Hitzen Uberan argiratutako ipuintxoa: "Martxoak 3 (bai, pelikularen uberan...
Istilu
ikaragarriak suertatzen dira hirian nonahi. Ezin naiz kalera jaitsi auzoko
haurrekin jolas egitera, arratsaldero bezala gure etxeko espaloian.
Arriskutsuegia omen da, behin baino gehiagotan hiriaren erdigunean ia egunero
ospatzen diren manifestazioak gure etorbideraino iristen baitira. Atzo bertan poliziak tiroka bost langile hil eta ehun inguru
zauritu zituen, auzo bateko elizan ikasle eta langileen arteko bilkura bat
galarazteko. Nire gurasoak samindurik zeuden oso. Egia esan, nagusi guztiak oso
atsekabe edo haserre omen daude, nire gurasoen senitarteko zein adiskideek
beste hizpiderik ez baitute etxera datozela; “ez dago eskubiderik, denok
garbituko al gaituzte?”. Orain dela pare bat egun edo, nire aitak hiriko
katedral berriaren ingururaino eroan ninduen bertan poliziak tiroz hildakoen
hileta ospatzen zen eta. Gure amak ez zuen nahi inondik inora ni haraino
eramatea, bertan jende andana egongo zelakoan. Ez zen, ez, berak zioenez, ni
bezalako zazpi urteko umemoko batendako lekurik egokiena. Hala ere, katedralera
bidean gindoazela aita eta biok, ni bezalako umemoko pila ikusi nuen euren
aitaren eskutik oratuta. Katedralaren sarbide nagusiaren inguruko harmailetan
geundela ezin ginen, ordea, nahi beste hurreratu hiriaren erdigunean zehar
hildakoen lankideek sorbalda gainean zeramatzaten zerraldoen segizioa gure
sudurren aurretik pasatzen ikuste aldera. Jendetza itzela zegoen gure aurrean,
bertako ia denak marmarka poliziaren balizko eta ezusteko agerpenaren kontura,
euren eta batez ere gobernuko barne ministroaren kontrako aldarriak
etengabekoak baitziren, baita herriaren mendekua argi eta garbi, eta gero eta
ozenago ere, eskatzen zutenak. Zerraldoak iristear zeudela, berriz, isila
nagusitu egin zen. Orduantxe, gure aurreko jende arteko zirrikituetatik
zerraldoak pasatzerakoan, nire aitak eskua estutu zidan gogor, doi-doi min
egiteraino. Areago, ondoko askok ukabilak altxatu ahala, nire aitak gero eta
gogorrago estutzen zidan eskua. Hala ere, ez nintzen kexa egitera ausartu,
bat-batean hedatu eta izugarri zurrundu egin zen, isilak galarazi zidan eta.
Nire aitari begiratu baino ezin nion egin. Haren musuari erreparatu nion,
hunkituta zegoen. Orduan, ez dakit nik oso ondo zergatik, ni ere hunkitu egin
nintzen.
-Denok garbituko gaituzte ala?
Nortzuk ziren denok? Katedral inguruko
hiletara joan aurretik aitari aditu nion bost hildakoak langile hutsak zirela, alegia
fabriketan lan egiten dutenetarikoak, gure izeko Agedaren senarraren modura,
lanabesak egiten zituen lantegi batean ziharduen Asturiasetik etorritako
gizontxo jator eta berritsua. Nire aita bazen ere langile fina eta porrokatua,
berak etengabe aldarrikatu ohi zuenez, inongo lantegian lan egiten ez zuena
baina. Hala ere, bazuen gustuko ere oso bestelako langilea zela azpimarratzea,
buruzagirik gabekoa, bere kabuz lan egiten baitzuen gure etxean antolaturik
zuen ile-apaindegian, behar beste orduz orrazi zein eskuko lehorgailuari
atxikita, etxeko gastuak eta ordaindu ahal izateko. Madrilen maisutza
industriala ikasi zuen garaitik, hain zuzen, gogoan zuen pelukeria akademia
irekitzeko asmoz aurreztearren. Gure aitak ez zuen beste inorendako lan egin
nahi, berak zioenez bere leinukoek sekula ez zuten halakorik egin. Bestalde,
denek lan egin behar zuten gogor, dela euren nagusiengandik jauretsitako
lursailetan su eta gar, dela ekinaren ekinez erosi zituztenetan, etxeko ez
zuten inoren ordainpean lan ez egitearren.
