miércoles, 26 de diciembre de 2018

AMEK EZ DUTE – KATIXA AGIRRE

Hitzen Uberaneko Komunitatea sailean argitaratua: http://uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/amek-ez-dute-katixa-agirre




“Inestablea, nartzisista, egozentrikoa, karismatikoa, gorrotagarria, errealitatetik kanpokoa, kaskarina, konplexuz betea, autoestimurik gabekoa, manipulatzailea, berekoia, gezurtia, oldakorra, harroputza, tranpatia, bazter-nahastailea, ulertezina.
Hori guztia dudarik gabe.
Ume txiki bi, mundo honetara hainbeste ahaleginez ekarritako bi seme-alaba babesgabe eta eder, hoztasun eta zehaztasunez akabatzeko kapaza? Inolaz ere ez. Horretan ez zuen zalantzarik Léak. Inor ez litzateke horrelakorik aurreikusteko gauza izango. Baina, egiaz, nor da ume bat akabatzeko gauza? Inor ez. Eta inor ez denez gauza, ume bat eraila agertzen denean, denok gara susmagarriak.”

Amek ez dute da Katixa Agirreren azken nobelaren izenburua. Aukeran izan liteke “euren seme-alabak maite ez dituzten amak”, guztiz zehatzagoa, zuzenagoa omen; baina, jakina, oso eskandinabiar trilogia famatu beltz baten oihartzuna ekarriko luke. Nobela ausarta da ezer baino lehen. Planteatzen duen gaia behintzat gure gizartearen amatasunari buruzko adostasuna kolokan jartzen baitu; benetan behartuak al gara gure seme-alabak maitatzera? Nolatan? Zergatik?
Haren bi seme-alabak modu ezin krudelagoz akabatu dituen amaren kasua kontatzen digu ama berria den narratzaileak. Gauzak horrela hilketaren gaineko epaiketaren nondik norakoen berri emango digu narratzaileak (izan ere, epaitegira joango da kaier batean notak hartze aldera). Aldi berean ere, bere bizitza pertsonalari buruz hainbat gogoeta egingo du amatasunaren kontura, hau da, bere semearen jaiotzak bere bizimodu ia perfektua nola hankaz gora jarri dion, nola atsekabetzen duen, zenbat nekatzen den. Eta honekin batera, nola ez, infantizidioari buruzko gogoeta luze eta sakonak egingo ditu, gehienbat amatasunaren mitoaren ingurukoak.
Esan bezala, liburu benetan ausarta gurean eta gaur egun ere tabu hutsa izaten dirauen gaia baita duda zipitzik gabe: Nola ez dituzu zure seme-alabak maitatuko? Zer-nolako munstroa eginda zaude? Edo agian ez, baliteke hainbesterako ez izatea, edo gehien jota, hori da asasinoaren kasua, baina inondik inora ez narratzailearena. Azken honen kezka edo kinka ez baita bere seme-alabak maitatzea ala ez, baizik eta hauek askotan aztoratzen dutela aitortzea, behin baino gehiagotan oztopo zaizkiola eraman nahi lukeen bizimodu moderno, jori eta batik bat libreari eutsi ahal izateko, hau da, gizarteak emakumezko batengandik espero duen ama zintzo eta maitagarria ez dela aitortzea, ez behintzat hogeitalau orduz.

Bada beraz literatura klasikoak mendeetan zehar planteaturiko gai polemiko edo tabu baten inguruan jorratzen den istorioa, hau da, kasuko, Flaubertek XIX mendean Madame Bovaryrekin adulterioari buruz planteatu zuena edota Eça de Queirozek mende berean  O crime do padre Amaro eleberrian erlijioaren itxurakeriari buruzkoa bezalakoak. Idazle handi biok eure garaiko gizartea errotik astindu zuten euren liburu orduan izugarri maltzur eta eskandalagarriez, ordura arte inor jorratzera ez ausartutako gaiak baitziren. Katixa Agirreren kasuan, aitor dut ez dakidala berak baino lehenago beste batzuek gai berbera jorratu duten (Komunitatea sail honetako kritikak edo debaldekoak direnez, hau da, euskaraz idazteko plazer hutsagatik, ez dut gogo handirik bibliografía lan sakonik egiteko, argi eta garbi diot). Ziur naiz, aldiz, baietz, egon egongo dela bibliografía dexente gai honi buruz zenbait hizkuntzatan, beharko.

Edonola ere, Katixaren liburua izugarri ondo idatzita, batez ere antolatua, dago. Nik esango nuke gaur egon hain boladan dagoen literatura intetertextualaren adibide garbia dela, edo agian hobe legoke intergenerokoa esatea, idazleak ez baititu beste batzuen textuak tartekatzen generoak baizik. Izan ere, niri  Amek ez dute nobela eta saiakeraren arteko erdibideko zerbait begitandu zait. Egia esanda, Katixarenari aspaldi honetan hain usu aipatzen “artefakto literario” delakoa antzeman diot, hau da, nobela huts bat baino gehiago izan duen zerbait, edo gutxienez, narrazio klasikoari eutsi nahi ez dion idazkera bat. Gauzak horrela, liburuak dokumentazio eskerga dakar hainbat gauzari buruz; esaterako, zesareari buruzkoa. Premiazkoa al da zesarearen inguruko ia oro jakinaraztea? Zergatik ez jarri wikipediako zesareari buruzko helbidea irakurleak hara zuzen jo dezan? Dokumentazio, burutazio, aipamen bibliografiko eta zinefilo asko, gehienak egia esanda oso samurrak, mamitsuak. Eta egiari zor ere, oso aproposak delako artefaktoa mamitzeko, hau da, irakurlearen begirada nola edo hala bideratzeko. Izan ere, ez dut uste Katixaren liburuan ezer soberan dagoenik, dena primeran moldatzen baita liburuaren hildo nagusiak, hau da, aipatutiko gaiari buruzko gogoeta kateamenduak, aurrera egin dezan. Halere, nik benetan goxatu ditudan pasarteak narratibo hutsak direnak izan dira. Besteak beste, Aliceren bizitzaren berri ematen digutenak. Edo are zehatzago, senarraren upategian antolatzen dioten erakusketarena da gehien inarrosi nauena, edo Jakesekikoa, nire ustez liburuan beranduegi agertzen dena liburuaren gaitasun narratiboa dexente murriztuz, eta zer esanik ez, baita narratzailearen semearen ospitaleratzearena, nire aburuz narratzailearen noraez etiko edo diskurtsiboa nolabait orekatu nahi duena liburuan zehar hazitako dudak eta usteak nolabait urruntze aldera.
Bada, beraz, oso liburu interesgarria, amatasunari buruz zinez gogoeta egitera bultzatzen zaituena, zenbait pasartetan erraiak nahasten zizkizuna ere bai, ozta-ozta egiazko gaia gaur egungo gizabanakoen norberekeria ia orokortua ez ote den pentsarazteraino; baina, egia esanda, ni behintzat ez nau literarioki askotxo asebete, zeren, gorago esan bezala, demaseko saiakera kutsua hartu baitiot irakurketari pasarte askotan, edo bestela esanda, maíz zurrunegia egin zait, teoria edo gutxienez hausnarketa baten gorabeherak kosta ahala kosta saldu nahi izan balizkit bezala.
Edonola ere, berriro diot, goseak gose, nirea klasikoegia omen da, niri literatura haragizkoagoa gustatzen zait; baina, hala eta guztiz ere ikaragarri gozatu dut Amek ez dute. Irakurtzea merezi du, behinik behin bihotza gogotik astintzeko asmoz. Izan ere, eta hemen ez dakit nik asmatzen dudan kritika intertextuala edo, hau da, beste kritikari batzuen testuez baliatzea nirea osatze aldera, irakurri bakarrik egin behar dira Katixaren liburuak eragin dituen bi kritikariren (hauek gainera egiazkoak, serioak, hau da, ordainpekoak eta guzti; idazten ari naiz hau ezta inondik inora taxuzko kritika bat, irakurle arrunt baten iruzkin tolesgabea baizik) iruzkin erabat laudagarriak, euskarazko kritiketan oso gutxitan irakurritakoak, irakurle asko eta askok Amek ez dute bezalako premia ia larria zutela asmatzeko. Bestela esanda, Katixa Agirrek bete-betean asmatu duela.

Bada, zeu ere horietakoa bazara, alegia, jendarte honetan erroturiko eta zabalduriko amatasun kontzeptu aratz, xalo eta ertzik gabearen jarraitzaileek susmo txarra eta berebiziko asperdura besterik ez badizute eragiten, zorioneko zaude: Agirrek askotariko amak sortu ditu, alderdiz eta kontraesanez josiak (ziurrenik, bere inguruko benetako emakumeei benetan begiratzearen eta entzutearen ondorioz), eta erditzearen/sorkuntzaren osteko ataka ugarien erdi-erdian paratu ditu, ekintzek, ekintzarik ezak eta era guztietako gogoetek osaturiko zurrunbiloan.
Narratzailea, emakume idazle ama dena, ordena kronologikoari jarraiki, besterik ez, emakume ume hiltzaile (hots, ama ohi) bati begira dago, kuriositateak jota, epaiketa batean. Zeuk, berriz, narratzaileari ere jakin-min handiz jarraituko diozu liburu osoan, mamitsuak bezain interesgarriak ditu-eta pentsamenduak, burutazioak, oharrak…

Usoa Alberdi Fernández / Aizu!, 2018-12

Ni hitzik gabe geratu naiz mirari hau irakurtzean. Ez baduzu oraindik liburua erosi eta irakurri, ez dakit zer egiten ari zaren zure bizitzarekin. Benetan. Zer ari zara?! Aurten inbertituko dituzun 20 eurorik probetxuzkoenak izango direla ziurtatzen dizut. Nik irakaskuntzan egiten dut lan eta lehenago azaldu dudan moduan, bi txakur dauzkat. Etxera oso -oso nekatuta heltzen naiz egunero eta normalean sofan etzan egiten naiz telebistan agertzen den lehengo tontakeria ikusteko asmoz. Garuna urtuta dudala bukatzen dut eguna. Beno, ba bi egunetan bukatu nuen marabila hau. Bi egunetan!!!! Hasten zaren momentuan, ezingo diozu irakurtzeari utzi. Lo egitea bigarren mailako beharrizan bihurtuko da. Jateak ez du axolarik. Zin dagizut Amek ez dute ikaragarri disfrutatuko duzun irakurketa izango dela. Benetan. Sinetsi diodana. Badatoz gabonak eta Mari Domingi bera, opariak banatu beharrean ziur mendi tontorrean duen etxean geratuko dela irakurtzen, zuk eskatu duzun alea zure tximinian utzi beharrean. Beraz, zoaz gaur bertan eta erosi zuk zeuk! Benetan. Ez zaizu damutuko. Objetiboki diñotsut: Amek ez dute eleberri bikaina da.

María Unanue / pikaramagazine.com, 2018-11-21

Txema Arinas
Oviedon, 2018/12/20

No hay comentarios:

Publicar un comentario

IRUINSEME EUSKARAFOBOA

        B adago nire Iruña maitian iruinseme prototipo bat oso-oso bitxia, xelebrea, egia esanda benetan ernegagarria, euskal argitaletxe ba...