Nire emaztea feminista da. Bai, ni bezainbeste, horrexegatik antolatu dugu gure bizimodua parekotasunari begira, hau da, gure eginkizun guztiak elkarbanatuz (izan ere, euren burua feministatzat aldarrikatzen duten asko eta askok bera etxean nagusi dela esan ohi dute gure artean jenero rolik ez dagoelako...) . Eta oso feminista delako ere Gasteizen nire koadrila osoarekin afaltzera joan zen lehengoan harri eta zur geratu zen, ia aho zabalik, mahai luze baten inguruan gizonezkoak alde batean eta emakumezkoak bestean banatzen zirela ikusi zuenean. Asturiasen guztiz ezohikoa zela zioen, euskaldunak ginen aldetik oso nabarmen zitzaiguna Elizaren demaseko eraginaren ez dakit zer... Nik esan nion betidanik saiatu nintzela ohitura hori apurtzen, betiere alperrik, asper eginda egonda erdian eseri ohi nintzela sarri askotan emakumezkoen solasa gizonezkoena baino interesgarriagoa begitantzen zitzaidalako. Hori izan zen duela hamabost urte edo. Normalean bizpahiru astean behin Gasteizen bi aixkide bikoterekin alfaltzera joan ohi dugu; koadrila osoarekin aldiz urtean bizpahiru aldiz bakarrik. Orain dela bi astebete koadrila osoarekin afaritara joan ginen, hamabost lagun inguru hainbat konsorte barne, ez dakit, holakoetan ez dut zenbatzen behar beste ardo egonda. Eta delako ohiturari jarraituz gizonezkoak eta emakumezkoak banandu ginen mahai inguruan.. Oraingoan, ordea, nire emaztea izan zen "neskak elkarrekin!" bota zuen
-aldarri eta guzti egin zuelakoan nago....- lehenengoa. Bai, aukeran neskekin nahiago zuen "guztiz dibertigarriagoak direlako, eta gainera horrela gure gauzetaz hitz eta pitz egiteko parada dugulako..." esanez... Baina, bai, nire emaztea eta biok feministak gara: ezin da egon jeneroaren araberako deskriminaziorik eta denok aukera eta eskubide berberak izan behar ditugu ezinbestez legearen aurrean. Bestea, ordea, oso bestelakoa omen da, bestea elkarbizitzaren legea omen da, eskarmentua, alegia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario