jueves, 3 de diciembre de 2015

Berrirakurketa





2015-12-03 / Txema Arinas - Idazlea
E
z dut kritika literariorik egiten, gehien jota txoko honetan irakurritako liburuen gaineko zirrarak baino ez ditut botatzen, ez baita nire asmoa epaile orojakinarena egitea. Gauzak horrela, azken egunotan Jasone Osororen 12etan bermuta (2015) leitu dut. Gustatu zait, gozatu dut, areago berrirakurtzeko gogo bizia dut eta gainera ia segituan. Halere, bai irakurri aurretik, ondo asko bainekien zeintzuk ziren Osororen aurreko idazlanak, bai irakurri ahala, euskal literaturaren nondik norakoak oso modu azkar eta zorrotzez jorratzen zuen Volgako Batelariak blogean aspaldi leituriko artikulu txit gordin bat etortzen zitzaidan etengabe gogora.Hamasei aholku Erasmus literatura idazteko zen Iban Zaldua batelariak idatzitako artikuluaren titulua. Bertan Zalduak izendatutako Erasmus Literatura idazteko hainbat aholku ematen zuen oso asmo gaiztoz. Besteak beste:

 Ezin da bide tradizionalik erabili.

 Amodiozko istorio bat, ahalik eta apasionatuena.

 Atzerriko edozein lekutan, ahal dela mundu garatuko hiri handi samarren batean.

 Ez aipatu gai politikorik.

 Saia zaitez, ahalik eta bitarteko gehienak erabiliz, obra autobiografikoa edo kasik autobiografikoa dela sinestarazten.

 Aurkeztu Igartza Sarira, eta, berriro ere, itxaron.

Jakina, Iban Zalduak emandako aholku maltzur guztiok berak batere gogoko ez zuen euskal literatura mota bat salatu nahi zuten. Izan ere, Iban Zalduak euskal literatura ondo asko sailkatua zuen behiala Volgako Batelarien blogean bertan idazleen belaunaldi zein euren lehentasun literarioen arabera. Eskubide osoa du Iban Zalduak hainbat euskal idazle gaztek egiten duen literatura arinegia, mengelegia, hutsaren hurrengoa dela aldarrikatzeko. Bai, noski! Gainera oso modu zapart-egingarriz egin ohi du betiere. Nik ere ez dut batere atsegin delako Erasmus Literatura hori. Sano aspertzen nau nire iritziz inolako transzendentzia literariorik bilatu nahi ez duen literatura mota horrek, hau da, idazleen bizimoduan edota bere ingurukoenetan oinarritutako zertzelada biografiko-sentimentalak eta nolabait ere jostagarriak baina sekula ez konprometituak baino eskaini nahi ez dituen literatura bat. Laburbilduz, nik ere muzin egin diot «niaren» literatura horri guztiz hutsala delakoan.

Jasone Osororen azken liburuak Iban Zalduaren dekalogoaren zenbait araurekin bat egiten du. Ez dut zalantzarik, niaren literatura da argi eta garbi. Alabaina, ez dut uste Jasone Osororen liburuak inolako zerikusirik duenik delako Erasmus Literatura-ren ustezko mengeltasunarekin niaren nondik norakoak ondo, luze eta ikaragarri sakon jorratzeagatik. Alderantziz, nik uste dut 12etan bermuta oso ariketa literario duina, eta enetako behintzat atsegina, dela niaren literaturaren barruan. Izan ere, aitortu beharrean nago liburua irakurtzeari ekin bezain laster, beharbada aurreneko orrialdeetan, Volgako Batelariek ezin hobeto sailkatutako Erasmus Literatura-ren azken eredua zelakoan nengoela. Baina ez da, ezpada zerbait guztiz mamitsuagoa, zerbait benetan interesgarria eta ezer baino lehen egitasmo literario serio bat, gogoko izan ala ez. Nik gogoko izan dut. Plantamenduak eta batez ere idazkerak erruz asebete naute. Egia esan, idazkerak hainbat tartetan liluratu nau, hain jatorra, bipila, gordina eta batik bat librea begitandu zait eta. Eta ez, ez dut topatu 12etan bermuta-n demaseko transzendentziarik, baina bai ordea berebiziko zintzotasuna. Dena dela, ez nuen ezer apartekorik topatzeko premia handirik, eskaintzen zidana nahikotxo baitzitzaidan irakurketa erabat xamurra, xumea eta onuragarria izan dela aitortzeko. Areago, badut asmoa, batez ere idazleari berari hainbat elkarrizketatan aholkatzen aditu eta gero —eta agian baita ere zer nolako neska azkar eta jatorra den egiaztatutakoan, zergatik ez aitortu guztiz extraliterarioa den eragin hau baina aldi berean arrunt-arrunta edozein irakurlerengan— 12etan bermuta laster berrirakurtzeko, sikiera nire aurreko handiustekeria norainokoa zen asmatze aldera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...