Beste behin ere ospitalean gure amaren huskeria bategatik... omen. Oraingoan, berriz, hiriko erdiguneko Santiago erietxean -ni ordea Oviedotik Txaguraino xuxen-xuxen iritsi eta bertan ez zegoela asmatutakoan kaguendioka erdialderuntz ia ziztu bizian inkesta baten arabera Espainiako trafikorik kaskarrena, zitalena, ernegagarriena duen hiri erdipurdikoan barrena-. Santiago da hiriko ospitalerik zaharrena, bertara joan naizen aldiro, eta behin baino gehiagotan hementxe bertan kontatu dudanez, galdu egin naiz ospitale zentenarioa -euskera finean, hots, eskolakoan, ehun urtetik gorakoa...- laberinto bilakatu dutelako. Bai horixe, ikusi besterik ez dago egin behar ospitaleko zoruan margotutako marrak bisitariak nola edo hala gal ez daitezen. Nire kasuan, ostera, beti izan ohi da alperrik. Gogoan dut nire aitaita hemen ingresaturik zegoela galdu nintzen eguna, pasillo zein eskaileretan gora eta behera, txirriki-txarraka, beti noraezean: biharamunean ikusi egin nuen bere seme ileapaintzailearen seme nagusia zeinen baldarra, ergela, txoriburua zen enegarrenez egiaztatuz. Egia esanda, gogoratu ere egin berri dut, nire aitak aspaldixe kontatu zidanez, nire birraitonaren bat ingresaturik egon zela ospitalea benetan zentenarioa zelarik, hau da, gaixo guztiak makina bat oheko areto luze eta agian ospelean -orduko argazkietan behintzat holaxe ikusten da eta- zeudenekoa. Agidanez hanka bat okertuta edo ekarri zuten eta bertan dena okertu omen zitzaion hil arte. Badirudi ere hori Gerra Zibila hasi orduko suertatu zitzaiola nire aitaren amaren parteko aititari, herritik Frantzia aldera ospa egin eta Nafarrora iritsi aurretik, edo baliteke Nafarroan bertan, frankistek harrapatuta izan eta gero. Egia ote? Auskalo, gauzatxoak nire aitak kontatu ohi zizkidan nik ezer galdetzeke ezustean eta edozein txorakeriaren kontura, nik ez dakit egiazkoak ziren edo batek daki zer edo zergatik dena nahasten zuen, norberaren memoria ezer baino lehen nahaspila galanta izan ohi da ere. Bestalde, egiak ez dit batere inporta, egia betiere aspergarria edo etsigarria izan ohi da. Ez dut ulertzen, edo agian bai, eta ezin hutsalagoa begitantzen zait, gure nagusien, arbasoen, nondik norako guztiak asmatu nahia; zertarako? Ni nire aitaita ikusteko herrira joan gabe nengoen nire aitajaun-amandrenean bertan dena ezin aspergarriagoa eta etsigarriagoa begitantzen zitzaidan-eta familiaren kakazahar gorabeheratsuaren kontura; nirea egiazko, taxuzko, aitajaun bat baitzen. Egia bakarra eta borobila Santiagoko Ospitalari dagokionez, zera da, nire aitak ere bertan ingresaturik zegoenean aitortu zidana; Txagorritxun hamaika aldiz hobeto jaten da. Horrexegatik ere Txagura aldatu zuten egunean sendabidean zegoela uste izan zuen; alperrik, zer esanik ez.
jueves, 7 de noviembre de 2024
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
MAITEMINETIK MAITEPOZARA
MAITEMINETIK MAITEPOZARA https://youtu.be/R0S3C087Vic?si=wbYjIGZ4A4txOwdN Behiala izan nuen, Antzina, Bihotza milaka puxkatan Zatiturik. Ah...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario