jueves, 2 de febrero de 2017

EUSKAL GATAZKA EUSKAL LITERATURAN ETAREN BIKTIMEN IKUSPEGITIK


(GRAND PLACE aldizkarian argitaraturiko artikulua: http://revistagrandplace.com/site/?p=422)



Euskal Gatazkaz ari garela, gure historia garaikidearekin erabat lotuta dagoen egoera bat etortzen zaigu gogora, hau da, ETAren terrorismoaren ingurukoak oro, zein honen kontra suertatutako erantzunak eta euskal gizarteak pairatutako ondorioak oro. Euskal Gatazka, aspaldi Fernando Aramburu donostiar idazle erdaldunak aldarrikatu zuenaren kontra, orduan hautsak polito harrotuz, euskal literaturan dezente jorratutako gaia da. Orain bai, nolatan jorratu dute euskal idazlerik gehienek? Edo are zehatzago esanda (tamalez gauzak horrela baitira gizarte batek bizi duen gatazka baten barruan, edota hori delako gai honen muina azken buruan), ETAren alde edo kontra jorratu dute? Halere, dikotomia maltzur honi erantzunik eman baino lehen zera esan behar genuke, euskal gatazkari buruzko gogoeta gehienak beranduxe egin direla. Literatur kritikaz ari naizela azpimarratu behar ditut beraiek, fikziozko idazlanak aldiz egon badirelako, nahikotxo gainera. Izan ere, eta argi eta garbi esango dut, nik ezin dut gogoratu euskal literaturak delako euskal gatazkari buruz izandako jarrera edo idazkerari buruzko inolako taxuzko azterketa edo kritika-artikulurik ETAk armak utzi baino lehen, ez behintzat terrorismoaren urterik latzenetan, hots, ETAren indarkeria borborka zegoela. Baliteke nik ez dakidan literatura irakasleren batek zer edo zer gaiari buruz idatzi izana eta auskalo zer dela eta inolako eraginik ez izatea edo oso berandu arte ezagutu ez izana,  Joseba Gabilondok 1998 urtean AEBetako aldizkari espezializatu batean, Arizona Journal of Hispanic Cultural Studies 2-an, ingelesez publikatu zuen artikulua bezalakoa eta gurera euskaraz bere Nazioaren hondarrak liburuan 2006 urtera arte heldu ez dena. Badirudi ere Euskal Gatazkari buruzko literatur kritika lan guztiak oraintsu agertu direla 2011ko urriaren 20az geroztik, hots, hainbat talde edo alderdik azken hamarkadotan euskal gizarteak pairatutako indarkeriaren gaineko gogoeta sakon eta zintzoa egiteko aldarrikatzen duen kontakizun auskalo norainoko ofizialaren parte bezala edo.

Badirudi baina ez dta egia, Beñat Sarasola kritikariak 2009ko otsailaren 15ean oso lan interesgarria idatzi baitzuen ARGIA aldizkarian,  Oinazea letraz janzteko manerak izenekoa, non hainbat euskal idazle edota kritikariren iritziak jasotzen baitzituen “nola islatu du euskal literaturak euskal gatazka?” lelopean. Ezer baino lehen Sarasolak aitortzen zuen nik gorago nabarmendutakoa: Azken urteotan presentzia nabaria izan duen gaia izanagatik, ez da oso aspaldian euskal literaturan eta euskal gatazkaren erlazioaren inguruan hausnartu eta idazten dela. Edonola ere, Sarasolak lehenago agertutako idazlan urrien berri ematen digu, besteak beste EHU-ko estetika irakaslea den Mikel Iriondok 2003ko urte bukaeran “Bitarte” aldizkarian argitaratutako Arte y violencia en el País Vasco izeneko artikulua, “bortizkeria terrorista” euskal artean –eta tartean euskal literaturan– nola landu den aztertzen zuena. Sarasolak berak nabarmendu bezala, Iriondoren artikuluaren ideia nagusia euskal arteak “biolentzia terrorista” azaldu eta lantzeari bizkarra eman diola da. Egon, egon badira salbuespenak, noski, Mikel Iriondok Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro (1976) eta Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993), biok ostera oso etsigarriak estetika irakaslearen ustez, indarkeriaren gaiaren muina behar bezala jorratu ez baitzuten, hau da, ETAren indarkeriak eragindako kalte eta mina oso azaletik baino aipatzen ez zituelako eta betiere etakideen ikuspegitik. Bestela esanda, orduko euskal literaturaren adibide bakanok ez dute ETAren indarkeria hura behar bezala gaitzesten euren ikuspegia funtsean nazionalista baita, hau da, Joseba Gabilondok bere 1998ko artikuluan euskal literaturak delako gatazka tradizionalki zein ikuspegitatik jorratu duen salatzen zuenarekin bat egiten dutelako: “testuinguru politikoa medio, terrorismoak funtzionatzen du ‘gu’ (euskaldunak) eta ‘haien’ (espainiarrak) kontra definitzen gaituen/dituen indikatzaile nazionalista bezala”. Hala ere,  Sarasolari ez zaio oso interpretazio egokia, zuzena, begitantzen, hortaz, beste euskal kritikari edo idazleren hitzak baliatzen ditu Gabilondo zein Mikel Iriondo irakasleen salaketak nola edo hala epeldu edo agian errotik ezeztatzearren.

