Nire udako ipuina: Mozkorra, Hitzen Uberako Komunitatea sailean:http://www.uberan.eus/…
-Ama? Bai, aterpean gaude. Non? Ba, esan nizuna, Aralar ingurukoan. Hori non dago? Mendian, non bestela! Zarata, zer zarata? Haizea da, oso gogor ari du. Tira ba, ama, moztu behar dut, txanponak bukatzen ari zaizkit. Oporretatik bueltan hitz egingo dugu.
Ez gaude Aralar aldean, ez inongo mendiko aterpean, Donostiako Bulebarreko kabina batetik deika ari naiz. Eta zarata, handia benetan gainera, Alde Zaharreko istiluetatikoa da, egundoko kalapita baitago gaur arratsaldeko atxiloketen kontra manifestatzera ateratako jende eta antidisturbioen artean. Izan ere, nire amarekin hizketan nagoela telefonotik kezko poteak eta guzti jausi berri dira kabinaren ondoan. Orduantxe kabinatik at zain zegoen Kepa barrura sartu da ziplo, badaezpada.
-Bai ama, hots egingo dizut etxeratu baino lehenago – nire amak nire purrustada aditu duelakoan nago- Egon lasai, ama, mendian gaude, hemen ezin zaigu ezer txarrik suertatu, ez baldin bada, jakina, ibilian goazela troka batean jaustea oharkabean.
Eskegi dut. Atsekabeturik nago, bai, gezur potoloa esan baitiot nire amari, bestela ez ninduen bakean utziko baina. Donostian gaude Kepa eta biok, nahiz eta geure etxeetan Aralar alderantz abiatzen ginela esan diegun aitzakia gisa. Estreinako aldiz eta guraso barik oporretan goazelako biok bakarrik motxila lepo gainean, mendiko aterpe batera astebetez. Baina Donostiara iritsi eta alde zaharreko taberna batean geundela, istiluak hasi dira kalean gora eta behera, hau da, tabernako leihotik zehar manifestariak eta baita euren atzetik gomazko pilotak zein kezko boteak jaurti dizkietenak ere antxintxika ikusi ditugu. Egia esango dut: Kepa eta bioi gustatuko litzaiguke asko manifestariekin bat egitea, batez ere hemen Donostian, gure hiritik hain urrun gaudela, inork ezagun ez gaituela, hau da, aukera paregabekoa orain arte gurean egitera ausartu ez garena hain gazteak, hain berri eta ezezagunak izanda halako saltsetan; izan ere, gure hiriko borroka-beteranoek betozkoa ipiniko ziguten beldur izaten ginen eta. Hemen Donostian ordea ez zaigu batere axola. Gainera mutiko mordoa dago gu baino gazteagoa. Egia esan, hemen badago gu bezain umemoko andana. Badirudi Donostian oso gazte-gazterik hasten direla kale borrokan. Gipuzkoan, oro har, dena aurrerago eta ugariago begitantzen zaigu. Gipuzkoa gurean baino hamaika bider jatorragoa, gogorragoa, benetan abertzalea nondik nahi ikusita, egiazko harrobia. Hortaz, inbidia bizi-bizia diogu lurralde honi gu bezalako gazte abertzale epelok.
-Ez baldin bagoaz txakurrak sartuko dira taberna barrura gu denok kanpora bortizki botatzeko asmotan.
Kepa zuzen dago, ezin gara arriskatu motxilak oinetan ditugula poliziak lepotik oratuta eta bultzaka zein porraka kalera ateratzea. Gure asmoa zen oso bestelakoa, kostaldera etorri nahi genuen, bai, Zarautz inguruko camping batera, bertan baitago egundoko martxa uda partean. Beharko, bertan biltzen baita gu biok bezain parrandazale amorratua den eta etengabe txorta-gurak dagoen gazte multzo ederra. Hala eta guztiz ere, eta gure hiritik Donostiaraino trenez arratsaldeko zortziak aldera iritsi garenez gero, bertako alde zaharreko ostatu merke batean lo egitea erabaki dugu gauean. Asmoa da Donostiako Alde Zaharrean zehar parrandan irtetea lasai asko, hau da, gure oporren hasiera gogotik ospatzearren. Tamalez, ez da posible izango, alde zaharreko gaurko giroa ez baita oso egokia parrandarako, kale borrokarako baino. Oso bestelako jaia, noski, baina inondik inora ez gaur gogoan genuena.
