen atsegin Ordoñezen salaketa edota iritzi
asko, baina horrek ez nau inondik inora zilegitzen bere heriotza desiratzeko.
Izan ere, noizbait halakorik gogoan hartu banu munstro bat nintzatekeen.
Isilean geratu ginen lau ikasleok gure irakasle zinez
atsekabetuak gelatik alde egin zuen arte. Orduan, ikasgelan laurok bakarrik
geundela, Oiartzun inguruko batek zera bota zuen zapla.
-Bazen garaia kabroi ustel hori behingoz isilarazi
zezaten.
Laurotako inork ez zion ezer erantzun Oiartzungoari.
Elkarri begira geratu ginen behin berriro tutik esateko gogo izpirik gabe,
kafetegirantz ospa egiteko imintzioetan. Ni, aldiz, momentu hartantxe jabetu
nintzen nire gogoa irakaslearekin zegoela, inondik inora ez Oiartzungoarekin
edota gainerakoen ustezko edo ustekabeko ezaxolarekin.
-Bera zuzen dago, bai, inork ez du eskubiderik inori
bizia kentzeko.
Orduz geroztik, noski, nire ikaskideekiko harremanak
nabarmenki epeldu ziren. Sekula ez zidaten tutik ere esan Ordoñezenaz edo
zoritxarrez txitean-pitean suertatzen ziren antzerako bidegabekerien kontura,
jakina. Zertarako? Ikasgelan ia egunero topo egiteaz baino elkar ezagutzen ez
baikenuen, hau da, ikasgelatik irten orduko nor bere bidetik joaten zen, egun
hartakoa baino lehenago noizbehinka ere kafetegira elkarrekin joanagatik. Izan
ere, beti bezala elkarri egiten genion hitz ozta-ozta, hau da, betiko
konfiantza murritz baina txit gizalegezkoaz. Behin bakarrik, ordea, asmatu nuen
bete-betean delako epeltasunaren neurria. Auskalo zein irakasleren eskolari
adi-adi eta beharbada baten bat ere apunte apuntalari, gure ikasgelaren ondoko
aparkalekuan kotxe batek eztanda egin zuen. Itzela izan zen jaso genuen
astindua, dar-dar eta guzti geratu ginen denok sustoak eraginda lipar batez.
Berehala kotxea ere ikasgelako leihotik zehar ikusi ahal izan genuen sutan,
goizero leku berean aparkatzen zuen irakasle batena zen, aspalditik mehatxuak
eta jasotzen zituen irakasle oso ezagun batena, ETA zein euskal
abertzaletasunaren kontrako hainbat artikulu edo liburu idatzitakoa. Hartara, ni berehala aldatu egin nintzen
ikaratik haserrera. “Ez dago eskubiderik”, ez dakit orduan pentsatu baino egin
ez nuen ala aho betean esan nuen. Badakit ondo asko, berriz, nire ikusmira
aparkalekutik baztertu eta ia oharkabean nire ikaskideenganaino abian zihoala
erreparatu orduko euren begiratuetan asmatu egin nituen destaina eta norbaiten
atsegina ere bai.
-Non geratu haiz gainontzekoekin?
Iruñera hurbiltzen ari gara. Orain asmatu behar dugu non
aparkatu, seguruenik gauzarik zailena eta gogaikarriena Sanferminetara
goazenean, ondo asko badakigulako aldez aurretik kotxea erdigunetik hainbat
aparteen utziko duguna, edo esaterako, halakoetan Arrotxapean bertan non
aparkatu topatzea mirakulu hutsa izaten da. Hori dela eta, hau da, denbora
alperrik ez galtzeko aurreko urteetan bezala, Berriozar aldean utzi dugu kotxea
handik Gaztelu Plazaraino oinez joatearren. Urrunegi, bai, baina Berriozar oso
herri edo auzo ziur eta lasaia omen da Sanferminetan. Gaurkoan, gainera,
noizbait eta nonbait lorik egitekotan, alde zaharreko serorategi batera joko
dugu ohe bila iaz egin bezala, Jonen izeko mojak esku zabalik hartu gintuen
eta. Aurten behintzat ezagun gaitu, ez dut uste ohera eraman aurretik gutariko
bakoitzaren biografiaz galdezka jardungo duenik goizeko edozein ordu txiki eta
horditan.
-Non geratu haiz gainontzekoekin?
