Elizetan zakila erakusten duten gizonen zerrenda izugarria da, eta normalean, gainera, jarrera exhibizionista izaten dute. Sarritan harburuetan zizelkaturik agertzen dira, eserita, eta zutik ere. Uribarri Arratzuako portadan, adibidez, exhibizionista bat ikus dezakegu, bizkarrez. Olanon, berriz, azken zaharberritzean, falo bat duen harburu bat aurkitu zuten, ordura arte arkupe batek ezkutatuta zegoena. Onanista soila da Otobarrengo elizan dagoen irudia, eta atentzioa ematen du makila dirudien zakilaren zurruntasun eta tamainagatik.
Emakumeak ere ageri dira jarrera exhibizionistarekin: Aiarako ermitan, adibidez, gizona eta emakumea ageri dira sexu-organoak erakusten. Oreitian ere emakumeen sexuak agertzen dira. Halaber, Armentiako kapiteletan emakume bat ikus dezakegu, bizkarrez, ipurdia erakusten, eta ondoan, handiago, emakumezkoen sexu-organo batzuk. Aurreko kapitelean gizon bat dago, keinu lizuna eginez, eta emakume bati adar bat ematen. Bere ondoan, haurdun dagoen emakume bat ageri da, sabela ukitzen.
Zirriak nonahi
Jantzirik eta biluzik dauden bikoteen besarkadak eta zirriak ere nahiko ugariak dira erromanikoaren ikonografian. Harburuetan asko dauden arren kapiteletan ere egin zituzten. Tuestako elizako kapitel batean, adibidez, gizon eta emakume jantziek musu bat ematen diote elkarri, eta gizonak emakumearen pubisa ikutzen du; ondoan, aingeru edo fraide batek haien portaera gaitzesten duela dirudi.
Toberako ermita, erotikoena
Dena den, lizunkerietan Arabako txapelduna Berantevillako Toberako Andre Maria ermita da. Muino txiki baten tontorrean dago eta soroez inguratuta. Desagertutako herri baten azken aztarna da eta Arabako landa-erromanikoaren adibide garbia. XII. mendeko burualdea eta absidea bakarrik gorde dituen arren, sekretu harrigarri asko ditu, tartean, harburu erotiko kopuru handi samarra.
Guztira zazpi harburu daude Toberan. Batean bikote bat albotik ikus daiteke, hankak elkarri lotuta eta besarkatuta, jarrera sexual argian. Bigarren bikote bat ere badago, bigarren harburu batean, misiolariaren jarreran besarkatuta eta larrua jotzen. Eta halaber, hirugarren harburu batean, gizon bat ageri da, masturbatzen.
Misoginia
Araba osoan, eliza ezberdinetan, sexuaren eta lizunkeriaren gaia jorratzen duten dozenaka irudi gorde badira ere, asko dira eliza katolikoaren misoginia ere irudikatzen duten ikonografiak. Zentzu horretan, indar handia izan du Europan "sugeen emakumea"-ren irudiak, alegia emakume "lizunari" bularrean edo pubisean eraso egiten dioten sugeen edo apoen ikonografiak. Halako irudiak aurki daitezke Domaikian, Delikan, Zurbaon edo Otogoiengo elizetan, eta Estibalizen ere. Guztietan sugeak eta apoak emakumeen bularretan itsatsirik eta erasokor ageri dira.
Europan Erdi Aroan zabaldu zen estilo ikonografikoa da arte erotikoa; enigma bat da eta aldi berean garaiko gizartearen isla. Ugariak dira adibideak Britainia Handian, Irlandan, eta Frantzian. Iberiar Penintsulan garrantzitsuenak Kantabrian eta Burgos iparraldean daude, baina Araban ere halakoak disfrutatzeko aukera dago eskualde guztietan.
Lizunkeriaren katedralak - 2020-04-26 11:30 (Alea, Araba)
Asper eginda
Ospa egin beharra
No hay comentarios:
Publicar un comentario