miércoles, 2 de diciembre de 2015

EGUERDIAN MERKATALGUNEAN



Ederra egin dit euren amak gaurkoan. Asteazkenero eraman ohi ditu ikastetxearen ondoko Calatrava merkatalguneraino berarekin batera hanburgesa bana bazkal dezaten, nagusiak informatika eskola bat duelako ordubetera, horrenbestez ez dago ikastetxetik etxera eta alderantziz joan-etorririk egiteko behar besteko denborarik. Gaur niri tokatu zait haurrak asteazkeneroko ditxosozko hanburgesa bazkaltzeko laguntzea. Zorionez, ez zuten Burger Kingera joan nahi honen aurrean dagoen Krunch delakora baizik, joandako astean aurrenekoa itxita topatu eta bestera aldatu baitziren: "Ez dago alderik, aita, hanburgesa hamaika aldiz handi eta goxoago dago".


Argi eta garbi esango dut, hau da, inolako aiko-maikorik gabe, burgerrei eta oro har bazkari azkarreko edozein sasi-jatetxeei berebiziko gorrotoa diet. Ez dauka zerikusirik sibaritismoarekin, printzipioz behintzat ez. Ez dut uste nik, benetan asaldatzen nauena, maiz ere nire onetik ezinbestez ateratzen nauena, bezeroak artatzeko modua baita. Denok haurrendako kanpamentu batean bageunde bezala tratatzen baikaituzte, hau da, ustezko prezio merkeak guk, ustezko zerbitzariak gure eskakizunei adi-adi egon beharrean, haien betebeharrak egitea zurituko balu bezala. Dena deserosoa izaten da halako lekuetan, bazkaria betiere oso maila kaskarrekoa halabeharrez, ez baitago alderik, ezin leike, beste edonon egindakoekin, bertan denak plastikozkoa edo gutxienez aurre-prefakikatuegia zein gain-merkatua ematen baitu. Eta hala guztiz ere, ikusi besterik ez zegoen egin behar, argazkian bertan hain zuzen, zer-nolako zoriontsuak ziren nire bi kakanarruak euren hanburgesei atxikita jan bitartean, zer nolako aldarte ona, ohikoa ez bezala bazkalorduan, erakusten zuten jan ahala eta erreskadan botatzen ari ziren iruzkinei erreparatu ezkero:


-Aita, nik handitan jatetxe bat izango dut. Lagunduko didazu menua prestatzen? -dio txikinak.


-Zuk ipini behar duzu jateko gogokoen duzuna -erantzuten dut nik.


-Orduan, hauek bezalako hanburgesak eta makarroiak tomatearekin -aurreratzen da nagusia.


-Hanburgesa hauek Burger Kingekoak baino xamurragoak al dira -galdetzen dut nik.


-Bai noskiiiiii -bi umemoko gustugabekoak batera.


Jakina, bi kakaumeoi aditu eta gero nik gogoeta egin dut, hots, beldurrak nago zer nolako zaborra izango zen Burger Kingeko hanburgesa nire bi semeek bazkaltzen ari zirena hainbeste goraipatze aldera.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...