Enegarrenez egin dit Kepak galdera berbera. Ez diot,
ordea, aintzat hartzen. Elkarrekiko ezin ezerosoago ari gara Ermuko
zinegotziarena irratitik entzun eta gero. Izan ere, irratia itzali nuen
Lekunberri paretik igarotakoan, horrezkero ez diogu elkarri hitz erdirik ere
egin.
-El Kiosko
tabernan geratu nauk Rober, Jon eta Txerranekin – gogoratu egin diot Kepari.
Espero bezala, Sanferminetan Berriozarretik Gaztelu
Plazaraino oinez ibiltzea Baionatik Iruñera autobiatik kotxez joatea baino
askoz luzeago begitandu zaigu eta gainera ia kinkili-kinkala. Atzenean, hau da,
arratsaldean hiriko alde zaharrerantz abiada geldian bezain galduan zihoan
gizaldraren barruan harrapatuta, murgilduta, txertatuta, baita hainbat tarteka
gure ingurukoekin bultzaka zein ukondokada ere, guk atzerriko turistekin
begiramendurik ez, Gaztelu plazaraino heldu gara. Eta espero bezala ere,
eskarmentu handia baitugu aspalditik, Kiosko taberna jendez mukuru dago.
Beldurrak gaude, beraz, Kepa eta biok taberna barrura sartu orduko bezero
aldrarekin ere norabait iristeko lehian berriro ere hasi beharrean egongo
garen. Zorionez, koadrilakoak gure zain
omen daude hortik gertu plazako arkupeko zutarri baten ondoan.
-Zatozte, zatozte hona! – plaza betetzen duen masa
zurigorriaren gainetik bi eskuez keinuka eta oihuka egiten digun Txerran
adiskideari antzeman berri diot.
Txerran, Jon eta Rober esku zabalik hartzen gaituzte,
bizkarrekoekin eta guzti, gauza benetan xelebrea gure artean, hau da, apurtxo
bat txolin gaudela baino sekula burutik pasatzen ez zaiguna, demaseko ukipena
ote. Izan ere, nabari zaie gure zain luzaz egon direla, edo bestela
esanda, badira pare bat ordu zapitxo
gorria euren lepoan ipinita dagoela.
-Zer moduz Baiona aldean? – galdetzen digu Roberrek
zerbeza katxi epel-epela luzatu orduko.
-Badakizue Ermuko zinegotziarena? –Jonek, ordea, ez digu
elkarren lagunari gizalegezko arrapostua egiteko paradarik utzi.
-Bai, irratiz aditu diagu… dugu, honantz gentozela – Roberrek erantzun du.
-Ze pasada, ezta? – Jon azaltzen zaigu biziro
atsekabeturik-. Nik ezin nuen sinetsi, benetan, oraingoan urrunegi joan
direlakoan nago, sekula baino gupidagabeago jo dute eta.
-Aspaldi honetan betiere ari dira lehen baino
gupidagabeago – gaineratu du Roberrek.
-Baina, oraingoa aldiz… hain mutiko gazte… zinegotzi
apal, arrunt… ez dakit nola esango – Jon saiatzen da bere atsekabearen neurria
bilatzen, alper-alperrik, bere barrenak iraultzen dizkion egonezinaren zergatia
asmatu nahi luke, baina ezin, ulermena lausotu omen dion katxiari berari eusten
bide dio galdera bila niri eskuetatik ozta-ozta oldarrean erauzi eta gero.
-Aitortzen dizut gauza bat – esan dio Roberrek Joni-,
ekintza honen baldintza-aurrekoak oso bereziak izan dira, ene ustez guztiz
lekuz kanpokoak; ez zuten bururik, ez eta hankarik ere.
-Espainiako Gobernuak ere ez du inolako adorerik izan
arazo larri hau konpontzeko – hau izan da Keparen iruzkina katxia jaso baino
lehen.
-Baina, zuek burutik jota al zaudete? Nola nahi zenuten
Espainiako Gobernuak ETAren xantaiari men egitea? Zinegotziarena aldez
aurretik iragarritako hilketa bat zen– saiatu naiz hilketa hitza ahalik eta
ozenen ahoskatzen.
-Ikusten? – Kepa berpiztu bide da aurreneko zurrutaz
gero- Horrek azaltzen du beste ezerk baino hobeto Espainiako Gobernuak
gaurdaino euskaldunon eskakizun guztiei egindako kasua, horixe da Euskal
Herriaren askatasun egarriarekiko izandako jokaera, berdin dio hari konponbide
baketsuez edo armen indarrez zoazkion ala ez, Espainiaren estrategia bakarra
euskaldunok eskatzen diogun orori sorgor egitea.
-Kepa, ezin duzu hori seriotan esan, ahoberokeria hutsa
da –Jonek dio beti bezain egosbera.
-Orain ezin dugu esan gogoan duguna? Ez al gaude ustezko demokrazia
batean? – galdetzen du Kepak.
-Ez dut uste gaur dela egunik egokiena segun eta
zer-nolako ahoberokerietarako – esan dut ia oharkabean.
-Nire modukoetarako esan nahi duzu? – Kepak erronka eta
guzti bota egiten didala ematen du, edo hori da behintzat nik uste izango
nukeena katxia bakezko keinu gisara luzatu ez balit.
-Te, te, te! Zertan zabiltzate zuek? – Txerranek
oldarrean moztu digu biziki larri- Zertara etorri gara Sanferminetara, elkarri
mokoka egiteko ala? Ez al gaude jaietan? Goazen parrandan egitera eta utz
dezagun erretolika txatxar hori alde batera? Ados?
Ados, noski, ez
gara gu izango, ez, Txerrani jaia zapuztuko diogunak. Bagoaz, beraz, gure
Sanferminetako urteroko zurrut-biderantz. Iruñeko alde zaharreko kale
meharretan behin sartuta ere, eta jai giroa urtero bezala hain bizi eta zorroa
izanda ere, behinik behin giri piurako mozkorren kasuan, hauek beti bezala ere
hain garesti ordaindutako desfasearekin zerikusirik ez duen orori soraio,
badago gu bezalako hainbat koadrilako kideen begitartean, berriz, gaurko jai
giroa uste eta nahi baino ustelagoa dela adierazten diguna. Balirudike jendea
elkarri begira ari dela besteak zer-nolakoak diren asmatu nahian, hau da, lagun
zein koadrila guztien piuran, batik bat janzkeran. Bai noski, jendea inoiz
baino ageriago edo zorrotzago erreparatzen ari zaio badaezpada gainerakoen
piurari, nor bere sokakoekin bakarrik egoteko zein ustezko areriotzat hartzen
dituztenengandik ez nahasteko asmotan, hots, hainbat aparteen. Esan liteke
Sanferminak bezalako jaietan nola edo hala suertatu ohi den fenomeno benetan
bitxia eta agian txalogarria ere bai, hots, hiriko alde zaharra denok leku
duten lapiko zabala eta sakona bilakatzen dena, gaur erabat aldendua, ezabatua,
itzalia dela. Gaur gauean, erabat aldatu zaigu. Gaur gauean Iruñeko alde
zaharreko jai-pertzaren barruan ez dira nahastuko mota zein pentsamolde
guztietako lagunak, urteroko jai sukalkia,
urteroko Sanferminetako txilindron arrunt bizigarria sortze aldera.
-Aizue! Nora goaz? – galdetzen dut.
-Nora ba, urteroko erronda egitera – erantzun dit
Txerranek.
-Bai noski, baina nondik hasiko gara? – galdetzen dut
berriro.
-Zer? – Jon ere txunditzen zait- Arrano Beltzatik, nondik
bestela?
-Bale ba, orduan ni kanpoan geratuko naiz – ohartzen
diet.
-Nola kanpoan, txoratuta al zaude? – galdetzen dit
Roberrek.
-Gaur ez dut ez gogorik, ez eta adorerik, taberna zulo
horretara sartzeko – espero dut baten batek nire erabakia ulertzea.
-Uztazue bakean, ez baldin badu Arranora sartu gura,
berak jakingo du zergatik, nortzuen alde jartzen den – Kepak ulertu dit ondo
baino hobeto.
-Ez, inondik ez – Txerran ia bere onetik at-. Esan dizuet
lehen argi eta garbi hona parrandan egiteko propio etorriak garela, ez
txorakerietan ibiltzeko. Martinek ez badu hara joan nahi, joan gaitezen orduan
beste leku batera, goazen sikiera dantza egitera, betiere eztabaidaka ez
egitearren!
