miércoles, 19 de mayo de 2010

MILAKA ALDARRI NAFAR HIZKUNTZAREN ALDE



Izugarria badirudi ere, EAE delakoan, hau da, jeltzaleek asmatu eta euren gogara eraldatu egin duten komunitate horretan, hamaika hiritar euskararen irakaskuntza edo administrazioaren hainbat arlotan lanpostu bat eskuratzeko eskakizunaren kontra ari diren bitartean, euskaraz kopetaraino dauden hainbat hiritar izanda ere, badadude Euskal Herriaren bertze eskualde batzuk non euskararen biziraupena zein euskaldunen eskubideak kolokan izan ez ezik, oztopatuta eta kasu anitzetan debekatuta ere dauden. Iparraldeko euskararen gainbehera izugarria, hizkuntzaren hilzoria, alde batera utzita, joandako asteburuan Nafarroako euskaldunek euskaraz bizi ahal izateko eskubidea aldarrikatzeko manifa bat antolatu egin zuten Iruñan. Bertan bildu ziren milaka lagun, nafar gobernuaren euskararekiko jokabide murriztzaile, baztertzaile eta orohat etsaia salatzeko asmoz.

Ezin da bertzerik erran Nafarraoa euskararen arabera eskualdeka banatuta duen gobernu batez. Alde batetik euskalde euskalduna, gero mixtoa eta azkenenean, eta handiena, erdalduna. Aurrekoan legez behintzat posible da euskaraz ikasi, mixtoan ordea erdipurdika, betiere UPNkoek jarritako hamaika oztopo edota erazgozpen gainditu ezkero. Azkenekoan, zer erranik ez, odisea hutsa da bertako ikastola zein euskaltegiena, ingelesezkoei baino anitz behaztopo gehiago jartzen dizkiete-eta. Laburbilduz, Nafarroako legediaren arabera euskara ezta nafar guzien hizkuntza banaka bbatzuena baizik, eta zenbat eta gutxiena, gero eta hobeto, euskara, UPNkoek ondo baino hobeto uste eta nahi bezala, aberastasun bainoago osagarri abertzale txit arriskutsu bat da.

Dena dela, nafar euskaltzaleak erresuman barna sakabanaturik eta guzti, milaka omen dira. Haietako anitz ere ez dira euskaldunak, baina bai euren seme-alabak izatea nahi dutenak. Hori dela eta, Nafarroa osoa gurasoek euren patrikatik eta kosta ahala kosta ordainu zein eraikitako ikastolez josita dago. Badaude ikastola batzuk benetan aintzindariak izan zirenak, bertzeak bertze Iruñako Paz de Ziganda, Lizarrako Ikastola, Bianako Erentzun Ikastola, Tafallakoa, Zangozakoa, Irunberriko Arangoiti Ikastola eta abar. Dagoeneko haietatik irten badira zenbait belaunaldi euskaldun, hizkuntza nola edola menperatu eta erabiltzeko gogo edo desioa duena. Badaude ere pila bat nafar euskaldunberri euskaltegietatik sortutakoak. Ez batzuk ez bertzeek ez dute eskubiderik bere egunerotasun osoa euskeraz bizitzeko den-denak euskalduna ez diren eskualdeetan bizi direlakoz. Areago, badaude guraso pila, batik bat Irura inguruko zenbait herritan, ikastola bat eraikitzeko baimena zein ezinbesteko diru laguntza eskatu diotenak nafar gobernuari. Erantzuna beti ezetz, ez datorrelako bat euskararen legearekin edot ez dagoelako euskararako dirurik. Benetako zioa denok susmo eta asma genezake; euskara politika da, zenbat eta euskara gehiago, gero eta abertzale gehiago. Ez du ezertan horrela izan behar, Xabier Zabaltzak bere Gu Nafarrok liburuan ondotxo azaldu bezala, edo Aingeru Epaltzak berean, euskalduna eta abertzalea izatea ezta beti ezinbestekoa, halabeharrezkoa. Badaude nafarroan milaka nafar euskaldun abertzale ez direnak eta mikala abertzale ere euskaldun euskaldunak ez direnak. Hala eta guztiz ere, ez gara ari politikaz, euskaldunon hizkuntza eskubideetaz baino. UPNkoek uko egiten dizkiete. Adibideak edonon, irakaskuntzarena alde batera utzita, horra hor Euskal Herria Irratiarekin gertatzen dena. EH Irratia da iruñaldeko irratirik zaharretarikoa, badu entzule pila aintzinatik, Iruñerrian gainontzekoan baino euskaldun gehio bizi dira-eta, egia erran nafarroako eskualde euskaldunean baino gehiago. Alabaina, EH Irratiak ez du inolako baimenik emititzeko, legez kanpokoa da guztiz ezaguna izan arren, eta gutxi balitz bezala, hori ari da nafar gobernua etengabe itxi nahian. Ba al dago motibo zentzunezkoa EH irratia bezalako komunikabide guztiz ezagun eta entzun bat ixteko?
Ez al du betetzen entzulego zabal baten eskakizuna? Ez al dute Iruñerriko euskaldunek irratia euskeraz entzuteko eskubiderik? Badirudi ezetz, arriskutsua da UPNkoen begietara, horrexegatik xaxatu, oztopatu, legegabetu eta abar egin behar. Zeintzuk dira kasu honetan euskararekin politika egiten dutenak?

Hona hemen bertze adibide bat: eskualde euskalduneko gazte guziek badute aukera euskera ikasteko, baina betebeharrezko edo bigarren mailako ikaskuntza bukatutakoan Iruñako unibertsitatera jo behar dute ikasketei eusteko. Legearen arabera euskaraz ikasten jarraitzeko eskubidea dute. Errealitatea oso bertzelakoa da, unibertsitate publikoak ez baitie behar edo nahi bezain euskarazko ikasgai eskeintzen: ez dago dirurik, are gutxio gogorik edo inolako asmorik, eta egoskortu ezkero oso argi dute, joan daitezela EAEra ikastera!!!!

Bertze adibide bat, krisialdia dela eta nafar aurrekontuetarik zer edo zer murriztu ezean, zer da ezer baino lehen murriztu dutena???? Bai, jaun-andereok, euskararako diru languntzak; hau da, euskeraz egiten den oro ahalbidetzen duena. Eta egin egin dezakete, denok dakigunez nafarroako euskaltzaleak gutxi baitira, edo hori da behintzat UPNkoek uste dutena, horrexegatik ari dira jotake gure hizkuntzaren kontra, baztertu eta aukera izan ezkero sutsitu nahian ez dutelako aintzakotzat hartzen, egia esa ez dute Nafarroakotzat hartzen, ozta-ozta EAEko abertzale arrotz eta maltzurrek ekarritakoa baino.

Nolabait ere, eta gure hizkuntzarekiko hainbat eta hainbat eraso, mesprezu edo arduragabekeria jaso eta gero, badirudi nafar euskaldunak kexu dira, izugarri kexu, hori dela eta joandako larunbatean Iruñako karriketara irten ziren aldarrika. Ala ez al dute horretarako ere eskubiderik? Nik uste Sanz eta enparatuei galdetzekotan ezetz erranen zigutela, joandako larunbatean karrikaratutako guzi-guziak abertzale bortitzak, indarkeriazaleak edo sasiterroristak zirela, edota baita kanpotik propio etorritako milaka euskal inbasore ere.

Larunbateko manifa, badaezpada norbait duda-mudatan dabilen, zeharo arrakastatsua suertatu zen, baina oraingoz Nafar Gobernutik berririk ez, euskaraz ari zirenez gero...

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...