Sarasolak mahai ingurura dakartzan kritikari eta idazle hauek Iban Zaldua, Itxaro Borda, Ignazio Mujika, Iratxe Retolaza eta Mikel Soto ditugu. Ez ditut euskal literaturaren pertsonaiok arduratzen gaituen gaiari buruz azaltzen duten oro banan-banan esango, ikaragarri luzea egingo bailitzaiguke, baina bai ordea hitzik aipa/adierazgarrienak:
Iban Zaldua:  “Kontua da, noizean behin arinki esaten denaren kontra, egon badagoela gatazkaren inguruko langintza literario bat, poliedrikoa eta, nire ustez, bizi dugun egoera irakurtzen laguntzen diguna, hein handiagoan edo txikiagoan”
Itxaro Borda: Abertzale mundutik kanpo diren idazleek dute gaurko gatazka aipatzen; eta abertzale munduan direnek dute 36ko sarraskia aipatzen, bata bestearen etsai balira bezala.
Ignazio Mujika: Ez daude bi lubaki, euskarazko idazleena eta erdarazkoena. Lubakiak baldin badaude, ez dira hizkuntzarenak. Hizkuntzak beti ematen dio zerbait lanari, transmisio bidea baino gehiago da, baina uste dut euskaraz ikuspuntu ugaritako lanak idazten direla. Proportzioa diferentea dela? Beharbada bai, baina hori soziologoek esan beharko dute.
Iratxe Retolaza: Uste dut, orokorrean, euskaldun direnen gizartean bizipen batzuk daudela, hizkuntzak eragiten duela gai batzuetara hurbiltzeko. Argi dago ikuspuntu politiko batzuetan euskara ez dagoela presente; orduan, literaturan, literaturan ikuspuntu horietara gerturatzea euskaraz… Bere horretan errealitateak ekartzen duen ondorioa dela uste dut.
Mikel Soto: Gainera, gai honek dauzkan ertzak aintzat hartuta esango nuke kontu kitatze pertsonal asko egon direla eta horrek eztabaida sustatu duela, baina ez zentzu onean. Esango nuke pertsonaletik ekiteak eztabaida posiblea desitxuratu eta banalizatu duela.