Eta urtero bezala Sanferminetan ere gaur Jonen izekoren
seroretxeko ohetik jaikitakoan apenas gogoratzen dut ezer bart gauekoaz. Logelatik irten naiz hanka-puntetan nire
adiskideak ez iratzartzearren. Gero seroretxeko pasillo barreneko komuneraino
joan naiz dutxapera sartzeko asmotan. Ura, ur hotza, nire gainera jausten hasi
orduko gogoratzen hasi naiz. Arrano Beltzara sartu ala ez errietan egin eta
gero Redin kaletik Jarautarantz jo genuen. Bertan egon ginen tabernarik taberna
eta kalimotxo zein garagardo katxika behar bezala. Ez genuen dantza egiteko
aukera edo leku asko izan, baina. Horrenbestez, Gallego tabernara heldu eta
bertan barraraino heltzeko zein katxiak behin eskuetan kalera irten ahal
izateko enegarren aldiz ingurukoekin elkar bultzaka, ostikoka edota biraoka ere
egin eta gero, Roberrek Gaztelu Plazara itzultzeko proposatu zigun.
-Goazen Iruña, Baviera edo Windsorera dantzan egiteko?
-Ez al gara dantza nahikoa egiten ari kalean zehar? –
galdetu zion Roberrek, zegoeneko maldan behera zihoana sigi-saga.- Iruña
kafetegia oso urrrrrrrun dago hemendik.
-Askatu behingoan zure katxi hori eta ikusiko zer arin
zoazen – arrapostu egin zion Jonek.
Orduan, Udaletxe Plazara irten ginela Gaztelukora bidean,
bertan bilduta zegoen jende-ostearen aldarteak Jarauta kaleko zein
inguruetakoarekin zerikusi handirik ez zuela ohartu ginen ziplo. Udaletxe
Plazako jendetza bi taldetan banatzen zen eta biak aurrekoari irainka zein
mehatxuka ari zen norgehiagoka.
-Ermuko zinegotzia hil berri duk Donostiako ospitalean –
jakinarazi zigun sor eta lor sumatu egin gintuen oinezko batek.
Albisteak, aldiz,
ez gintuen harritu, irratitik gorputzak jasandako bala zaurien nondik norakoak
aditu eta gero esperoan geunden eta, aitor dezadan. Hala ere, ordurako doi-doi
ahaztuta genuen zinegotziarena eta bat-batean ezbehar hura behin berriro gure
aurrean azaltzen zen gordinenean. Ez genuen jakin elkarri zer esan. Esan nezake
plazan bildutakoen oihuek ez zigutela paradarik eman; baina ez, gezurra zen,
nahiko baztertuta geunden elkarri agiraka ari ziren bi gizaldeetatik une
hartantxe bururik pasatzen zitzaiguna gure artean behar beste ozen eta argi
adierazteko. Alabaina, bostok isilik egon nahiago genuen. Isilik eta baita
geldirik ere, gutako inor ez baitzen geunden lekutik mugitu inolako taldera
batzeko edo, ez eta batzuen alde edo kontrako ezer esateko ere. Hori zela eta,
gero eta oihu, birao zein mehatxu ozenago edo bortitzagoz ugaltzen ari zen
plazatik ospa egin genuen Gaztelukorantz ziztu bizian. Bertara heldu eta kaleko
jendartean pareko giro petrala zegoela antzeman bezain laster eskura genuen
aurreneko taberna-zulora irten ginen itsumustuan. Ez dut akorduan zein taberna
zen; baina, bigarren solairura igo eta bertan kubata bana eskatu eta gero
dantza egiteari ekin genion zoru moduan. Begi bistan zen bostok ez genuela ezer
jakin nahi kalean gertatzen ari zenaz, ez behintzat biharamunera arte. Ez
geunden prest inondik inora inork guri parranda zapuzteko. Hala ere, eta baten
batek zer dela eta, gurekin bigarren solairuko dantzatokian tximinoena saltoka
zein estropezuka egiten ari ziren eta goitik behera alkandora zein praka zuriz
jantzita eta gerriko zein zapiko gorriz apainduta zegoen lagun talde bateko
mozkor batek Kepa bulkatu eta bere gainera kalimotxo apur bat isuri ere egin
zion. Ezin dut igarri momentu hartantxe zer sartu zitzaion Kepari kasketan,
areago zer dela eta hainbeste erretxindu zen kalimotxo isuria garbitzeko
imintzioak egin zituen lagunaren azentua frantsesa zela jabetutakoan.