-Itzul gaitezen tren geltokiraino kostaldeko azken trena zein ordutan irtengo den jakiteko.
Zarautzera heldu gara eguneko azken trenean. Galdetu dugu kalean herri inguruko campingetara joateko. Bizpahiru omen daude; baina, aurrenekora abiatu aurretik bertan galdetzea ere merezi ez duela adierazi digu oinezko batek baino gehiagok, abuztu minean egonda jendez mukuru topatuko ditugulakoan hirurak. Egia esateko, oinezko gehienek edonon saiatzea alferrikakoa zaigula aitortu digute, udaroan Zarautzeko biztanleria boskoizten baita edo gehiago. Gehientsuak campingetako gazteak omen dira. Zarautzen, guk geuk ezin hobeto genekienez, egundoko martxa baitago abuztuko gauetan. Edonola ere, saiatu gara herritik hiruzpalau kilometrora dagoen aurreneko campingean. Alabaina, alperrik, ondo asko jakinarazi ziguten bezala. Beranduegi da engoitik inguruko herrietakoetan saiatzeko, hemengoak gainezka egotekotan, gainerakoak berdin. Orduan, ustekabean, akordatu naiz Luzaro inguruko campingaz, gurasoek txikitan haraino kotxez ninderamatela errepidetik ikusi ohi nuena Abriguarango hondartzaren ondoan. Bertan bai izango dugula gaua pasatzeko aukera. Beharko, campinga oso txikia da, baina Luzaro bezain baztertu eta aspertua/aspergarria ere omen da. Jakina, Luzaro ez da hain erakargarria udatiarrentzat, ez behintzat Gipuzkoako kostaldeko gainontzeko herri handi eta dotoreen aldean. Gainera, merkeago irtengo zaigu duda izpirik gabe, campinga, txikia ez eze, izugarri mehar eta zatarra ere baita gogoratzen dudanaren arabera. Ez genekien, aldiz, asteburu honetan ondoko herriko jaiak zirenik: Arrendondokoak. Zorionez, bazegoen geure dendak jartzeko txokorik, Asturiasetik Arredondoko jaiak propio pasatzera etorritako hiru neskarenaren pare-parean. Berehala adiskidetu gara neska asturiarrekin denda jarri bitartean. Ikaragarri atseginak begitandu zaizkigu hiru neskok: Cova, Irene eta Acacia.
-Dixeronnos que les fiestes de Arredondo eran les mellores del País Bascu.
Liluratzen gaitu euren hizkerak, batez ere Acaciarena, gainontzeko biek ez bezala, asturieraz barra-barra eta goxo-goxo egiten duena.
-¿Cómo llegastéis hasta aquí? –galdetu digu Covak.
Erantzun diogu autostop egin dugula Zarautzetik. Orduan proposatu digute gaur gauean bostak elkarrekin joatea Arredondoraino, baita autostop eginez ere, haiek bakarrik ez baitira ausartzen, baina bai ordea gu bezalako mutiko txintxorta batzuekin. Berehalako baietza eman diegu, bai horixe.
Bi kotxez eraman gaituzte Arredondoraino. Herriko jai giroa itzela da, bizi-bizia. Ez du behintzat zerikusirik nik txikitan ezagututako Luzaroko edo nire aitaren herriko jaietakoarekin. Bi herriotako jaiak arruntak dira oso, edonongoetan topa litekeen giro berbera, hau da, gaueko berbenaren ingurukoa zein herriko koadrilen artekoa, ez besterik. Arredondon, aldiz, nabarmen da herri nahikotxo aparte batean gaudela. Bai noski, herria famatua da bere ezker abertzaleko alkatearengatik, tipo benetan xelebrea, telebistan hamaika bider azaldu dena mota guztietako saltsa eta polemiketako protagonista edo bozeramaile. Ez da batere harritzekoa, bestalde, jaiak ere txit famatuak izatea ingurumarietako gazteen artean, beste edozeren gainetik oso jendetsuak direlako. Hemen beste inon ez bezalako ekitaldiak antolatzen dituzte, gehienak gazteagoentzat propio antolatuak, besteak beste rock kontzertu ikaragarri ederrak, herri honen tamainako gainerako herrietan sekula ikusten ez direnak, bistan baita egundoko ahalegina egiten dutela udalekoek euskal gazte gehientsuek egiatan gustuko dituzten musika taldeak erakartzeko, hau da, guri hainbeste gustatzen zaizkigun euskal rock erradikalaren punta-puntakoak. Gaur gauean, esaterako, La Pollaren kontzertua iragarri dute herriko Plaza Nagusian, gauza erabat sinesgaitza Luzaron, Tabornigan edo halako beste edozein herri ziztrinetan ere bai.
-Zer nolako martxa duzue Euskal Herrian – esan zidan hiru neskatoetako batek, erdaraz noski.
-Ez pentsa, Arredondon baliteke, hemen ezker abertzaleko alkate bat dute eta hori nola edo hala nabarmentzen da gazteak baitira gehienbat botoa eman diotenak.
-Edonola ere, hau giroa, hau! –Acaciak aldarri egin du, nork bestela.
Zuzen dago neska asturiarra, Kepa eta biok ere aho bete hortz gaude Arredondoko giroa dela eta. Ikusi besterik ez dago Arrendondoko jaietan bildutako jendetza, ikaragarria. Badirudi Bilbo aldetik ere koadrila andana heldu dela La Pollaren kontzerturako zein tabernaz josita dagoen hamar mila biztanle inguruko herri arrantzale honetan gaua erretzeko irrikan.
-Baina nola da posible hainbeste taberna egotea hau bezalako herri ertain batean?
Orduan ekin diogu gure gidari lanari, hau da, gure hiru lagun asturiarrentzako apropos, hots, topiko, mito eta batik bat balizko egiantzez jositako euskal ohitura zein politikaren gaineko kontakizunari. Hitz aspertuak bainoago alfertuak omen dira, batez ere tabernarik taberna goazela, edo bestela eta zehatzago esanda, mozkortu ahala, gero eta gehiegikeria zein memelokeria gehiago euskaldunak zein bereziak garen agerian uztearren hiru neskatila pinpirinen aurrean, hau da, inor baino jatorragoak, azkarragoak, bereziak omen. Erakutsi, erakutsi nahi izan diegu gu ere arredondotarrak bezain euskaldunak garela, hau da, hainbeste liluratzen dituen hizkuntza horren jabe ere bai. Hori dela eta, tabernariekin euskaraz egiten saiatzen naiz edariak eskatzerakoan. Hala ere, latzak eta beltzak ikusi ditut tabernariekin elkar ulertzeko, badirudi haiei nire ikastolako euskara arrotza egiten zaiela eta niri ordea eurena erabat ulertezina. Izan ere, berdin dit Luzaroko lehengusuekin ikasitako hizkera bera erabiltzen saiatzea, Arredondo Bizkaiko mugaren ondo-ondoan dago, bertan egiten den bizkaiera mota izugarri itxia edo bitxia baita, gainerako euskaldunentzat ozta-ozta ulergarria, Luzaroko lehengusuek beraiek txikitan behin baino gehiagotan azaldu egin zidaten bezala, bestalde.
-La Polla jotzen hasi da, goazen ba kontzertura!
Herria jendez hustu arte egon gara bostok Plaza Nagusian zutik, hasieran La Pollakoekin saltoka eta oihuka, gero berbena taldekoekin dantzan eta batez ere asturiarrekiko etengabeko arrimu saioetan. Campingera bueltatzeko ordua da, ez dago modurik inolako autorik geldiarazteko eta oinez zein loguraren loguraz ia itsuka errepidearen ertzetik goaz goiz-alba lagun bakarra. Campingera iritsi eta bai sorpresa handia eta baita desatsegina ere: utzi genuenean erdi hutsik zegoen, orain ordea kanpadendez mukuru, hau da, azken belar soileraino estalita. Endemas, badirudi Arredondoko parranda honaino aldatu dela, jende pila ari baita saltoka eta oihuka irrati-kaseteak ezin ozenagorik jarrita eta den-denak mozkor-mozkor eginda.
-Gu bihar Asturias aldera itzuliko gara –Acaciak esan digu ustekabean-. Lagundu gura al diguzue Llaneseko campingeraino?
Elkarri begiratu diogu Kepak eta biok, gauza bat da gure gurasoei gezurra esatea mendia opor-leku genuela sinestaraziz, gero kostalderaino joateko etengabeko parrandan ibiltzeko asmotan, eta beste bat Asturias alderantz abiatzea gure etxeetatik hain urruti.
-Txorakeriak! – moztu digu Acaciak gure bekozkoen aldartean sumatu zuen kezka edo uxatu nahian- trenez bizpahiru ordu barru iritsiko gara.
Biharamunean kostaldeko trenera igo ginen bigarrenez Llanes alderantz. Abuztu minean darraigu, noski, eta Llanes aldeko camping guztiak Zarautzekoak bezain mukuru omen daude. Zorionez, hau da, gure lagun asturiar Covari esker, bere izekoaren etxe ondoko larre batean kanpadenda jartzeko aukera izan dugu.
-Dutxapera sartu gura baduzue sar zaitezke nire osabaren etxean, ez egin kontu!
-Kanpadenda jarri behar dugu ezer baino lehen.
-Geurea ere zuenaren ondoan ipiniko dugu.
Ez dute inolako premiarik euren kanpadenda zabaltzeko, noski, Covaren osabaren etxean hirurentzat ostatu bazegoelako; baina, bistan dago gurekin harremanetan kosta ahala kosta egon nahi dutela, edo hori izan da behintzat sumatu egin duguna Kepak eta biok. Honezkero, gure sasiko kanpamendua nola edo hala muntatutakoan, eta aitortzen dut gure bere-berezko baldarkeriaz gain nesken presentziak ere izugarri urduri jarri gaituela, ezinegonetik gertu, itxurak egin beharrean geundelakoan, atseden hartu dugu kanpadenden aurreko belar gainean etzanda Covaren izeko ikaragarri irri/eskuzabalak prestaturiko bokatak zein pitxer bat ur bazkaltze aldera. Bertan egon gara goxo-goxo eta hitz eta pitz, hiru neskok maitagarriak dira, oso, eta ez dira, ez, batere itsusiak. Cova eta Irene oso neska atseginak eta lirainak dira, baina guretzat akaso gaztetxoegiak; Acacia, aldiz, neska puska bat da, oso ederra, dagoeneko ernaltzeko moduan dagoela esango nuke hori zatarkeria hutsa ez balitz, baina horixe ote da Kepak adierazi nahi izan didana ukondoko bat emanez, seguru asko nire begiratua Acaciaren bular oraintsu emakumetuetatik ezin bazterturik nengoela jabetu orduko.
-Arratsaldean osteratxo bat egingo dugu hiribilduraino oinez eta bertan gure sagardoa dastatuko duzue.
Zer nolako sagardo goxo-goxoa, benetan, ohituta gaude Gipuzkoa aldekoa edatera, batez ere kostaldera oporretan goazela, eta ez da gauza bera, ez, Asturiasekoa askoz eztiagoa begitantzen zaigu, guztiz atseginagoa, arinagoa, irensgarriagoa. Hori dela eta, ez da harritzekoa ere sagardo botilak ia erreskadan edatea. Bagoaz Llaneseko alde zahar mehar eta apainean zehar tabernarik taberna eta bakoitzean bostontzat bi botila eskatzen ditugu. Bi botila bat bakarra ez esatearren, gure lagun asturiarrek botilaren zurrutak edalontzi fin-fin horien ertzean txotx egin dezan erakutsi bitartean sagardoaren erditik gorakoa lurrera baitoakigu zuzen-zuzen. Izan ere, portualdeko taberna bateko terrazan mahai baten inguruan eserita geundela aurreneko saioak egiten saiatu gara sagardoa gure lagunen modura edalontzi ertzetan tentuz isurtzeko. Alperrik, haiek emandako agindu guztiei jaramon eginez ere zurruta botilatik irten orduko lurrera edo gure zein ondokoen praketarantz joan zaigu noraezean. Orduan, Acaciak sagardo botila buruaren parean jartzeko agindu digu apurtxo bat asaldaturik, antza. Ez dakit nik dagoeneko Kepa ni bezain txolindurik edo agian apurtxo bat gehiago dagoen; baina, botila lehen bere buruaren gainean kokatu eta gero hau eskuaz botilari ondo eutsita makurtzen ikusi dudanean zurbildu egin naiz lotsari ezin eutsiz. Entzun besterik ez dago egin behar hiru neskatoen barre-algarak zein gure mahaiaren ingurukoetatik datozkigunak. Sagardo botila ziplo eraisteko agindu diot Kepari, zeren, mundu guztia guri begira eta barrezka egonagatik, ondo asko baitakit izugarri gustuko duela nire lagunak pailazoarena egitea. Berak uste izan ohi du ondokoek eskertzen dizkiotela graziak- eta, ni ordea bere gain trufa egiten dutelakoan nago, eta, jakina, atsekabetzen naiz ezinbestez.
