Arabako gauzetaz MUNDUTIK MUNDURA (ARABAKO HITZONTZI BATEN KRONIKAK) – EDU ZELAIETA liburuari buruz idatzi ditudan hitzotan:
Araba zein Gasteizko gauzetaz ari da Edu Zelaieta idazlea Pamielak argitaratutako texu sorta honetan. Asmoa ordea haren txokotik gauzak jorratuz “mundutik mundua” idaztea da, hau da, Fernando Pessoari bertsoei kasu egitea: “Da minha aldeia vejo quanto da se poder ver do Universo/ Por isso a minha aldeia é tão grande como outra terra / Porque eu sou do tamanho do que vejo / E não do tamanho da minha altura.” Eta bai, edonon, edo gutxienez tamaina ertaineko hiriburu batean, arruntak edo ohikoak diren gauzak hizpidera ekartzen ditu Zelaietak ikaragarri abil eta goxo. Alabaina, Arabako zein Gasteiz idazgai ditu zehatz-mehatz, hartara guztiz zentzuzkoa omen da Araba zein Gasteizko ustezko edo balizko idiosinkrasiaren nondik gorakoei buruz zer edo zer idaztea, horiek baitira funtsean gainerako euskal edo erdal lurraldeetatik bereizten gaituzten ezaugarri ez hain bereziak.
Zer ete da Euskal Herri mailan bereizten gaituena? Baliteke bigarren mailako euskaldunak, edo kostaldekoak ez bezain euskaldunak, edo beti susmopeko euskaldunak, edo euskaldun epelak, aiko-maikoetakoak. Zer dela eta? Bada, argi eta garbi esanda, Araba gehienak euskalduntasunaren topiko zein tipismoarekin bat egiten ez duela. Geurea ezta, Arabaren zati handi eta eder bat kenduta (Aiaraldea zein Aramaio), Kantauri isurialdeko muino berde eta baserri sakabanatuetako aderdi hezea. Ez, geurea, Nafarroan bezala, pasaiaren aniztasuna da lege, hots. gure Kantauri isurialdetik Ebro aldeko mediterraneotasuneraino herrixka sakabanatu zein hiribildu txikietako alderdi lau baina batez ere menditsuetan barrena. Halere, eta ezer baino lehen, gu ez gara, edo ez ginen, Kantauri aldeko euskal lurraldeak bezain euskaldunak, euskara galdu baitzen Araba gehienean, eta azken hau asko eta askok uste dutenaren kontra, galeraren bilakaera oso luze eta geldoa baitzen, XVIII-XIX mendeetan zehar, gainera oso azkar, bi belaunalditan soil-soilik eta oso arrazoi zehatz batzuen erruz orduko egoera pokitikoarekin elkarlotuak zeudenak bereziki. Eta oso azkarra ere izan omen da, beti ere bere neurrian noski, berreskurapena XX mendeko 60 urteetatik gaurdaino, ez erabatekoa, noski, baina bai ordea oso sakona eta agian harrigarria halako fenomeno soziolinguistikoei dagokienez nazioarte mailan, oso leku gutxitan suertatu baita hiztunen bataz bestekoa XX mendearen aurreneko erdiko % 5tik doi-doi %ko gaur egungo 25ra aldatzea gure nagusiek sortutako ikastoletan, euskaltegietan zein etxean bertan transmititutako euskarari esker, oro har. Hala eta guztiz ere, nabarmen dira, oso, Kantauri isurialdeko euskaldun asko eta askok gure gaur egungo errealitatearen aurrean erakutsi ohi dituzten gure orainaldiari buruzko ezjakintasuna zein, uste baino gehiahotan, destaina. Eduk berak honen berri ematen digu bere liburuan:
“…ezagun da konplexu zerbait sumatu dugula inoiz arabarrok, Bizkaia eta Gipuzkoaren aurrean bereziki, hain baskoak ez garela-eta. Baliteke benetan hala gertatzea. Azken baeabm Araba Gaztela historikoki boteretsuaren ondoan suertatu da aspaldidanik eta, ondorioz, harreman handia garatu da harekin. Neurri batean behintzat, horretan datza arabar nortasun bereizia: euskal sustriak baditugu ere, beste euskal probintiziek baino harreman handiagoa izan dugu Penintsulako ordokiarekin. Ez da, bada, inongo anemia, arabar askoren identitatearen atala baizik”
Konplexuak eta direla medio, gogora etorri zati ziplo Euskal Herriko euskaldun ahotsen laginak biltzen dituen https://ahotsak.eus/gasteiz/ izeneko weborrian ia-ia Gasteizko euskaldun guztiei egiten zaizkien galderak, hau da, Gasteiztarra eta euskalduna? edoArabarekiko aurreritziak modukoak. Elkarrizketatu gehienek baietz, behin baino geiagotan, sarritan egia esanda, halako galderak aditu beharrean egon direla aitortzen dute, denok pasadizoren bat dute delako aurreiritzien gainean kontatzeko. Gehienok ere asper eginda daudela diote halako galderak erantzun beharraz, halako galderek aurrean duten gizabanakoaren ezjakintasuna baino erakusten ez baitute. Bai, Gasteizen erdara nagusi da, Euskal Herriko hiri gehienetan bezala bestalde, baina egon badaude, azken urteotako errolden arabera 50.000 euskaldun inguru, eta hauekin batera arabar euskalgintza apal bat ere, hau da, hainbat arlotan euskaraz denetarik sortzen duten euskaltzaleak. Ezin da, gainera, bestela izan, gorago esan bezala Arabaren berreuskaldunatzea XXko 60 urteetan hasi baitzen ezari-ezarian, baina urteak joan ahala gero eta trinkoago, arinago ere bai, betiere erabatekoa ez izanda, jakina, erdaldunen kopuruaren aldean oraindik ere motela, oso, eta beldur naiz geroan ere bertsu iraungo duen, euskaldunon kopuruak gora eginagatik sekula nagusi izango ez baita, hizkuntza gutxitu batek nagusia inoiz inon ordezkatu ez baitu, gehien jota eta menturaz doi-doian parekatu baino.
Hala eta guztiz, Araba Gaztelan bezala lelo zaharra, eta betiere erdeinuzko asmoz, gaur egun ere nagusi da Kantauri Isurialdeko euskaldun askoren artean. Zer dela eta? Laburbilduz, egiazko ezagumenaren ezean, tokian tokiko gauzak bertatik bertara ezagutu beharrean, topikoak, batez ere gogoan hain errotutakoak direnak belaunaldiz belaunaldi, jakin-iturri nagusi eta ia bakarra zaielako asko eta askori. Berdin dio Bizkaia eta Gizpuzkoako euskaldunen artekoak diren Arabaren ezaugarriek euren herrietakoekin bat egiten ez dutelako oso-osorik, edo Euskal Herritik kanpokoenak diren, kanpokoek ere ez ohi dute Araba oso baskotzat hartu, zazpigarren alabak euskalduntasunaren irudi zein aurreritzi topiko guztiekin bat egiten ez baitu. Areago, Araban bertan, baina batez ere Gasteizen –Araban, Nafarroan ez bezala, lurralde barreneko biztanle gehienek euren burua euskotartzat izan baitute betidanik, historikoki, nahiz eta agian zenbaitzuek bigarren mailakoak balira bezala uste izan erdaldunak izateagatik- badaude Arabaren euskalduntasuna kolokan ere jartzen dutenak, hau da, arabarron euskaldun ondarearen berririk ez dutenak, eta beharbada ere inondik inora izan nahi ez dutenak; esaterako, ez dakite nor zen Lazarraga, ez eta Gasteiztitk ia hamabost kilometrotara oraindik ere Arabako euskalkiaz egiten duten euskaldun zaharrak daudela ere (https://ahotsak.eus/legutio/) , hau da, Legutio udalerrian, Edu Zelaietak berakLautadako azken mohikanoak atalean ondo asko gogoratzen digunez:
“Legutio udalburuaz gain, Urrunaga, Goiain eta Elosu herriak ere batzen ditu udalerriak, Gasteiztik 15 kilometro ingurura. Alderdi horretako euskara aztertzen aritu ziren Iñaki Carrera eta Imanol García eta, hainbat urtetan egindako ikerlanaren ondorioz, Legutiano aldeko euskara liburua argitaratu zuen Arabako Aldundiak 2005ean. Harrezkero hamairu joan badira ere, susmoa dut lana ez dela ezaguna, ez Araban eta ez Euskal Herrian. Beraz, egileek liburuaren sarreran aipatzen zuten egoera ez da larregi aldatu: “Jende gehienak pentsatzen duenaren kontra, Arabako alderdi honetan gaur egun ere oso erraz aurki daitezke bertako euskara duten euskaldunak. Hauetako batzuk inguruko herrietan bizi dira, edo Gasteizera etorri dira bizitzera.”
Hala eta guztiz, eta gorago esan bezala ere, topikoak topiko, ez dago nola aldatu, ez dago ezer egiterik, behintzat egunero eta egiazko edo gertuko ezagumenaren beharrean topikoak edo azaleko begirada etengabean eta barra-barra erabiltzen dituztenekin. Eta gainera nori axola dio? Askotan badirudi euskaldun arabarrok euskara,“baskoagoak” izateko ikasi dugula, irakatsi digutela, hau da, ez euskara geure ondarearen parte bat delako, gainerako euskaldun gehienei erabat ezezaguna zaiena, alegia, gure arbasoek galdu bezala arabar asko eta askok behinik behin berreskuratu gura izan zutena.
Eta topikoak topiko leloa dela eta, Edu Zelaietak zerrenda ederra egiten du bere liburuan arabar zein gasteiztarron konplexu zein aurreritzien kontura, non neurri handi batean gasteiztar gehienon ajeak jorratzen diren banan-banan: Gasteizko Alardea, Kupoak eta kupuruak, Etiketen beste aldea, Eurpean Green Capital, Konparazioak gorrotagarri, Korearren deabrua, Kosmopolitismo arabarra, Kutxabag, Maiatzak 13, Topikoak I: hiri aspergarria, Topikoak II. Hiri txikia, Topikoak III. Hiri segurua, Urbanoan… Zorionez, Eduk ezin hobeto asmatzen du Interferentzia izeneko atalean, baita beste batzuetan ere, Gasteizko gauzen kontura banaka batzuk bakarrik gasteiztarron propio-propioak direla, hots, gure inguruetako beste edozein tamaina erdiko hiritan topa daitezkeenak baizik.
“Hurbil bezain urrun daude bizitza eta heriotza elkarrengandik: batzuetan elkarren aurka, besteetan ondoko bizilagu. Halatsu irudikatzen ditut nik tokian tokikoa eta unibertsala, nolabaiteko interferentzian, unibertsaltasuna tokian tokiko istorioen bidez ere gauzatzen baita. Beharbada, zenbait kosmopatelok aldarrikatzen dutenaren kontrara, unibertsaltasuna tokian tokikoaren bidez soilik zehazten delako. Gure kasuan, adibidez, Arabaz jardutea munduaz aritzea da. Arabatik. Mundutik.”
Txema Arinas
Gasteizen, 19/06/2019
No hay comentarios:
Publicar un comentario