-Uztazu bakean, Kepa, huskeria bat izan da, ez du egin
apropos – aldarri egin zion Jonek Kepari frantsesari ukabila altxatuta
oldarrean zihoakiola ikusi orduko.
-Zu txoratuta al zaude? – galdetu nion nik neuk
ukabiletik airean oratutakoan.
Baietz ba, ondo asko gogoratzen baitut puska bat
aztoratuta zegoela aitortu zidala frantximantak eta bere lagunek ospa egin
bitartean ia antxintxika. Kepak bero sapari errua bota zion, egia baitzen
taberna hartako bigarren solairuan bero sapa itogarria zegoela. Izan ere, bero
hezea, dantza zoroa baino zeharo baldresak, hots, bost astakilo saltoka eta
tarteka-marteka ere aharrausika, zein aldamenekoekiko etengabeko ukondokoak,
bulkadak zein zanpatuak tartean, bostok izerdi patsetan geunden eta ordukoz
neke-neke eginda.
-Goazen kalera, hau izerdi jarioa, hau! – Txerranek esan
zuen.
-Bai, gainera musika hau ez zait batere atsegina –
erantzun zion Roberrek.
-Ba zuk ere dantzan ere egin duzu zoro moduan – leporatu
zion Jonek.
-Besterik ezean – Txerranen erantzuna.
-Goazen Barraka
Politikoen alderantz – proposatu zigun Kepak.
-Barraka
politikoetaraino? – harritu zen Jon.
-Bai, goazen txosnetara, ni gose naiz, ogitarteko bat
magra tomatearekin nahi dut – azaldu zigun Txerranek.
-Ez dakit nik gau aproposena den barraka politikoetara
joateko – bota nuen nik.
-Zer dela eta? – galdetu zidan Kepak irriño maltzur
batez.
-Zuek denok badakizue ondo baino hobeto, badakizue
zer-nola giro…
-Bertan ez da izango inolako arazorik, borrokarik edo –
moztu zidan Txerranek denok ezin hobeto bagenekiela gogoratzeko asmotan edo,
txosna haietan, jaietan dagoen Euskal Herriko edozein herritakoetan bezala, bertan bildutako gehientsuak soka berekoak
direla, edo bestela esanda, Ermuko zinegotziaren hilketagatik protestaka ari
zen lagun sumindu aldra haraino arrimatzen ausartuko ez zelakoan geundela.
-Urtero joaten gara, zergatik aurten ez? – galdetu zuen
Roberrek.
Bai noski, urtero eta herri guztietako jaietan txosnetara
arrimatu ohi gara, berdin digu egun hartan bertan ETAk norbait akabatu duen,
ETAko baten bat hilda azaldu den auskalo noren eskuetan, baita takian-potian
batzuekin zein besteekin zerikusirik ez duen gizajoren bat ere. Arrimatzen gara
txosnetako giro borrokazalea gustuko dugulako, ez besterik. Bertan gure moduko
gazte abertzale eta borrokaideen ondoan gaudelakoan, guk ez bezala agian berdin
pentsatzen ez dutenekin, baina bai behintzat guri gustatzen zaizkigun musika
zein zurrutak konpartitzen dituztenekin.
-Hara, aditu al dituzue sirena-hotsok? – Jonek ohartu
zigun.
Ez dute uzten maitatzen gauean/ez agurrik, ez negarrik
gauean/ez zergatik ez norarik gabe/sirenotsa garraixi bakarra gauean/sirena
garraixi bakarra gauean… Orduan, direlako barraka politikoetara gindoazela,
sirena hotsak gugandik gero eta hurrago zeudela, jendea guganantz lasterka zein
oihuka zetorrela ikusita, hainbat txakur uniformedun ere porra eta pilota
jaurtigailua eskuetan gugandik ez oso urrun dagoeneko oinez topatuta berria,
betiko txosnetara, hango betiko jendearekin zein betiko musika zein solasaldiei
adi eta beharbada entzungor ere, joan/egon nahi ez nuela jabetu nintzen.
-Ni ez noa inora, paso egiten dut mobida honetaz, ni
gehien jota La Mañuetaraino joango
naiz oraintxe bertan dozena bat txurro bila. Zuetako norbaitek nirekin etorri
nahi?
Txema Arinas