- Bart gauean azaldu zitzaidan ametsetan Gabriel Arestiren mamua.
- Zer ba?
- Zer da euskarazko...
- Euskaraz gehien saldu eta euskaldun gehienek maitatua izateko oinarrizko edo ezinbesteko arauak.
- Zeintzuk?
- Lehenengo araua: Irakurle euskaldun gehienek derrigor maite behar dituzten istorioak idatzi.
- Barkatu?
- Bai motel, euskaldun zintzoak eta gaiztoak, bertakoen bertuteak eta kanpokoen akatsak ezin hobeto bereizten diren istorioak; esate baterako, Espainako Gerra Zibilean edo Bigarren Mundu Gerran kokatutakoak, non, gainera, zintzoak betiere euskaldun langile xeheak edo izan ohi dira, eta gaiztoak, noski, kanpotarrak edo kanpolarrosak.
-Ulertzekoa da, zuk esan bezala, denon gustuko istorioak.
- Bigarrengo araua: Hau aurrekoarekin erabat lotuta dago. Euskarazko idazle ikonikoak ez du sekula santan irakurle euskaldunik aztoratu edo atsekabetu ahal duten gaiei buruz idatziko.
- Zein...
- Euskal abertzaletasunak euskal gizartean duen hegemoniarekin lotutako inolako kritikarik edo. Zer esanik ez azken hamarkadotan pairatu dugun ditxosozko euskal gatazkari buruzko ezer!
- Ulertzen dut, bai.
- Hirugarrena: Posible baldin bada, edo agian ez, agian betebeharrekoa da, euskal idazle ikonikoak ezinbesteko euskal jatortasun maila bat izan behar du.
- Ez dut...
- Euskaldun herri txiki batekoa izan behar duela oinarrizko euskalduntasun hori egiaztatu ahal izate aldera.
- Saizarbitoria Donostikoa da...
- Saizarbitoria ez da euskal idazle ikoniko bat, Saizarbitoria literaturazale amorratuek zein literatura irakasleek bakarrik irakurtzen duten idazlerik iaioena, abilena, beharbada zailduena da, baita beteranoena ere.
- Nik uste...
- Laugarrena: euskarazko idazle ikonikoak ezin ditu ironia eta are gutxiago bitrioloa barra-barra erabili. Euskarazko idazle ikonikoaren estiloa betiere poetikoa izan behar da ezinbestez, hau da, metafora lege, aukeran mintzo melenga ere bai.
- Eta hori zergatik, zertarako?
- Zertarako? Euskarazko idazle ikonikoaren nobelatxoren batez denon gustuko pelikula bat egin dezaten, jakina!
- Barkaidazu, baina, susmoa dut euskarazko idazle ikonikoaren gaineko kontu aspergarri horrek nola edo hala Jon Sarasuak berriki bertsolaritzaren marko hegemonikoari buruz idatzitakoarekin lotuta dagoela.
- Hori niri ez galdetu!
- Nori ba?
- Arestiren mamuari berari!
- Nori, ultraeskuindar españolista horren mamuari?
No hay comentarios:
Publicar un comentario