jueves, 17 de enero de 2013

AUZO LOTSA




Baldin badago aspaldi honetan txunditu egin nauen albisterik hori izan zen duela astebete irakurri egin nuena Ustaritzeko ikastola batean gertatutakoa. Badirudi eskolan zeudela bi gerdarme azaldu egin zirela ikasle baten bila. Haurrak, noski, okerrena asmatu zuen, halakoetan bakarrik azaltzen baitira gendarmeak haur baten bila, uste egin zuen haren gurasoak hilak ziren auskalo nola edo zergatik. Baina ez, bere aitamak bizirik ziren. Egiatan bizirik ez zegoena aldiz norbaiten sena omen zen, gerdarmeak haurraren bila joanak baitziren honen aitak hainbat hilabeteko saria ez ordaindu izanagatik.

Txundigarria, bai, sinestezina bezainbeste ausaz, ikastolak hartutako neurria guztiz lekuz kanpokoa baitzen, benetan zentzugabekoa, haurrak ez baitzuen inolako asmorik inora ezer ondaintzeko ihesi joateko edo, eta arriskuena gurasoengan baldin bazetzan are okerragoa neurri hori, horrek adierazi nahi baitu gendarmeak joanak zirela haurra nola edo hala bahitzeko asmotan, badaezpada, txorakeria hutsa.

Edonola ere, ez dakit ba nik Frantzia aldean halako neurriak oso ohikoak direnik, krisialdiarekin nolabaiteko loturarik baduten edo, gurasoek eskolako hilekoa ordaintzeke ospa egiteko ohitura duten oharkabean edo. Alabaina, nola ez gogoratu haurtzaroko hainbat pasadizu, eskolan nengoela eta bat-batean zuzendaritzako norbait azaltzen zela ezustean kartazal bat eskuan; Arinas? Emaiozu gutun hau zure aitari, ez dut-eta ordaindu hilekoa. Eta ez behin edo birritan txitean-pitean baizik. "ziurraski ahaztu egin zaio, hain lanpetua dago-eta", nik uste behintzat halako zerbait edo bota egin nuela noizbait aitzakia gisa edo, alperrikako aitzakia eta batik bat zeharo zentzugabekoa, inork sinetsiko ez zidalako. Izan ere, inork ez zidan ezer sinetsi behar, zer dela eta, argi zegoen nire aitak ez zuela hilekoa ordaindu hil hartan, ez zuen egin behin baino gehiagotan gainera, guztion begietara bazituen beraz ordaintzeko arazoak edo, ez zen hilero baketxearen bitartez ordaintzen ez zuen guraso bakarra, bai ordea ez ordaintzeko joera hori zuena maizago. 

Hala ere, ondo asko gogoratzen dut gizona eskolako atetik agertu orduko aputxo bat lotsatu edo atsekabetu bai, baina, egia esan dezadan, eta edozein haurren modura, gainotzekoengandik nolabait  nabarmentzen ninduen oro gorrotatzen nuelako, ikaragarri aztoratzen ninduelako egoerak, gurago bainuen hamaika aldiz gehiago gainotzekoen begietara ikustezina izan, inoiz inolako motiborik ez sortzea begi guztiok nire gainera ez bideratzeko. Ez zuen, beraz, diruarekin zerikusrik, oso txikia nintzen artean diruaren kontu zikinon jabe izateko, diruan oinarritutako ohorearen nondik norakoak ezagutzeko, berdin zidan aitak ordaintzeko egiazko zioak zituen ala ez, bere gauzak omen ziren, berak omen zekien hori nola konpondu, ni haurra nintzen, eskolara joaten jarraitu nahi nuen, ez besterik. 

Eta ez, nire aitak ez zuen sekula egiazko arazoak hilekoa ordaintzeko, behar bezainbeste irabazten baitzuen ia beti bere ileapaindegian. Areago, nire aitak ez zuen sekula santa ere bere ordainketei aurre egiteko arazorik, bazekien nola ed nola nola eta noiz aurre egin. Arazoa, ordea, bere lehentasunetan zetzan. Nire eskolakoa ez zen, haatik, azkenetakoa, baina ez eta aurrenekoetakoa ere, hori dela dela ahaztu ohi zitzaion, inoiz ez zelako fidatu gainera bankuetxearen bitarteko ordainketaz, bazioen ez zuela modurik ordaintutakoa kontropean izateko, ez zuela oharkabean edo premiazko zuen zenbait diru kobratzea nahi, bazitekeela oso bestelako eta batez ere hil ala biziko gastu batzuei aurre egin beharra; eta ez, nire eskolakoak ez zuen azkenotakorik ematen, askotan ez behinik behin.

Honaino iritsita, noski, balirudike nire aitari leporatzen ari natzaiola haren erruz eskolan jasandako lotsa edo bihozmina. Ez, ezta egia, ez dut gainera ezertan ezer leporatu beharrik, ondo asko ezagutzen baitut nire aita ez badakit inork baino hobetu berak betiere zuzenena uste zuenari ekiten ziola, bere lehentasunak familia osoarenak zirela, noizbait, hau da, behin baino gehiagotan ahaztu egiten baldin bazitzaion behar beste garrantzia eman ez ziolako zela auskalo zeren aldean. Ezin diot, gainera, deus leporatu, badakidalako ere nola aztoratzen zen nire eskolakoa ordaindua ez zela jabetu orduko, badakidalako behin jakinda biharamunean ordaintzen zuela eskutan, hori inoiz ez baitzen arazoa, gastuei aurre egiteko sailkaturiko lehentasunean baino, hain zuzen nik ere oharkabean egin ohi dudan modura.

Dena dela, baldin bada zerbait benetan lotsatzeko modukoa gogoratzen dudana, hori da zuzendaritzako gizonaren jokaera hain modu agerian eta gutuna eskutan nigana harro-harro, betoskoa jarrita ta guzti, zetorrela; eta ez zen, ez, barne lotsa, auzo lotsa baizik.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...