sábado, 30 de octubre de 2010

EMOTIONAL DA GAKOA


Bukatzen ari naiz Coetzeeren azkenekoa, zoragarria betiko lez, gustukoen ditudan gaur egungo idazleetariko bat, ia idazten duen guztiak badu bere mamia, berezia edo bitxia, baina betiere kitzikaria, benetan ernagarria. Badut asmoa, jakina, bukatutakoan bizpahiru esaldi esateko SUMMERTIME liburuaz, baina bien bitartean azpimarratu nahi nuke hizkuntza gutxitu eta txikien harira azaltzen den pasadizu txit gogoetagarri bat.

Liburuaren narratzaileari, edo Coetzeeri buruzko biografia egiten ari dela, bertarik bertara ezagutu egin zuten elkarriketatuetariko batek honako hau kontatzen dio surafrikar idazlearen akrikaner hizkuntza zein kulturarekiko jarrera erakuste aldera. Behin batean joan zitzaion Coetzeeri kazetari frantses batek Breyten Breyenbach idazle afrikanerraz galdezka, ea zer zeritzon olerkari honen lanari. Coetzeek erantzun zion: how hard it was for an outsider to appreciate Breytenbach´s standing as an Afrikaans poet, since his poetry was so deeply rooted in the voksmond, the language of the peoble. Erantzuna oso zintzoa omen zen, Coetzeek, jatorriz afrikanerra izanda ere, bere burua outsidertzat hartzen zuen-eta, gainera bere jatorrikideekiko harremanak ez ziren inoiz batere onak izan, gehienbat ingelesez idatzi eta betidanik Apartheid delakoa gaitzetsi egin zuen aldetik. Orduan kazetari frantsesak honako hau bota egin zion: Surely one cannot write great poetry in dialect. Horrezkero Coetzeeren jarrera erabat aldatu zen, benetan asaldatu baitzen, betoskoa ipini eta ixilean geratu zen. Kazetariak ezin zuen ezer ulertu, zer dela eta jokabide hori. Coetzeeren laguna eta bere biografiarako elkarrizketatuak azaldu behar izan zion ondo asko frantses gaitzesle harroari:

I tried to explain tha Afrikaners became very emotional when their language was insulted, tha Breytenbach would probably have responded in the same way. But the journalist just shrugged. It made no sense, he said, to write in dialect when one had a world language at one´s disposal (actually he didn´t say a dialect, he said an obscure dialect, and he didn´t say a world language, he said a proper language, une vraie langue).

Jakina, Coetzeek ez du afrikanerez idazten, ingelesez baizik, oso ingeles txukuna, jasoa eta batez ere saritua. Baina, momentu hartan afrikaner hiztuna ere zen aldetik mindu egin zen maite ere zuen bere bigarren hizkuntza iraundu egin zuela frantsez kazetari harroputz hark. Kazetariak ez zuen ulertzen, ezin zuen egin, Coetzeeren haserrea, berak oso argi zuen afrikanera bezalako hizkuntza txiki eta bere ustez ere trakets batez idaztea denbora alperrik galtzea zela. Noski, ez dut uste gauza handirik gaineratzea merezi duenik. Oso ageri da zer da azpimarratu edo nabarmendu nahi dudana, frantses kazetariarena bezalako hizkuntza txiki edo gutxituekiko jarrera ezkorra, erdeinuzkoa, euskaldunok etengabe pairatzen duguna erdaldunen partetik gure hizkuntza ikasi eta jorratu nahi dugunean. Zertarako denbora alperrik galtzea gurea bezalako miloi bat hiztunetik beherako hizkuntza batez. Zertarako ere fratsesa edo gaztelera bezalako hizkuntza nazioartekoak, handiak, eskura izanda? Erantzuna ezin da zuzenagoa, zehatzagoa izan, liburuan bertan azaltzen baita, egia esan ekarri berri dut aipuan: emotional zaigulako, maite dugulako, sentimendua delako kontuan hartzen dena eta ez pragmatismoa, amodietan suertatu bezala, ez besterik. Haiek, jakina, ez diote euren buruari halako galderarik sekula egin behar izan, ez dute hautatu behar, ez dira elebidunak, ez dakite zer da diglosia berdin maite dituzun bi hizkuntza izanda, horrexegatik ezin dute ulertu, ez digute ulertzen, ez gara praktikoak, erromantiko porrokatuak baino, denbora alperrik galtzen ari direnak, txotxolo hutsak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...