Ustelkeria edonon, edonor eta edonola. Ustelkeria bizitzaren arlo ia guztietan, goi mailatik gainerakoetara, horretan maila bakarra lapurtutakoaren zenbatekoa baita, baina badirudi gaitza gure gizartearen hezurmuineraino sartua dela. Hala eta guztiz ere, arlo guztiei dagokienak ez du erantzunkizun berbera, ez baita gauza bera jende xehearen eguneroko ustelkeria txikia, hau da, beltzean kobratzen digun iturginarena edo erakunde publikoek elbarrien senitartekoei ematen dizkieten diru laguntzak elbarria hil eta gero jasotzeari eusten diotena. Badaude mailak, noski baietz, eta azkenon zerbait izatekotan betiko pikareska omen da, iruzur txikia eta orohar jende xeheak egin ohi duena bizirauteko asmotan, hau da, zerbait mozkin ateratzekotan betiere hutsaren hurrengoa ote da. Ez du, beraz, parekotasunik goi maikoek egiten dutenarekin, hauek ez baitute inolako premiarik iruzur egiteko, hauek iruzur egiten digute guztioi aberasteko asmotan, sekula ez halamoduzko bizimodu bat kosta ahala kosta aurrera ateratze aldera. Eta jakina, txikia baldin da baina bada, harri koxkor bat, baina baita hurrenez hurren pilatuz mendixka egin dezaketenak ere, alegia. Hala ere, pikareska pikareska da, herri xumearen ustelkeria zuria edo, handikiena ostera oso bestelakoa ei da, handikienak garen edo izan nahi dugunaren eredu izaten da, handikiena koartada dugu gure iruzur txikiak zuritzearren. Horrexegaitik da hain garrantzitsua eta batez ere eskandalagarria politikariena, haiek hautatzen ditugu agintari nolabait ere gure gizartearen eredu izan daitezen, ez baldin badira akabo, gure zapataren neurria topatu dugu ezinbestean, hori da gertatzen ari dena egunez egun, alajaina.
Eta politikarien ustelkaria hain hedatua edo errotua izanda ere, badirudi gure artean azkenon iruzurrak, lapurretak edo bidegaberia gehienak nola edo hala irensteko joera garbia dagoela, hein handi ala oso batean ezer onik espero ez dugula eurengandik, ez gaituzte beraz ustekabean harrapatzen euren gaiztakeriek, eurenezkoak bailiran. Kirolarien kasuan ordea gauza oso bestelakoa da, kirolari ihardun edota ikuskizun hutsa izanda ez baitiogu garrantzi handirik guren egunerotasunean inorako eraginik egiteko, kirolak ez du ia ezertan baldintzatzen gizarte baten norabidea edo, kirola ikasbide dugu gure bizitzan, batez ere gazteagoendako, gainontzekoekin jokatzerakoan, ez besterik.
Baina kirol mundua ere usteldua omen dago. Ez dago ezer esan beharrik fultbolaren kontura, bertan kluben kudeaketa, hau da, klubak kodeatzen dituzten lapurrak, omen da ustelkeria honen iturri nagusia. Txirrindularitzan, aldiz, ustelkeriak jotzen ditu txirrindulariak zuzen-zuzenean, haiek baitira usteldu nagusiak, lehiaketan iruzur egiten dutenak, hain zuzen ere euren jokabideaz kiroltasunaren onuren eredu eman behar luketenak. Horrenbestez, Oprah Winfrek Lance Armstrong sei bider txapeldun izandakoari egindako elkarrizketa hain erakusgarria omen da ustelkeria motan honen nondik norakoez; Armstrong ez ote da gehien lapurtu edo aberastu egin den iruzurtia, baina bai, duda izpirik gabe, jende gehien kamustu egin duena bere gizabide ustelaz.
Hori dela eta, Lance Armstrongena aditu eta gero zera gogora ekarri nuen, ba, aspaldi arrasatear txirrindulari zahar batek kontatutakoa hain zuzen:
"Bai, “Gran Premio Eibarresa”-ko azkenengo etapie izen zuan Burgos-Eibar. Eta orduen jauan Berrendero lehenengo eta Luziano Montero bigarren, bixek BHkuek neu letxe, eta hirugarrena ORBEAko bat. Eta pasau zuan Monterok aberixie ero euki auela Salvatierra inguruan. Orduen ORBEAkuek ekin jutzien jota egur eta momentu baten zortzi miñeturaiñoko diferentzie euki juen. Orduen niri esan justien “geratu ta etxoixok Monteroi”. Ta nik: “Neu geratu? Zela geratuko nok pa, anaie eta danak Eibarren begira egongo dittuk-eta?”. “Baietz, etxoiteko!”. “Bueno ba,…”. Holaxe, etxoin eta azkenien 2 miñetuko atara juskuen. Allegau gitzenien heldu justan Monterok lepotik eta “esto no se me olvidará nunca” eta ttak! sartu justan poltsikuen zeozer,… 500 pezetakue."
Berdin-berdin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario