viernes, 18 de junio de 2010

HORRELAKOA DA BIZITZA...EDO?


Behin berriro Anjel Lertxundiren blog-sarrera baten kontura, berea ikaragarri gustuko baitut, erdaraz Miguel Sanchez-Ostizenaren modura, animarako eguneroko pilula adoregarriak bailiran. Gaur harira dakardanak zerikusi handia du nire aspaldiko kezka batekin, libertadearen kontzeptu ikaragarri maiztua, noraino benetako gizaki libreak ote gara, edo bestela gure bizimodu edo inguraren betiereko morroiak. Ikus dezagun Lertxundik idatzitakoa:

Mutikoak ez ditu hamalau urte, eta gurasoek ordua jarri diote ikasturte-bukaerako festatik itzultzeko. Mutikoa haserre da. Handia izan nahi du. “Hemezortzi urte betetakoan, nahi dudana egingo dut!”.

Aita begira geratu zaio. Nola esan semeari burutik pasatzen ari zaion guztia? Hemezortzi urte bete zituenetik zenbat aldiz okertu ote zaizkio nahi duena egiteko aukerak… Gurasoek erabakitako karrera ikasi zuen. Soldadutza egin zuen, ezetz esaterik ez zegoen garaietan. Hiru lantoki ezagutu ditu, eta ezin esan zoriontsua izan denik bakar batean. Berak hautatua du emaztea, horixe egia, baina badaki nola muturtzen zaion berandu erretiratzen bada hilean behingo lagun arteko afaritatik. Hirugarren semea, berriz —nahi duena egiteko amorratzen dagoena—, sustoz ekarri zuten…

—Bai, seme, hemezortzi urterekin nahi duana egingo duk, baina gaur, hamabietarako etxean! —esan dio aitak, eta Berria irakurtzen segitu du.



Gurasonean koskortu artean, etxetik at egin orduko, behar beste diru irabazi orduko, etxe propioa izan orduko, behin betiko libre izango garelakoan bizi gara. Gero gerokoa, gogoan genituen ametsak edo biziasmoak ez dira guk nahi bezainbeste betetzen, hori ez da ia sekula gertatzen, edo ez behintzat asmatutako neurrian. Nolabait ere, gauzak ondotxo egitekotan, edo agian gutako batzuek nahitaez eta ia beti oharkabean hartutako bide okerretatik saihestu eta gero, gure txoko partikularra antola dezakegu ahal den bezala aurrera joateko, hots, bikotea, seme-alabak, ogibea edota nahi eta ahal izan besteko zaletasun, gure hutsune esistentzialak nola edo hala betetzen laguntzen digutenak. Tamalez, libertadea ez datza ustezko aginte bati bizkarra ematean, gurasoen babesetik alde egitean, edozein motibo dela kausa etengabeko kontrolpean ginduzkatenei muzin egitean. Bai zera, hori iza liteke gaztaroko morrointza, baina behin koskortu eta emanzipatu ezkero bestelako morrointzak hasten dira, helduarokoak elkar lotuta antolatzen dugun familiarekin, ez hainbeste gure emazte eta seme-alabekin, egiazko familiarekin, nola bizkar gainean botatzen ditugun gainontzeko ezkon-senitartekoekin. Bat-bapatean guk erabaki ez ditugun gizabanako batzuk agertzen dira gure bizian, bat-batean itxurak besterik ezin ditugu egin hauekin nola edo hala konpontzearren, ez baitira benetakoak baina hala eta guztiz ere gehienetan berdin jokatzeko joera harrigarria izan ohi dute. Eutsi egin behar diogu komediari, eta ezta izango, ez, azkenekoa, behin heldu ezkero ia dena komedia baita gainontzekoen aurrean, ugazaba zein lankideen aurrean, bezeroekin, auzokoekin, ozta-ozta kalean topo egiten dugun edonorekin. Libre gara ere etengabeko hutsopilei aurre egiteko, besteon trazioak edo erasoak jasotzeko, inoiz guk nahi bezala gauzatzen ez diren egitasmoekin konpontzeko, ezustean min egiten diguten gizakumeak behin betiko begitan hartzeko. Hori omen da gizartean bizitzea, gure nortasunaren ajeak nola edo hala moldatu gure ondokoekin ondo konpontzeko, zenbat eta liskar edo oztopo gehien izate aldera, ekinaren ekinez lortutako ondasun zein arrakasta hutsalei gogor eustearren, zinez maite ditugunei huts ez egitearren, sikieran gure ondoan mantentzeko asmotan soil-soilik. Bizitza etengabeko katea da, gehienak guk geuk jartzen ditugu lepo gainean, ezinbestekoak begitantzen zaizkit zoriotansunera bidetik ez saihesteko, nola edo hala, baina beti ekinaren ekinez, lortu ditugun zoriontasun apurrak edo eremu ziztrinak gordetzearren.

Bestela, behin edo aski dela esatekotan, dena galtzeko arriskutan gaude, seguru asko galduko dugu halabeharrez. Eta orduan bai, libre izan gintezke, inolako katea barik bizi esne-mamitan, ustezkoetan noski, baina kondena erabatekoa da, bakardadea, galdutako guztiak bakardadera kondenatzen baikaitu, edonola ere beste morrointza bat ere gure buruarekin. Bizitza guk inondik ere hautatu ez dugun tragikomedia petral bat, ustekabeko antzezleak gara, ez dakigu gidoia, ez dugu kontrolatzen, ezin jakin noiz komedia edo drama, askotan hurrenez hurrenekoak izaten dira, aurrera joan ahala asmatzen dugu, beti itsumustuan, inprobisazioa da nagusi egin ohi dugun guztian, eta hain komedia mingotsa den bizitza, ezen beste antzezle amateur batzuen laguntza zein maitasuna behar bait ditugu nahitaez.


*hau guztia behar bezala idatzeko, ze leitzeko auskalo zer, Gariren BIZITZAK lagungarria bainoago ezinbestekoa suertatu zait, ezin asmatu zer dela eta nago gaur hain atsekabeturik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...