Badut susmoa delako haur edo gazte literaturan zuriak eta beltzak nagusi direla koloreen paletan, hau da, haur edo gazteentzat propio idatzitako istorioetan ez dagoela erdibiderik, besteak beste haur edo gazte gehienek bestelako kolorerik bereizten, edo ez dute egin nahi, istorio batek aspertzen ditu, ala guztiz kontrakoa, liluratzen ditu. Horrexegatik ere maite dut hainbeste haur eta gazte literatura, ezer baino lehen zintzoa bezain zuzena delako, egileak ondo asko dakielako irakurlea kosta ahala kosta, eta batez ere ahalik eta arinen liluratu behar duela, ozta-ozta aurreneko lerrotik. Bada, beraz, benetako ariketa saiatu bat irakurleak asma ez ditzan istorioaren ahuleziak, akatsak eta batez ere originaltasun eza lotsagarria; ipuin pila dago irakurgai, bai, baina, tamalez, asko eta asko ahozko tradizioan oinarritutakoak daude edo Grimm anaienen bertsio gaurkotu hutsak ematen dute. Horrenbestez, irakurle ume edo gazteak halakorik topatzen duenean berehalaxe desliluratzen da, gaur egungo haur eta gazte literaturan originaltasuna, eta batik bat gaur egungo gauzetan oinarrituta, premiazkoa baitzaio istorio on bat behar bezala gozatze aldera.
Hona dakartzadan hiru ipuinotan, Nerea Arrienek idatzitakoak, lilura da nagusi, hau da, gaur egundo haur, gazte edo edozein heldu liluratzeko modukoa. Beharko, hiru ipuinotan edozein irakurlek eskatuko lukeen originaltasuna nabarmen baita, hau da, gaur egungo haur edo gazteen arreta hain arina edo zorrotza ganoraz erakartzekoa. Badu Arrienek aparteko abilezia, edota zehatzagorik esanda haur eta gazteentzako ipuingintzan hain arrunta ez den ezaugarri bat, estilo propio, berezi, xume, dotore, libre eder bat, non, irudimen benetan jori batekin batera umore sotilak ere dena zipriztintzen duen orrietan zehar.
“-Badakit aldrebeskeria dela zigorra gaiztakeria baino gehiago gustatzea, amatxo. Beharbada aitatxoren kontsultara (aita sikologoa da) joan beharko nuke. –Listo, badaki amatxok zerk arduratzen nauen.”
Pentsatzeko txokoa – Nerea Arrien
Umore sotila, esan dut, Nerearena baita benetako sen bizigarri bat ere bat, hau da, jostalaria bezain aldrebesgarria, istorioen nondik norakoekin batera bere idazkera ikaragarri orginala egiten duena.
Izan ere, Arrienen ipuinetako protagonistak haur bihurriak bezain bereziak izaten dira. Horrexegatik Pentsatzeko txokoa izenekoan neskatilatxo protagonista maisu edo andereñoek jartzen dioten zigorra maite du, pentsatzeko txokora bidaltzen dutenean gustukoen duena egiteko parada ezin aproposagoa topatzen duelako, hau da, pentsatzeko baino gehiago Scarlette O´Hara eredu duten perfomanceak irudikatzeko edo metaforak izan nahi dituzten metangorak asmatzeko.
Begi bistakoa da, nire ustez, Nerea Arrienek bere ipuinetan zabaldu nahi duen bizipoza, edo gutxienez bizitzari eusteko kemen bihurri edo jostalari. Atrapa eguna ipuinean irakurleari helarazi nahi dion kemen hori ardatza da, aitonak Manex mutikoari eguna, denbora ausaz, harrapatzeko erregutzen dio gaur egun nonnahi, eta familia giroan maiz ere kalterako, nagusi diren tramanluko digitaletako pantailetatik haragoko errealitate bat ere badagoela nola edo hala asmatzeko asmotan. Ipuin honetan Nerea Arrienek Tom Sawyer-en abenturak liburuarekin parekatze zinez goxo, eder eta batez ere adierazgarria egiten du, literaturaren gorazarre txit hunkigarria. Halaber, idazleak aparteko abilezia erakusten du istorioak albainutzeko eta gogoetak zein emozioak eragiteko.
“Aitonak orratzari so jarraitzen du. Nik, berriz, linternatxoa piztu, eta irakurtzeari ekin dot. Becky izeneko neskatila oreztadun batez maitemindu da Tom. Harrigarri iruditu zait hirugarren kointzidentzia hau. Harrigarria eta magikoa!”
Atrapa Eguna – Nerea Arrien
Eta zer esan Eskola Hodeian ipuinari buruz, Atrapa egunan pantailetatik at bizitza harrapatzeko gomendioa egiten bazion irakurleari, azken honetan pantaileen barruan ere pentsatzeko zein maitatzeko txoko bat topatzeko parada dagoela, edota hodeietan bezala egoteko eskola zabal edo libreago bat asmatzeko kasuko. Eta hau guztiau munduan zehar bidaiatu bitartean. Nire ustez norbanakoen libertateari zein maitasunari egindako kantu sano ederra, hunkigarria.
“Bueltan, ama aurkitu du hodeian kuxkuxeatzen. Nire gauzak arakatzen. Jasanezina iruditu zait.
Horiexek dira aireko bakterioak, hodei arteko tximistak. Atea zabalik edukitzeak duen arrikua. Emakume hobek behe laini artean ere helikopteroa gidatzen ba ote daki?
Eskola Hodeian – Nerea Arrien
Eta ezin ditugu ahaztu, haur eta gazte literaturan istorioak ilustratzeko oinarrikoak diren marrazkiak, nolabait ere bereizten dituztenak gainerakoetatik. Kasu honetan Estibalitz Jalonen marrazki izugarri apainak eta ezin egokioagoak Nerea Arrienen istorioetako protagonisten nortasun bihurri bezain berezia ezin hobeto erakusten dutena.
Baditugu, beraz, niri benetan zoragarriak begitandu zaizkidan ipuinak, pertsonaiekin zein euren istorioekin edo bizipenekin erabat liluratu nautenak, zeharo gogobete nautenak fantasia, umorea eta bizipoza zeinen trebe uztatuta dauden aldetik. Zer besterik eska lekieke printzipioz haur eta gazteentzat ustez behintzat propio idatzitako ipuin batzuei? Ezer baino lehen ebaztea umetan edo gaztetan halalorik irakurri izana zenbat gustatuko zitzaigukeen, batez ere heldutan gozatu dugun bezainbeste gozatze aldera.
Txema Arinas
Oviedon, 2019/03/22
No hay comentarios:
Publicar un comentario