domingo, 27 de enero de 2013

EGIATAN ESTIMATZEN EZ ZAITUZTENEN MENDE BIZI


Ohituta nago entzutera Asturias aldean, edo agian hobeto esanda, ez baitu funtsean zerikusi handirik gainerako herrialdearekin, Oviedon bertan, egundokoak euskal eta katalan nazionalismoaren kontra. Ni neu ez naiz nazionalista, badut ordea EHren ideia edo kotzeptu nazional bat, baina nazio hori estutu bilakatzea ez du lehentasun, nire lehentasunak oso bestelakoak baitira. Hori horrela izanda, kritika zorrotzak egin dizkiot euskal nazionalismoari, baina ez, sekula ez euskalduna delako, nazionalimo gordina hein handi batean delako baizik, hau da, euskal nazionalismorari leporatzen dizkiot munduko nazionalismo guztien akatsak, besteak beste, eta beharbada nagusiena ere, gizabanakoa taldearen mendean jartzeko duen berebiziko joera eta baita ondoko herrikoak baztertzeko edo gaitzesteko ere bai, nazioa erakitzeko gizaki nazionalak sortu beharrean baitaude ezer baino lehen, hau da, herkideak nahiago ditu hiritarrak baino. Alabaina, Oviedo bezalako hiri zeharo eskuindar edo atzerakoi batean hamaikak entzun behar izan ditut euskaldun zein katalanen kontra, ia sekula ez, hauek berezko dituen akatsen kontra nazionalimo gehienen modura, baizik eta Espainaren idea kolokan jartzeagatik, hots, egiten dieten salaketa haiek bezain españolak nahi ez izatea eta ez besterik, hori da euskal eta katalan nazionalisten pekatu nagusi eta ia bakarra Espainiakoa ez den beste nazio bat sortu nahi izatea, inondik inora nazioa lehentasun izatea ezer baino lehen, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik.

Eta gutxi bailitzan ere badago azken hamarkadotan periferiako nazionalismoen kontrako oso kanpaina bortiz eta hedatu bat, ekinaren ekinez, hau da, idatziaren idatziz edo haizeratuaren haizeratuz, euskal eta katalan nazionalismoen berezko gaiztakeria erakutsi nahi duena, hauen helburu nagusia, Espainia zatikatzea nork bere estatua sortzeko asmotan munduko bekaturik larriena dela sinetsi arazi nahian. Eta badaude zuzen hainbat kritikatan, lehen esan bezala nazionalimo hauek euren helburuak koska ahala kosta lortzerakoan gizabanakoen eskubideak zapal ditzakete-eta. Ni honetan gainerakoan bezala grekoek aldarrikatzen duten "bertutea batez bestekoan datzala" uste dut, baina tira, nik badiot, aitortzen dut, oso inuxentea, simplea, laiñoa naizela. 

Hori dela eta, eta printzipioz euskal nazionalismoaren hainbat eta hainbat aldarrikapeni muzin egiten baldin badiot gehiengoaren indarra gainerakoen kontra erabiltzen joera duela uste baitut, edo bestela esanda ere, behin baino gehiagotan maiten duen herriaren alderdi asko eta asko gustuko ez duenez alde batera utzi nahi duelako egon balego bezala, badira beste gauza batzuk onetsi behar dizkiodanak, besteak beste euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko egindako ahaleginak edo aurrerapenak, ondo asko konbentziturik bainago abertzale gehienei esker euskarak gaurdaino bizi iraun duela, bestela akabo, bestela ez zatekeen egongo ikastolarik, ez eta hizkuntza politikarik edo dena-delakoa, euskara gainontzekoen eskuetan utzi ezkero folklorera mugatua, murriztua baino ez legoke. Hala eta guztiz, onartu beharrean nago ere azken urteotan, eta bakan batzuk betidanik ere, abertzaleak ez diren euskaltzaleok ugaldu egin direla, artean ez baldin badugu hautsi abertzale/euskaltzale binomioaren nagusitasuna. Errua, ordea, nik uste dut ez dela inorena, ez bada agian euskal hiritar guztiak printzipioz eta baita legez ere euskaltzaleak izan behar luketela uste dutenena. Eta ez, egia esan ez dago inolako betebeharrik Euskal Herria izugarri anitza baita, ezin da euskararekiko inolako lotura edo estimurik dutenak legez euskaltzale bihurtu, gehien jota gure hizkuntzarenganako errespetua eska dakieke, ez besterik.