Denetarik dugu, nire ustetan euskal literaturaren delako gatazkarekiko epeltasunak zuritzeko aiko-maikoak gehien bat, noski. Izan ere, leloa ezin da ageriagorik izan: euskal literaturaren begirada poliedrikoa da, edo bestela esanda, segun zein lubakitan zauden ikuspegi batetik edo bestetik jorratuko duzu gaia. Zer dela eta? Sarasolak berak Jon Benitoren Maldetan Sagarrak liburuko hitzok gogora ekartzen zituen artikuluan: zertaz ari gara euskal gatazkaz ari garenean? Hitzetik hortzera erabiltzen dugun terminoa da, baina nago ez litzatekeela batere erraza izango denok adostutako terminoaren definizioa lortzea. Batzuentzat euskal gatazka Espainia eta Frantziaren zapalkuntzaren ondorioz sortzen den gatazka da, beste batzuentzat ETA-ren terrorismoa, beste batzuentzat klase borroka ezkutatzeko balio duen amarrua, edo horietatik guztietatik pixka bat.”.
Gauzak horrela nolatan harritu euskal literaturak ETAk eragindako biktimen gaia doi-doi tratatu izanaz, biktimotariko asko eta asko euskaldungoaren parte izan ez balira bezala, edo beharbada ETAren biktimak izateagatik euskaldungoaren etsaien taldean kokatuta baleude bezala printzipioz. Nola harritu beraz euskal literaturak delako gatazka jorratzerakoan etakideen ikuspuntua gehienbat hautatu izanaz. Egia esan, Itxaro Borda idazleak ezin hobeto azaldu du: “Bilakaera luzea eta astiroa izan da. ETAko ekilea eta geroxeago IK-koa, gudaria zen eta hogeita hamar urte beranduago ekile berdina argiki terrorista da idazleentzat. Ez denentzat bistan dena, baina bai anitzentzat”.
Etakideak euskaldungoaren parte ziren, onerako zein txarrerako euren nondik norakoak idazgai izan ditu euskal literaturak ezer baino lehen, ez ordea ETAk eragindako biktimena. Are gordinago esanda, ETAren biktimen ahotsa ustezko edo balizko etsaiarena omen zen. Edo oraindio apurtxo bat gordinago ere, euskal literaturan biktimak ikusiezinak ziren azken hamarkada guztiotan ere ikusiezinak izan zitzaizkion heinean euskal gizartearen parte handi, zabal eta batez ere konplize edo koldar bati. Biktimek ez al zuten merezi euskarazko idazle gehienen estimua edo gutxienez interes literario hutsa fikziorik sortzeko? Bizpahiru idazle, kenduta, hau da Jokin Muñozen Bizia lo (2003), Andu Lertxundiren Zorion perfektua (2002), Felipe Juaristiren  Ez da gaua begietara etortzen (2007) eta beharbada inon inolako aipamenik merezi izan ez duen beste nobelaren bat, euskal gatazka hainbat ikuspegi desberdinetatik jorratu egin duten idazle gehienek ETAren kide edo ingurukoen aldetik izan da (Txillardegiren Exkizu (1988), Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro (1976), Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993), Harkaitz Canoren  Pasaia Blues… (1999) Egon, egon badira, haatik, ETArekiko zein ezker abertzaleak indarkeriaren aurrean izandako erantzukizunari buruz oso kritikoak izan diren liburuak, Anjel Lertxundiren Etxeko Hautsa, Juanjo Olasagarren Ezinezko Maletak (2004) edo Uxue Apaolazaren Mea Culpa (2011) kasuko. Baina, jakina, liburuok ere ustez euskaldungo abertzaletik gertuago biktimen mundutik baino, hau da, euren buruekin zein ingurukoekin nola edo hala kontuak kitatu nahi zituztenak edo. 

