Onintza Enbeitak azaldu digu Berriako artikulu batean Ernesto Guevara, Che, matxista hutsa zela. Harritzekoa? Batere ez, guztiz arrunta baizik, Che bere garaiko gizona baitzen, besterik espero ahal zenuten? Bestela esanda, ba aldago Che bezalako iraganeko lider askatzailerik edo bere garaiko genero-roletatik at, libre, zegoena, hau da, emakumezkoen eskubideei buruzko ikuspegi zabalago eta batik bat gaurkotu bat zuena? Bakanen bat egon liteke, baina oso zaila, oso, gure garaiko pentsa/ikusmoldeen morroi izaten baikara den-denok neurri batean edo bestean.
Gauzak horrela, badu zentzurik Che bezalako bati egurra ematea, zergatik ez Bolivar, Marx, Trosky, Castro, Chavez eta enparatuei? Euren biografietan arakatzekotan ziur topatuko dugula emakumezkoak, gaurko ikuspegitik behintzat, batere ondo tratatu ez zituztena (Marxen kasuan, gainera, ezin ageriagoa da; egia esanda. gainerakoenean ere bai). Ez dago, beraz, ezer harritzekorik Cher delakoari dagokionez, matxista bezain integrista izan baitzen, hau da, bere arerioak akabatzeko batere erreparorik ez zuen aldetik.
Izan ere, niri ez zait Che delakoaren pertsonaia, ez eta munduan zehar barreiatutako irudi "hagiogarria" bera ere, batere atsegin, guztiz kontrakoa baino, nazkagarri samar begitantzen zait. Nik ez ditut batere gogoko inolako salbatzaile iluminatuak, eta are gutxiago ezkerrraren adar zehatz baten santu laikoak. Alabaina, badirudi oraindik orain Che delakoa Euskal Herriko asko eta askori santu gurgarria bezain ukiezina zaiela. Ikusi besterik ez dago egin behar Enbeitak artikulu horren ondorioz jaso behar izan duen jazarpen lotsagarria, mota guztietako irainak, matxistak nagusi, baita pankartak bere "pekatu kontra-iraultzailea" salatuz ere ez hain aspaldiko usadioen antzera.
Horrek erakusten digu argi eta garbi zeinen bizirik, sendorik dirauen gure artean ez hain aspaldiko, oraintsuko harropuzkeria ideologikoa, baliteke ere gutxiengo baten euskalgintza ideologikoki kudeatzeko joera bizia, hau da, guretakoa izateko guk bezala pentsatu beharrean zaude, bestela taldetik kanpo... Baina, baldin badago ezin hobeto egiaztatzen duen zerbait gure artean; gutako asko eta askok Elizaren aspaldiko santuei muzin egin zieten beste santu laiko batzuen ordez, hau da, txikitan irakatsi zieten dotrinaren arabera berdin jokatzen jarraitzearren. Izan ere, badirudi gurean pentsamendu liberala, hau da, libre pentsatzeko jokaera, ohitura, ez da sekula nagusitu, hedatu. Bagara mitoak "hitoak" baino gehiago maite dituen herri bat, edo bestela esanda, belaunaldiz belaunaldi eraldatzen/berriztatzen diren karlista garbi-garbiak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario