Nire azken liburu iruzkina: http://uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/argiantza-pello-lizarralde
Pello Lizarralderen Argiantza (2020) leitzeari ekin baino lehen banekien gutxi gora behera, edo hobeto esanda, sumatzen nuen, bere aurreko Larrepetit (2002) eta Irangaitzaz (2008) irakurri bainituen, zer topatuko nuen: idazkera ikaragarri landua, sotila, jasoa, benetan harritzeko modukoa irudiak sortzerakoan, unean unekoa deskribatzeko maisutasun apartekoa, ñabardurazale porrokatua. Eta hori guztiau gutxi ez balitz bezala aurtengo Euskadiko Narratiba Saria. Egon badago ere istorio xume bat Argiantza nobela motz-motz honetan, 84 orrialde, Giussepe Tornatoren Cinema Paradiso (1988) filma gogora dakarrena ezinbestez zinema aretoen inguruko giroko eta batik bat gainbehera geldigaitza gogora ekartzen duena gorazarre gisara. Lizarralderen gorazarrea ordea Nafarroan giroturik dago, areago Nafarroan zehar, zinema aretoak kudeatzen dituen enpresaren gerentea, Ramon Beitia, baita herririk herrik doana tokian tokiko aretoen egoeraren berri jasotzearren zein langileekiko gorabeherak nolabait asmatze edo konpontzearren. Bada, beraz, aldez aurretik antzematen den istorio berez xumea, zinema, eta batez ere lehengo modura, zinez maite duen edonori xarmagarria suertatu behar zaiona halabeharrez. Ni behintzat izugarri liluratu nau gaiak.
Bada beraz ogo gai aproposa malenkoliatik idazteko, hau da, hilzorian dagoen mundu baten argazki gero eta sepiagarriagoa Lizarraldek hain berezko dituen xehetasun benetan landuen bitartez. Horrenbestez, esan liteke Lizarraldek bazuela gai benetan mamitsu bat bere ohiko idazkera berezi eta zolia enegarrenez garatzearren, hau da, ezer baino lehen irudiez jositako narrazio geldo bezain txukun bat eskaintzeko aurreko gehienen antzera, hau da, irakurlea ezer baino lehen irudietako xehetasunez zoratzeko adinakoa. Eta badago, bai, Lizarralderen berezko geldotasun ezti horren lorratzik (Auzo hartatik kilometro erdira pasonibela gurutzatu zuen, eta langa zuri-gorriak altxatuta egonagatik ezin izan zion itzuri bi norabideetan begiratzeari. Aurrerago, bidegurutze batean, eskuin koz errepide zabalago batean sartu zen. Puska batean errepidea eta trenbidea paraleloan zihoazen. Beroa zela-eta trenbideko Koipe bafadak heltzen ziren auto barreraino. Gerenteak lehiatilak itxi zituen. Aire egokitua piztu eta gero ere kosta egiten zitzaion arnasa hartzea, eta gerrikoa laxatu zuen. Eusku batean volantea eta bestean musuzapia, kopeta, aurpegi eta lepoko izerdia lehortu zituen behin eta berriz.). Badira ere hasiera batean liluratzen ninduten pasarteak, benetan gozatzen ditudanak idazlearen xehetasunak azaleratzeko trebezia aparta erakusten baitidate momentuak zein emozioak taxuz harrapatzen; baina, badira baita hain etengabekoak izanda nola edo hala, nahi eta ez, nekatzen ninduten pasarteak ere, hau da, besterik suertatuko ez bailitzan narrazioan, nolabait izoztu bailitzan xehetasunok behar bezala gozatze aldera, inondik inora ez narrazioak aurrera egin dezan, nabarmenkeria hutsa bailitzan delako maisutasunari bide ematearren. Jakina, baliteke ni oso irakurle fina ez izatea, hots, Lizarralderen sotiltasun ageria behar bezala gozatzeko gai ez izatea narrazio formaleren arauen mende bizi naizelako, nobela bati gutxieneko hari narratibo bati eskatzen diodalako halabeharrez ezin irakurle kobentzionalagoa naizenez gero. Baliteke bai, nik hainbesterako dela uste ez izan arren, egia esanda ez dut inolako hari narratibo baten premiarik textu bat gozatzeko; baina, bai ordea deskribapen maisu eta huts batzuk baino gehiago, zerbait bizigarriagoa behintzat, direla deskribapenetik haratagoko gogoetak, dela umorea edo auskalo zer, baina betiere Victor Ericeren pelikulekin bezala sano ez aspertzearren, ondo asko jakinda ere Ericeren sotiltasuna itzela dela. Bestela esanda, Victor Ericeren pelikuletan nahiz Pello Lizarralderen pelikuletan potxekin bezala suertatzen zait, badakidala bigiliako potxek ez dutela besteren beharrik benetan goxoak izateko berez, egiatan, sasoikoak bezain xamurrak baldin badira. Gauza naiz, bai, bigiliako potxa eder batzuk gozatzeko; baina, baliteke halakorik aurreneko koilarakadak bakarrik izatea, hain tripontzia izanda berehala sakramentuen falta somatzen baitut, hau da, nire gosea benetan asebetetzeko behar besteko txorizo, urdai edo odoloste zatitxo bat gutxienez. Hala eta guztiz ere, potxek bigiliakoak izan behar baldin batute ezinbestean, arren, ganorazko bizigarri bat, piper min-mina aukeran.
Aitor dut, beraz, Lizarralderen aurreko lanetan koizpezko zer edo zer, txintxorta xume bat, falta zitzaidala. Hala eta guztiz, eta nire ustez zorionez, Argiantza nobela labur honetan badago behinik behin zerbait bizigarriagorik irakurlea ohiko deskribapenetarako maisukeriaren bidez txunditzeko joeraz gain, Badago istorio benetan mamitsua eta batez ere eragingorra eraikitzeko borodantea haren berezko estilo benetan berezi eta eztiari uko behar izan gabe. Badago, besteak beste, istorioa hiru ikuspuntu narratibo ezberdinetik aurkezteko saioa edo asmoa. Alde batetik hirugarren persona batek kontatutako atalak, protagonistak bere bidaian topatzen duen ororen deskribapen ezin zoli eta zorrotzagoak Lizarraldek ohitu gaitunez (Zareetako atoian ongi banatutakoan, gizona astiro jaitsi eta traktorearen kabinara igo zen. Trebezia handiz baztertu zuen traktorea gerentearen autoak aurrera egiteko modua izan zezan. Handik gutxira gerenteak berriz gelditu behar izan zuen beste mahats-biltzaile batzuen traktoreak bidea eragozten ziolako; oraingoan, aurrekoan ez bezala, mahats-biltaileak autoa ikusi orduko mugitu ziren traktorea baztertzeko). Bestetik gerenteak lehen pertsonan kontatzen diguna, nire ustetan pasarte mamitsuenak bertan ikusten duenaren errealitatearekin talka egin osteko gogoetak zein emozioak azaltzen baitira ia parrastaka kontakizuna benetan bizia bihurtuz (Gizon horrek nolako harrera egin didan ikusita, banuen nahikoa arrazoi pentsazeko bisita desatsegina izateaz gain ez zela atarramentu onik izango, hórrela jokatzen duenak ez baitu ondokoak esan behar diona entzuten eta ez du gogoan gordetzen berak lehendik zekarrena besterik. Horregatik, ezusteko handia hartu dut, zineman sartu eta beherala konturatu bainaiz gizonak ikaragarri erraztu behar zidala lana.) Azkenik, gerenteak artatu beharreko pertsonaien ikuspuntuak ditugu, ia ezinbesteko aurreko biekin batera irakurleak istorioa osatzen duten puzzleen moduko zatiak bil ditzan (Misterio handiak ekartzen ditu jende artean ibiltzeak. Ez dugu sekula behar adina ikasten. Honetan ez dago formularik. Eskarmentuak orain arte erakutsi dit gerentearen tankerakoak harrotu egiten direla emakumen baten aurrean, maiz mespretxuz mintzatzen zaizkiela. Gaukoan, ordea, andre baten hitzek inoiz sumatuko ez nukeen ondorioa izan dute, eta aitortu beharrean nago harrera niretzat harrigari horrek zer pentsaua eman didala. Ia ahantzia nuen zer den inozentzia.).
Erabaki ezin hobea Lizarraldek aurkeztu nahi digun istorio malenkoniatsua bezain ederrari irakurle bakoitzak osa dezan bere kabuz, berarekin hain ohikoa denez pasarteak aurrera eta atzera irakurriz mamia behar bezala atzematearren, baita esaten ez dena lerro artean asmatzeko, edota batez ere, eta ustez hain istorio xumea, aparteko gertaera barik, denaren ikuspegi anitz bezain aberatsen berri izan dezagun. Edozelan ere, kontakizun izugarri eder bat, ezin borobilagoa gainera, laurogeita lau orrialde dira soil-soilik, baina irakurri eta gero Angel Lertxundiren Otto Pette bezain mardul eta bereziki mamitsua delakoan zaude.
Txema Arinas
Uvieun, 2021/12/21
No hay comentarios:
Publicar un comentario