jueves, 7 de marzo de 2013

PASARTEAK: BORREROAK BADITU MILAKA AURPEGI



 Banoa nire euskarazko liburuen hainabt pasarte hautatu eta blogeratzera estreinako aldiz. Ezer gutxi ezagutzen dira, are gutxiago saldu dira, nik euskaraz argitaratutako liburuak. Badut susmoa ere gehienak liburutegi edo euskaltegietara zuzen-zuzen joan egin direla erakundeok erosten duten liburu multzoaren barruan, ez besterik. Bestalde, euskarazko hedabideek ez diete inolako jaramonik egin, baliteke txar-txarrak direlako, hutsaren hurrengoak, kakazirina, memelokeria garbi-garbiak; baina baita argitaratzen dizkidan argitaletxea euskalgintzaren hainbat buruzagi edo gururen susmopean dagoela, bere jabea ez bide baita gutxieneko abertzaletasun mailara iristen besteak beste, egon badagoelako ezinbesteko maila hori euskalgintzaren barruan nahitaez, ikusi besterik ez da egin behar, aldiz, euskalgintzaren buru argien eta ezagunenak abertzale peto-petoak direla, ekoizten dutena bezainbat, alegia. Kexu nago, bai, hortaz gainera doa blogau, ez harritu hortakoz. Edonola ere, aitortu beharrean nago nire euskarazko liburu gehienak oso kritikoak direla euskal abertzaletasunarekin, horrek ez du esan nahi inondik inora nire burua tarteka marteka abertzaletzat ez dudanik, baina bai nire balizko euskal abertzaletasun horren nondik norakoak oso bestelakoak direla gainontzekoen aldean, baita  euskal abertzaletasunari egiten dizkiodan kritikak haren hobe beharrez direlako ere, nire uste harroan euskal abertzale suharrek gaurdaino egindako akats edo oker guztiak aintzakotzat har ditzaten edo. 

Edonola ere, hona hemen nire aurreneko amua edo, iaz Hiria Argitaletxeak argitaratu zidan BORREROAK BADITU MILAKA AURPEGI eleberri motzaren pasartetxo bat.



 Zelan esan harengandik espero nuen bakarra hauxe zela: nire aldamenean urtegi zabalera ahoa zein begiak zabal-zabalik egotea. Askotxo kostatu egin baitzait, hamaika aitzakia zein erregu eman eta gero, merezi didan garrantzia sinestaraztea, batez ere Kikeren mihigaiztokeria argi eta garbi azalduta. Ez zuen inola ere ni laguntzea nahi, egia esan bazeritzon gehiegizkoa, oraindik oso ondo bereizten ez zekien zerbaitera behartzen zuelakoan edo. Hala eta guztiz ere, eta nik bakarrik dakidanez, eta behin eta berrigo erreguka egin ostean, Laurak men egin du bihar larunbata izango den aitzakiaz. Honaino gentozela, aldiz, ezin urduriago ematen zuen autoan etengabe zabuka edo, azienden nondik norakoak eragozteko zoruan jarritako burdinsareak zirela-eta, jauzika, guztiz okerra eta meharra den bigarren mailako bide erdi asfaltatu berritik. Infernuraino edo neramala beldurrak egon da harik eta azken urteotako eraikuntzaren neurrigabeko arrakasta delakoak bere errautsetatik arestian berpiztu egin duen Bagoeta herrixkara iritsi garen arte.



 Etxera sartu garela, ostera, ikaratuta ez, harri eta zur geratu egin da, gaixoa, zurbil eta guzti. Errua neurea izan da, ez baitut betarik ezer konpontzeko, biltzeko, garbitzeko edo bederen apurtxo bat abegikorrago uzteko. Den-dena zegoen hankaz gora, hau da, bakarrik eta gehienetan ezelango ardura barik bizi den gizonezko baten modura, eta utzitako anabasaz gain, nik uste etxearen beraren txirotasunak ere eragin handia izan duela Laura harritzerakoan.



-Supongo que no me habrás traído hasta aquí para que te recoja la casa.



 Irri xume bat egin eta atoan biok ohera zuzen-zuzen berriro. Agian ordura arte ez ezagututako esku/hanka/laztan/musuzabaltasun batez ere, larrua joka ihardun dugu. Bizpahiru isurialdiz gero urtegiaren gaineko ilunkeraren aitzakiaz Laura ohetik jaiki, nire gaurko elastiko urdina jaiki eta gero logelako leihoa ziplo zabaldu egin du.



Urtegi ondoko etxe batean bakar-bakarrik bizi den gizona.



 Horra hor hemen bizitzeko zio bakarra, hiriko zaratots zein marmar beti zitaletatik hainbat urrunen bizi nahia, baso, larre eta nire urbanizazio ondoko pagadiaren artean, ezin lasaiago nire etxearen osteko mendilerroaren itzalpean edota urtegitik heltzen zaidan sosegu telurikoaren eraginpean. Leihoa zabaldu ahala, edozein arima baretzeko moduko postalezko ikuspegi atsegin horrek ni ere zoratzen nau, ia egunero.



 Baina, ez zait sekula gustatu herri txiki batean bizi izatea. Ezta nirezko bizi esparrua. Nahiz eta inguru honetako edertasun zein baretasunaz gozatu, nekazal giroa beti arrotza eta batik bat bihozgogorra ere begitandu zait, nire oraingo eta geroko nekazal-zaletasuna itxurakeria besterik ezta izango. Hileak, egunak, urteak pasa ahala, badago beti zer edo zer, ez dakit bakakardea edota taberna falta hutsa, nahitaez atsekabetzen nauena. Nire burua kaletar peto-petotzat dut.