         Hori dela eta, gure buruari egin behar geniokeen galdera oso argi eta zuzena da: hain zaila edo ausaz ezinezkoa al zen ETAren biktimen ikuspuntutik euskarazko fikziorik sortzea? Erakutsi badugu ezetz, egon badaudela gutxienez hiru adibide oso duinak, hainbat prestigio handiko sari eta guzti jaso dituztenak, baita sari horiek jasotzeagatik gainontzeko euskal idazle askoren gaitzespena merezi izan dutenak ere euskal erakundeen erabaki politiko garbia zelakoan; Jokin Muñozen Bizia Lo-k, 2003ko Euskadi Saria lortu eta gero jasotako hainbat kritikaz ari naiz, noski. Bada, beraz, guztiz posiblea eta bidezkoa ETAren biktimen inguruko fikzioa sortzea haiek pairatutakoa nola edo hala eta euskaraz irudikatu nahian. Orduan, zer dela eta hain liburu gutxi biktimak protagonista? Nork baino nork biktimen ikuspuntua euskaraz jasotzeko sinesgarritasun falta hizpidera ekarriko du biktima gehienak printzipioz erdal munduaren parte direla soil-soilik esanez. Gezur borobila, ETAk euskaldun peto-petoak ere baziren gizakumeak garbitu baititu jardun kriminalean egon bitartean, hau da, euskara maite, euskaraz bizi edo gutxienez euskaldun giro batean bizi zirenak, haietako banaka batzuk euskal nazionalistak ere baziren, Joxe Mari Korta zumaiar enpresariaren kasuan bezala. Zer dela eta ez sortu fikzioren bat ETAk hildakoen senitartekoetariko bat protagonista hautatuta, hau da, zergatik ez hartu aintzat euskaldun biktimaren baten nondik norakoak, barne-gogoetak, bere ingurukoekiko harremanak edo eguneroko bizipen arruntak, ETAk bere senitartekoa mehatxatu edota asasinatu eta gero. Agian ez al luke gutxienezko edo halabeharrezko sinesgarritasunik euskaldun biktima baten lekukotzak? Noski baietz, eta nire ustetan guardia zibil baten edozein senitartekorenak bezainbeste, printzipioz sortze literarioak ez baitu inolako mugarik izan behar, zuk zeuk ez baldin dituzu, jakina.

Hortxe dago koska, hain zuzen, euskal idazle asko eta askok euren buruei ETAren biktimengana gerturatu ahal izateko ezarritako mugetan. Euskal idazle asko eta askok ez ditu ETAren biktimen testigantzak idazpidera ekarri nahi, borondate falta garbi eta argi bategatik, edo bestela esanda, halaxe erabaki dutelako: ETAren biktimek iradoki ditzaketen istorioek edo ez diete behar besteko estimurik merezi, ez dira gauza hauen inguruan inolako fikziorik eraikitzeko. Tamalez, ezta ezer apartekorik, gaur egun oraindik euskal gizartean guztiz hedaturik eta arrunta den jarrera bat da, batik bat abertzaleen artean: ETAk armak utzi ditu, bai, baina horrek ez du inondik inora esan nahi ETAk urtetan egindakoa gaitzesteko asmoa dugunik. Gehien jota, delako euskal gatazkak eragindako indarkeria guztiak gaitzetsiko ditugu, baliteke ere ETAren biktimenganako nolabaiteko hurbiltze saioren bat egitea aro berri eta batez ere bakezale baten aldarrikapena egitearren; esan genezake aro berri horretan itxurak oso garrantzitsuak direla eszenatoki politiko berri batzuk sortze aldera. Erreparatu besterik ez diegu egin behar Arnaldo Otegik Logroñoko kartzelatik irtendakoan Elgoibarren egin zioten gorazarrean gaztelera ederrean botatako hitzoi, eta batik bat nik beltzez azpimarratutakoari: “…me alegro sinceramente de que haya mucha gente que vivía con escolta, y vivía acosada, según decían ellos, que hoy puedan vivir en paz y en libertad". Edo bestela esanda, ETAk eragindako oinazea aitortzeko gertu gaude; baina, ezta gure oinazea, hortaz ez dugu ezertan gure gain hartu behar, besteak beste ez dakigulako noraino egiazkoa den edo, pairatutakoek aitor dezatela, guri edo gutarrei eragindakoarekin aski dugu eta. Oso sentsibilitate berezia da Otegirena eta beste, lubaki sentsibilitate doia da. Euskarazko literaturara itzulita antzeko zerbait sumatzen dut aro berri honetako azken urteetan argitaratutakoari begira, hau da, euskaldun irakurleen artean arrakasta edo oihartzun gehien lortutako liburuei erreparatuz: Mikel Antzaren Atzerri (2012), Lander Garroren Gerra Txikia (2014) edota Harkaitz Canoren Twist (2011). Nork bere gaiak eta ikuspuntuak aukeratzen ditu, noski, baina hala eta guztiz ere bada benetan esanguratsua ETAren biktimena zein gutxitan aukeratzen den, eta batez ere, Jokin Muñozen Bizia Loren kasua alde batera lagata, zer nolako oihartzun eskasa lortzen duten ikuspuntu hori aukeratzen duten bakanek besteon aldean.