Nolabait ere, Hegoaldean baditugu baliabideak euskara sustatzeko, irakasteko, erabiltzeko, hau guztiau egiatan gauzatzeko oztopoak edo errealitateak berak ezartzen dizkigun zailtasunak alde batera lagata, noski, gauza bat baita legeak dioena eta beste bat lege hori betetzea edo bete ahal izatea, gauza bat da EAEn eta itxuraz behintzat euskararen aldeko agintariak izatea eta oso bestelako Nafarroan gertatzen dena non bertako agintariek mota guztietako azpijokoak-eta erabiltzen dituzte euskararen presentzia eta erabilera murrizteko bai gizananakoen eskubideei dagokienez, bai zonaldeka. Iparraldean ordea ez dugu antzerako ezer, Iparraldeko euskaldunek ez dute ia eskubiderik euren hizkuntzarekiko. Areago, Iparraldean nolabaiteko aurrepauso ematen baldin bada euskarari eusteko edo zabaltzeko, hau, ikastolen bitartez ego herri ekintzei esker, badirudi txitean-pitean bertako agintariak ere gutxieneko aurrerapauso horiek errotik deseuztatzeko ahaleginetan ari direla auskalo zeren beldur. Bestela ezin da ulertu nola suertatzen diren mugaz bestaldean hemen hegoaldean gaur egun guztiz pentsaezinak liratekeen egoerak, ondo asko erakusten dutenak bestal frantses agintariek euskal kultura eta hizkuntzarekiko duten destainazko ipuspegi garbia. Honek ez du zerikusirik euskal abertzaletasunaren nondik norakoekin, euskal kultura eta hizkuntzaren bizirauteko eskubidearekin baino, eta badirudi Frantzia aldean ukatzen diotela euskalgintzari oinarrizkoa hemen hegoaldean gutxienez aurrera egiteko baliabideak izan bitartean. Badago beraz asko aldarrikatzeko, borrokatzeko oraindio, baina baliteke ere euskararen etorkizuna bermatzeko lehentasunak edo egiazko arriskuak oso argi ez izatea. Auskalo, nik albiste honen harira diot soil-soilik, nolabait ere egiatan estimatzen ez gaituztenen mende bizi garela, gehien jota eta bakarrik behartuta onartuta baino, Berriaren albiste honek ezin hobeto erakutsi bezala.


Baionako suprefetak ikastola laguntzea debekatu dio Hendaiari

Falloux Legea baliatu du Patrick Dallennesek horretarako; Seaskak salatu du bere zentroen %90 arriskuan direla
EDURNE ELIZONDO
«Eraso bortitza, gerra deklarazioa». Halakotzat jo du Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak Baionako suprefetak hartutako erabakia. Patrick Dallennesek debekatu egin dio Hendaiako Udalari herri horretako ikastola laguntzea. Eraikina txiki gelditu zaie zentroko kideei, eta egoitza berria egiteko proiektua dute, aspalditik, mahai gainean. Proiektu hori kolokan da orain, suprefetaren debekuarengatik. Arazoa ez da bakarrik Hendaiako ikasleena. «Gure zentroen %90 dira kolokan, laguntza publikoak jaso dituztelako», erran du Gorostiagak.

Iparraldean 30 ikastola ditu Seaskak, eta haietan 3.000 ikasle inguru ari dira. «Urtero ari gara 200 ikasle inguru berri hartzen. Guk bakarrik ezin dugu aurrera egin». Hori dela eta, arazo larritzat jo du Baionako suprefetak hartutako erabakia. Dallennesek Falloux Legea ekarri du gogora Hendaiari ikastola laguntzea debekatzeko. «1850. urtekoa da lege hori; debekatzen du diru publikoa ematea eskola pribatuei». Bai eta egoitza publikoak uztea ere.

Seaskak hainbat erakunde publikoren laguntza jaso du bere ikastolak eraiki ahal izateko. «Itsasukoa, adibidez, osorik ordaindu du udalak». Miarritzen ere 500 ikasle hartuko dituen lizeoa eremu publikoan eginen dutela erantsi du Gorostiagak. «Legearen inguruan suprefetak egiten duen interpretazioaren arabera, proiektu horiek legez kanpo egonen lirateke». Ikastolak laguntzeko debekua suprefetaren gainetik heldu dela erantsi du Seaskako ordezkariak, eta kezkagarritzat jo du hori. Paueko prefeta jo du erabakiaren erantzuletzat.

Egonkortasun bila

Iparraldeko ikastolek behar duten egonkortasuna izan dezaten ezinbertzekotzat jo du legea aldatzea. «Ezin dugu izendapenen menpe egon, jakinda prefetak edo ministro berri batek kolokan jar ditzaketela gure ikastolak». Gorostiagak gogorarazi du 1990eko hamarkadan ere «gorabeherak» izan zituztela Baionako suprefetarekin, ikastola laguntzeko aukeraren inguruan. «Orduko gorabehera haiek baretu egin ziren». Berriz piztu dira, ordea.

Baionako suprefetaren jakinarazpenak erantzuna behar duela zalantzarik ez dute Seaskako kideek. Lehendabizikoa bihar bertan emanen diote. Komunikabideen aurrean agerraldia eginen dute, Hendaian, bertako ikastola laguntzeko udalak jaso duen debekuari buruz.

«Ezin dugu onartu gure zentro gehienak ixtea», nabarmendu du Hur Gorostiagak, eta Iparraldeko ikastola guztiak mobilizatzeko prest direla erantsi. Euskal Herri osoari egi dio laguntzeko deia.

Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak ere debekua izan du mintzagai. Erabaki horrekin 1990eko hamarkadara itzuli dela esan dio suprefetari, eta argi utzi du Miarritzek lagunduko duela hango ikastola.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...