-Goazen ba, ea hurrengoan hobeto egiten duzun –dema egin dio Acaciak nire lagunari.
Hurrengo tabernan sartu bezain laster komunera laguntzeko eskatu diot Kepari; hizketan behar dugu lehenbailehen.
-Hi, Kepa, ez al haiz konturatzen tontoarena egiten ari haizela nesken aurrean? – ezin gordinagorik bota egin diot.
-Ni? Niri esker primeran pasatzen ari dituk!
-Ez motel, hiri esker ez, hire kontura baizik!
-Zer diok, inbidioso horrek? Badakik zer pasatzen zaian hiri?
-Zer?
-Laster jabetu haizela Acacia niri begira dagoela etengabean.
-Jakina, tontoarena baino egiten ez duk eta.
-Bai zera! Ala ez al huen ikusi kanpai-denden aurrean eserita geundenekoa?
-Zer ikusi behar nian?
-Acacia jarri zitzaidala nire aurrean hankak zabal-zabalik.
-Zer diok hik?
-Baietz ba, ez al duk gogoratzen lehengo ukondokoa?
-Bai noski.
-Zertarako eman nian, ba?
-?
-Asma hezan Acaciari izterpeko biloa nabarmen zitzaiola.
-Hi burutik eginda hago, Kepa!
-Baietz ba, neska puska hori mezu argi bat bidaltzen ari zuan.
-Gaizki eserita omen zegoan, ez duk uste?
-Hik esan nahi duana, baina fabore bat eskatu nahi diat.
-Beldur nauk.
-Barra-aldera bueltatutakoan Irene eta Cova kalera atera behar dituk edozein aitzakia dela medio ni Acaciarekin taberna barruan bakarka geratu nadin.
-Baina, Kepa…
Jaramonik ez, noski, Kepa sano txolindurik dabil eta. Cova, Irene eta hirurok kalera irten gara. Herria jendez gainezka dago, gainera, eta azken hau bi neskok irribarre makur batez azaldu didatenez, bertakoek deritzeten txandalariez gainezka, hau da, goizetik gauera arte, goizean hondartzara joateko zein gauean parrandan irteteko, txandalez jantzita ibili ohi diren Bilbo aldeko udatiarrak gehienbat.
-Edonola ere, zuek euskaldunak oso jatorrak zarete Madrilekoen aldean – aitortu dit Cova lagunak.
-Baliteke, baina, faborez, gu ez konparatu Bilboko harroputz zarpail horiekin! Gu Gasteizkoak gara!
-Guretzat denak antzerakoak zarete – erantzun dit Irenek interpretatzen jakin ez dudan begi keinu batez.
Tamalez, nik ere ondotxo asmatzen ez nekizkien Bilbotarrekiko aldeak azaltzera nindoala, Acacia eta Kepa guganatu egin dira. Acaciak irri egin du gurekin bat egin orduko. Kepa, aldiz, bekozkoa ipinita batu zaigu. Begi bistan dago nire adiskideari suertatu berri zaiona taberna barruan, lehen alperrik ohartarazi nahi izan diodana hain zuzen.
-Goazen beste bi botila hustera! – egin du aldarri Acaciak
Sartu gara portualdeko taberna estu eta erdi huts batera. Aurrekoetan bezala bi botila sagardo eskatu ditugu, eta aurrekoetan bezala, gure baldarkeria erabatekoa dela behin ebatzi eta gero, gure lagun asturiarrek ekiten diote zurruta apurtzeari bostok herrialde honetako ohiturari jarraituz konpartitzen dugun edalontzia.
-Nora hoa, Kepa? – galdetzen diot nire adiskideari kezkatsu, oso kopeta iluna sumatu izan diot eta.