“Gauzak aldatzen ari dira ezari-ezarian, eta denboraren poderioz gehiago aldatuko dira” dugu asko eta askoren ahotan euskal literaturaren ezaugarri benetan berezi eta mingarri honen aurrean nola edo hala itxaropentsuak izateko leloa. Baliteke, bai, bada guztiz bihotz-altxagarria apurka-apurka lubaki pentsamoldeen gainetik egon nahi duten zipriztin zinez pozgarriak topatzea, hau da, euskaldunak izanda, beharbada abertzaleak ere bai, zergatik ez, zergatik ez topatu Koldo Mitxelenaren aipu famatuari eusten dioten euskal idazleak, hau da, “abertzalea baino lehen demokrata naiz”, edo nik eraldatuta: “abertzalea baino lehen etikoki zintzoa izan nahiago dut”, hau da, ETAk eragindako oinazea aitortzeko zein beraren biktimen larruan jartzeko gaitasuna izateko ezta inondik inora euskal abertzalea izateari utzi behar, euskaraz idazteko abertzalea izan behar ez den aldetik ere, gizaki zintzoa, etikoa, morala baino ez, hau da, ETAk bere helburuak lortzeko eragindako oinaze osoa gaitzesteko gai izatea.
Aipaturiko zipriztin horietako bat dugu Aritz Gorrotxategik oraintsu HITZEN UBERA aldizkarian argitaraturako Gatazka: literatura eta etika artikulua, bertan nik honaino idatzitako gehiena bildu eta baita bertsolaritzari egindako kritika txit zorrotz eta zuzen bat ere biltzen dituena. Nik esango nuke Gorrotxategiren artikulua euskalgintzarekin kontu etikoak eta moralak kitatu nahi dituen kritika bat dela, nik aipaturiko lubaki sentsibilitatea edo alderdikeria ideologikoa salatzen dituen euskal idazle etikoki zintzo batena, gaurdainoko euskalgintzak ETAren biktimekiko izandako jokaera hotza, bihozgogorra edota sinpleki arduragabekoa errotik gaitzesten duena. Tamalez, Aritzen artikuluak guztiz adierazkorrak diren hainbat erantzun jaso baditu, gaur egun oraindik ere Aritzek euskalgintzari egindako kritikak norbaitzuei sortarazten dien ezinegonaren erakusgarri betiko eragozpen edo aurreiritzi ideologikoak direla medio: lubakia. Badugu besteak beste Laia Urangak ZUZEU aldizkari digitalean argitaratu zuen Gorrotoaren eta maitasunaren oreka ezinbestekoa izeneko erantzun bizia, eta agian amiñi bat bortitza ere, hots, nabari zaio Laiari artikuluak sano erresumindu duela. Honako pasartea  Gorrotxategik bere artikuluan aipatu eta ETAren biktimekiko nolabaiteko sentsibilitatea erakutsi duen Anjel Lertxundiren Etxeko Hautsa (2011) liburuaren kontura dator:

“Literatura batek ez du kritikarik gabe inoiz aurrera egingo eta, kritikarik balego, inoiz baten batek esana ziokeen Lertxundiri ez dagoela pertsonaiak berak sortzen dituen eran sortzerik. Pertsonai batek izan behar dituelako ertzak, anbiguotasuna, izan behar duelako hondo bat eta, bere liburuko pertsonaiek, ez daukate. ABC egunkariaren eskemetan bete-betean sartzen dira. Baina inork ez dio esan, eta zuk, idazle zaren horrek, txalotu egiten duzu, ‘etikaren bide egokian’ dagoelako. “Etikak hil zuen literatura”, esango dute biharko ikertzaileek, “orretarako, katixima hobea zen!”. Idazle baino, apaiza dirudizu. Edo audientzia nazionaleko epailea. Falta zaizun gauza bakarra da fiskalari dei egitea, akusazio ofizial eta ganorazko bat egin dezan zuk bezala pentsatzen ez duten zure kolega idazleen kontra, sartu ditzaten behingoz kartzelan.”

 

 

 Txema Arinas
Oviedo, 2016ko apirilak 06



No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...