Irakurri berri dut Horacio Castellanos Moya idazle guatemaltarraren El Asco (2007) liburua, non Kanadan bizi den arte irakasle bat El Salvador hiriburura itzultzen den bere amaren hiletetan presente egotearren. Itzulera amesgaizto bihurtzen zaio. Hortaz, irakasleak, ikaskide ohi batekin kopa batzuk hartzen ari dela, herriak zein herrikideek eragiten dioten nazka zein egonezinaren berri ematen dio bere lagunari. Gorroto bizia dio topatu duen orori. Ez du batere barkatzen. Guatemaltarren ohiturak zein gurariak higuingarriak bezain ergelak suertatzen zaizkio, politikariak gaizkile eta alfer hutsak, Eliza hainbat bidegabekeria zein krimenen errudun. Protagonistaren aburuz, Guatemalan dena ustela da, ezjakintasuna nagusi, azpikeria lege. Denen kontra gaizki esaka ari da, baita bere familiaren kontra ere. Izan ere, haren senitartekoak gogotik larrutzen ditu guatemaltar gehienen eredu peto-petotzat hartzen dituen aldetik.
Ez zait batere gustatu El Asco. Gupidagabekoa da inguratzen duen ororekin, demasa, ez zaio erruki apurrik antzematen etengabe botatzen dituen funts handirik gabeko kritika zein ustezko zirtoetan. Izan ere, Horacio Castellanosek bere herriaren kontra egiten duen kritika txit saminari doako ahoberokeria dariolakoan nago. Eta beharbada garrantzitsuena dena: aspertzen du, oso. Areago, liburua irakurritakoan idazleak broma moduko probokazio huts bat egin nahi izan duela dirudi. Ezta posible hainbeste debaldeko zein demaseko kritika, irain zein ezinikusi. Gakoa, aldiz, liburuaren azalean dago: «Thomas Bernhard Salvadorren». Horacio Castellanosek Thomas Bernhard eredutzat hartu du bere herriaren kontrako diatriba errukigabe bat egite aldera, austriar idazlearen omenez edo. Tamalez, edozein kopiaren ajerik nabarmena originalaren akatsak ezin ageriago uztea delakoan nago.
Beldur naiz, ordea, El Asco-k ez duen zerikusirik Thomas Bernhardek idatzitakoarekin. Zertan datza, bada, Castellanosen eta austriar idazlearen artean dagoen aldea? Nire ustez, Bernharden liburuetan umorea nabarmena zen, oso umore beltza, okerra, bai, baina berehalaxe igartzen zitzaion bere herrikideen itxurakeria nazizaleari egin zion kritika zorrotza umorearen bitartez saiatu zela egiten, idazkera benetan xelebre, bihurri, astun eta batik bat probokatzaile eta bizigarria izanik. Horacio Castellanosen liburuan egon liteke bere gorrotoen kontura umore printzaren bat, ironia oso beltz bat, egiteko modu bat, noski baietz; nik, berriz, jenio aluegia duela baizik ez dut uste.
Ondorioak ere oso bestelakoak izan dira. Horacio Castellanosek berak bere herritik alde egin behar izan zuela kontatzen digu mota guztietako mehatxuak-eta jaso zituelako, hau da, bere buruaz kezkatuta. Austriarrek, ordea, Thomas Bernharden obra saritu egin zuten bederatzi bider, nahiz eta idazleak berak sariok errefusatu, edo jaso zituenean— eta betiere eskertu beharrean—, iskanbila ederrak sortu zituen, inoiz diruari uko egin barik, noski. Esan liteke Bernhardi eman zizkioten sariak bere herrikideei egozten zien itxurakeriaren enegarrenak izaten zirela, edo agian herri benetan zibilizatu baten keinua, hau da, kritikak, zitalenak ere, beren neurrian onartzen dakiena. Gerora, ordea, austriarrek politikari nazizaleen alde etengabe bozkatu dute; baina hori agian beste kontu bat da.
Euskal Herrira begira, zer nolako erantzuna jasoko zuen Thomas Bernharden gisako diatriba batek, euskaldunok maiteen duguna gogotik larrutzea, hau da, gure zilborrari egindako kritika zorrotz eta bihozgabe batek? Guatemaltar samindu odol-goseen antzera jokatuko genuke ala austriarren itxurakeria ustez ondo heziari eutsiko al genioke? Baliteke ere hirugarren jarrera bat, ezaxolakeria erabatekoa, azken finean literaturaz ari gara eta. Auskalo!
No hay comentarios:
Publicar un comentario