-Komunera, nora bestela? – erantzun dit uzkur.
Ez dut berari erantzuteko aukerarik izan, Acaciak edalontzia luzatu dit eta nik zurrut egiteari ekin behar izan diot lasai asko ito-itoka berriro ez hasteko. Mingotsa, aurreneko tragoa beti horrela suertatzen zait eta, oso. Hurrengoak, ordea, goxo-goxoak eta maiz ere epelak; edari hotzagoak gurago ditut. Alabaina, neskak hitz eta pitz ari dira euren sagardo kuttunaren kontura; ez nintzateke, beraz, inondik inora garagardo hotz-hotz bat eskatzera ausartuko. Areago, hiru neskatoen laudorioekin bat egiten dut Gipuzkoakoren aldean asturiarra arrunt eztiagoa, atseginagoa, arinagoa, hots, hobea dela onartuz; agindu egin diot nire buruari gaurgero Asturias aldekoa edango dudala soil-soilik. Orduan, nire bigarren zurruta prest egin didatela, tabernaria ikusi dugu komunen aldetik datorkigula garrasika.
-¡AHORA MISMO LLAMO A LA GUARDIA CIVIL!
Harri eta zur gaude laurok, zer arraio gertatu den galdezka.
-Pregúntaselo a vuestro amigo, putos vascos de mierda.
Gero eta txundituago, aztoratuago nago. Zer dela eta ahoberokeria iraingarri hori, galdetzen diot beste behin telefonoaren aurikularrari eutsita etengabe euskaldunen kontura biraoka ari den tabernari suminduari.
-Pregúntaselo a la Guardia Civil cuando llegue.
Azkenean ni ere haserretu egin naiz. Ez dakit non baina behar adina indar bildu egin dut tabernariari besotik oratu eta ditxosozko aurikularra bertan behera utz dezan behartze aldera. Orduan, komunetik datorkigula, Keparen irribarre oker zein begiratu burlati edo erronkari erreparatu diot, mozkor-mozkor dago, txiskero bat daroa esku batean.
-Zer egin duk, zoro horrek!
Laster jabetu gara denok Kepak egindakoaz tabernariaren atzetik komuneraino gerturatu garela. Pintada bat egiten saiatu da Kepa komuneko sabaian txiskeroaz. Tamalez, nire adiskide tontolapikoa ez da konturatu komuneko atea sabairaino ixten ez zela, hau da, tabernariak, auskalo ezustean komunaren ondotik igarotzerakoan ala Keparen atzetik joana zelako susmoak hartuta, polito ikusi du delako txiskeroaz nola idazten ari zen sabaian: GORA ET…
-Zenbat nahi duzu sabaia berriro pintatzeko? – asmatu dut tabernariari galdetzen, erdaraz noski.
-Cinco mil pesetas.
Esan eta eman, bai noski, ez dugu beste konponbiderik gauzak bere onean utz ditzan tabernari egoskorrak. Bost mila pezetok dira, hain zuzen ere, oporretarako geratzen zitzaigun aurrekontu ia osoa. Bagoaz orain tabernatik eta bihar bertan etxera bueltan nahitaez.
-Cinco mil pesetas por pintar un puto techo es demasiado dinero – bota dio Kepak tabernariari tupustean-. Mañana mismo venimos a que nos enseñes la factura de lo que haya costado para que nos des las vueltas.
Kaleraino eraman dut Kepa ozta-ozta tatarrez. Gaua zapuztu egin da erabat. Lotara goazela esan diet gure hiru lagunei. Haiek badoaz ere nekeak erreta. Kanpadenden alderantz goazela ez diogu elkarri tutik ere esaten. Hiru neskak isil-gordeka doaz Kepa eta bion aurretik Covaren izeko-osaben larrerantz. Ni burumakur nabil, gaua nola izorratu den gogoeta eginez. Kepak, aldiz, Lepoan hartu eta segi aurrera ozenki kantatzeari ekin dio hiribildua atzean utzi eta ilunpera sartu orduko. Lotsarren nago, edo hobeto esanda, auzo-lotsak hilaurrenean. Zorionez, biharamunean jaiki bezain laster alde egingo dugu etxera, ahal baldin bada neskak lotan egon bitartean.
Txema Arinas
Berroztin, 2010/08/16