-Beste inork zapaldua ez izateko zure
lanaren jabe izan behar duzu, bestela akabo, bestela boteretsuen makurkerien
mendeko bihurtzen zara; gizon osoa izateko, gizon librea izan behar.
Eta baldin bazegoen boteretsuen makurkeriak
ezin errukigabeago edota gogotsuago babesten zituen zerbait, hori zen heldu
guztien ahotan zegoen diktadura
hitza. Endemas, gure osaba Keparen hitzetan, gure hiriko auzo hartako elizan
gertatutakoa gure hiriko langile mugimendu indartsuaren antolaketa eragozteko
propio antolatua omen zen, Madrildik bertatik, baita langileek joandako
asteetan herritar guztien eskubideak zapaltzen zituzten diktadura eta enpresaburu
diruzaleen aurka deitu eta erabateko jarraipena lorturiko greba orokorra
indarrez bertan behera utz zezaten ere. Gauzak horrela, dohakabeko egun hartan
eta goizeko lehen orduetatik hasita, poliziak manifestazio guztiak gogotik
erreprimitu zituen. Arratsaldeko bostetan berriz,
auzuneko elizan langileen batzarra egin behar zenean, suertatu zen
sarraskia; Polizia Armatuak —grisak—
elizan sartu ziren abadearen ohar zein erreguei muzin eginez, eta langileak
irtenarazi zituzten gas negar-eragilea erabiliz, nahiz eta esparrua itxia izan.
Eliza husterakoan, langile ugari jipoitu zuten. Hala ere, iskanbila nagusitu
egin zen poliziak pistolaz eta metrailetaz tiro eginda ehundik gorako pertsona
zauritu eta, guztiz lazgarriena izan zena, aitaturiko bost langileak hil
zituenean. Haietariko bi, tokian bertan hil zituzten; beste hirurak, ostera,
zauri larrien ondorioz hurrengo egunetan hil ziren ospitalean.
-Ikusten? Ez dute ezertan erreparatzen, mugitzen den
edonori tiro egiten diote. Denok garbitu nahian dabiltza eta.
Arratsaldero
bezala ere nire aitaren eskutik irteten nintzen hirian barrena paseatzera. Egun
haietan, aldiz, bagenekien ez zela batere komenigarria erdiguneraino
hurreratzea, istiluak nonahi eta noiznahi sortzen baitziren, gehienak ere ia
ustekabean. Izan ere, langile mugimenduak antolatu eta deituriko manifestazioez
gain, sarri askotan ere istiluak sortzen baitziren hiruzpalau gizakumetik gora
kale erdian bildu orduko, batez ere Alde Zaharretik gertu-gertuan egotekotan,
badaezpada, eta betiere edozein huskeriaren kontura, gehienetan begiratu makur
baten erruz poliziaren lechera bat
euren paretik pasatzerakoan edo.
-Begira putakume horri, bai ausarta, bai, pistola eskuan
manifestariei mehatxuka!
Auskalo nork dakien zein zuhurra zen nire aita, arratsalde
egun haietan erdiguneraino eramaten ninduela manifestari eta grisen arteko
liskarrak gertutik ikusteko, batik bat gure amari istiluotatik hainbat urrunen
joateko agindu eta gero. Ikuskizun benetan zalapartatsu eta batik bat
arriskutsua ni bezalako umemoko batentzat, sarritan poliziaren gomazko pilota
zein kezko boteetatik ihesi zihoazen manifestariak guganantz arrapaladan
jaisten baitziren Alde Zaharreko aldapetan behera gure gainera oldartzeko
arriskutan. Beldurrak geunden, bai, nire aita eta biok, baina aitari erreparatu
baino ez nion egin behar zein neurritan zegoen asaldaturik, poliziarekin gero
inoiz ez bezala benetan erresumindurik, gure begien aurrean gertatzen ari den
guztiari amorrazioz begira.
-Asasinoak!
Egun batzuk geroago, Manuel Fraga Iribarne eta Rodolfo Martin
Villa ministroak gure hirira heldu dira. Biak jotzen dituzte sarraskiaren
erruduntzat. Biok, Guardia Zibilaren zuzendariarekin batera, ospitalera joan dira zaurituak
bisitatzera, nire aitaren aburuz haien aurpegia garbitze aldera. Kalean,
haatik, egundoko istiluak sortu dira behin eta berriro, bi ministroen
itxurakeria salatzeko asmotan. Badirudi istiluok hain handiak eta bortitzak
izan direla ezen sekula baino polizia gehiago oldartu baitzaie manifestariei.
Izan ere, sirena-hotsak gero eta ozenago entzuten dira gure etxetik,
manifestariak gu bizi garen etorbideraino lasterka eta moltsoka iritsi ahala.
Koitaduak, nik esango nuke beldurra sumatzen zaiela begitartean gure leihoaren
azpiko espaloiraino arnasestuka iritsi eta atzera begiratutakoan direlako
grisak ere haien atzetik korrika datozela ikusi dituztenean. Orduan bai, izua
inoiz baino ageriagoa azaldu da kalean ihesi dabiltzanengan zein leihoetatik
begira daudenen deiadarretan. Ez da gutxiagorako, grisen furgoiak azaldu egin
baitira ia oharkabean etorbidean, sirenak garrasi, eta berehala jaitsi dira
hauetatik kasko eta ezkutuz ondo hornituriko polizia andana, eskuetan porrak
eta gomazko pilotak zein kezko boteak jaurtitzeko eskopetak daramatzatela.
-Uztazue gazte gaixo hori, ez dizue ezer egin, koldar
alaenak!
Orduantxe, zoro
moduan korrika zihoala behaztopatu, lurrera jausi eta bertan hiruzpalau grisek
inguraturik datzan gazte ihar tximatsu bat ikusi berri dut gure leihoaren
azpiko espaloian. Berari jo eta ke kolpeka ari ziren poliziak euren porrekin,
baita ostikoka ere. Are okerrago, artean polizia batzuk hasi dira euren gomazko
pilota-jaurtigailuekin tiroka, lurrean eroritako mutikoari egundoko jipoia
ematen diharduten agenteenganaino aldarrika hurbiltzen ausartu diren oinezko
batzuei. Gris batek oinezko suminduotariko bat paparrean jo egin du gomazko
pilota batez; lurrera erori da zerraldo. Ondoren beste gris batek tiro egin du
berriro, oinezkoek begiak estali dituzte atoan– badaezpada, azken egunotan
manifestari batek baino gehiagok begi bat galdu egin baitu gomazko pilota baten
erruz-, eta arineketan egiteari ekin diote ziplo. Gure amak ezin izan du
gehiago jasan, gehiegizkoa (demasekoa) iruditu zaio, benetan onartezina,
eskandalagarria. Horrenbestez leihoa zabaldu, burua luzatu eta bera ere
agenteei aldarrika hasi da ozen-ozen.
-Uztazue gazte gaixo hori, ez dizue ezer egin, koldar
alaenak!
Zerraldo eroritako
gazteari paparrean tiro bat jo egin dion grisak berak gure amari luzatzen dio
gomazko pilota jaurtigailua, kargatu berria omen du.
-Barrura sartzeko, emakume! –mehatxu egin dio poliziak
eskopetaz.
-Zoazte denok popatik hartzera, gaizkileak, zuek zarete
gaizkile bakarrak!
-Barrura sartzeko! –poliziak katuari eutsi eta gure amari
tiro egiteko imintzioa egin du.
Orduan gure aitak
besotik oratu eta barruraino bultzatu du gure ama. “Txoratuta al hago, ala gura
al dun txakur horrek hiri ere begi bat ateratzea?” Gure aita bere onetik at
zegoen. “Zer dela eta arriskatzen haiz hain modu txoroan, emazte?”, galde egin
dio orain dela pare bat egun edo manifestari eta grisen arteko liskarrak
gertutik ikustearren Alde Zaharreraino eskutik oratuta eraman ninduen gizonak.
Txema Arinas
Oveido, 2019/05709
No hay comentarios:
Publicar un comentario