 Jakina, Laurak ez du hitzen beharrik honaino etortzeko zergatiaz ni aztoratzeko.



 Nire hiritik kanpo urtetan bizi naiz eta ez nuen inolako gogorik lehenagotik lagun edo ezagunak ez beste ziren gizakumeen artean bizitzeko, ondotxo dakizunez, behartuta bakarrik itzuli naiz, ez bainuen nora jo ez baldin bazen nire senitartekoen babesera, hots, nire osabaren agentziara.



 Lagunik? Izan nituen adiskide edota lagun guztiak nire ustez gehiegitxo koskortu eta agian mantsotu ere egin dira. Gainera, geure bideak ere nahikotxo bereizi egin dira halabeharrez, oso noizean behin bakarrik elkartzen gara eta berehala konturatzen naiz dagoeneko ez dudala eurekin mamizko ezertaz berba egiteko gogorik, dagoeneko euren kezkak eta neureak oso bestelakoak omen dira, egia esan nire aspaldiko adiskide edota lagunengan nire betiko gurasoak zein eurenak isladatuta, kalkatuta, ikusten ditut, eta horrek, nola ez, biziro izutzen nau, batez ere kontuan hartuta bai nik, bai haietariko gehienek ere, euren gurasoen bizi eta ikusmoldeen aurka esan eta egin ohi genuen guzti-guztia. 



 Inoiz koskortu nahi ez duen berrogei urte inguruko gizona.



Baliteke, garai batean, ostera, euren modura ere koskortzen saiatu nintzen, hau da, familia bat sortu eta, aspaldiko borrokak zein herrak alde batera lagata, derrigorrezko gizonezko zintzo bat izateari ekin nion. Porrot egin nuen neure izaerari uko egitea bakarrik lor ziezaiokeen alferrikako saio batez, bai nire orduko emaztearekin, bai etorkizuna bermatzeko saioetan eta zer esanik aita gisa. Egunetik egunera nire burua kale gorrian ikusi eta gainera esku hutsik. Horrezkero, gutxien arduratzen nauena gainontzekoen begien aurrean behar edo espero bezalako gizonezko zintzo, otzan edota esaneko bat ematea da. 



Beraz, ez dut koskortu nahi.



Baina, hain bihurria al nintzen?



 Beldurrak nago ezusteko aitorpen honek Laura uxatuko duen. Esan badit aldez aurretik ez duela nirekin ezer seriorik gura, are gutxiago elkarrekiko etorkizun asmorik edo. Egia esan, eta txantxetan edo, esan badit ere balizko etorkizun bat bilatu ezkero ezin zaiola ni baino hautagai txarragorik, ezegokiagorik, begitandu. Eskertu egin diot zintzotasuna, ezinbestean. Laura zuzen dago, ez nuen besterik espero bera bezalako emakume buruargi eta batez ere zuhur batengandik. Dena dela, bai teorikoki nire semearen amarekin ezkondu aurretik eta bai esperientziaren bitartez berarengandik banandu ostean, emakumeez inola ere ez fidatzen eta areago gogoanhartzen ikasi egin dulakoan nago, ondotxo jakinda ere nire oraingo misoginia babes ala zuribide moduko jokabide inozo bat besterik ez dela. Gezurrontzi hutsak dira, batez ere sentimenduei dagokienez, etengabeko disimulu bati eusten baitiote helburu bakar batez, hautatu duten harrapakinaren gaineko kateak apur-apurka gero eta tinkoagoak bilakatzearren.



 Zuk ere ezin duzu esandako hori seriotan hartu. 



 Baina ikaragarri gustatuko litzaidake benetan sinistea, aitzakia bikaina bailitzateke gaurdaino egon garen bezala luze jarraitzeko, ez baita Laura bakarrik inolako konpromiso gabeko harreman baten bila dagoena; nik ere bera bezalako ohaide baten zain nengoen aspaldiko partez.



 Eta behin berriro ea gaztetan oso bihurria izan nintzen etxean zein kalean. Zenbateraino jakin nahi luke? Hobe dugu hori bertan behera uztea,  esango diot soilik kartzelera bidean ipintzerainokoa izan zitekeela.



Zenbat eta elkarrengandik gehiago jakin, gero eta okerrago hain gogoko dugun ustezko libertade arduragabeko honetarako. Askeak izateko, bene-benetan askeak, hau da, elkarrekiko erantzukizun bakarra oheko izaren azpikoa, orainaz behar beste eta iraganaz aipatzekorik ez, horrela bakarrik jakingo dugu batzen gaituenak ez duela inolako etorkizun asmorik edo aukerarik. 



 Laura ezin da konformeago egon, horregatik, izandako elkarrizketa ezinbestekoa izanda ere behin betiko agortu delako, leihoan haren ondora jartzeko eskatzen dit, aurreko zuhaitzok pagadi bat al dira? Nola du izena ondoko herriak? Eta urruneko mendi haiek?





- No me imaginaba que hubieses sido tan rebelde.



 Une batez duda-mudatan adinaren kontura bakarrik zirikatu nahi nauen, bestalde, benetan jakingurak dagoen nire iraganaz.



Politika kontuak.



-Ah, bueno, entonces no quiero saber nada.



Eta nik ez nuen besterik espero hain gaztea eta itxuraz behintzat apurtxo bat konbentzionala ere ematen duen neska batengandik, hau da, gaur egongo edozein gazte arruntengandik, eta guztiz gain ere kanpotik etorritako batengandik, Laura hemen jaio eta oso haurra zela bizi arren Madriletik etorri berria baita, hots, ez duela nekez, eta zorionez, Euskal Herriko sasoirik gatazkatsuenak ezagutzeko edota hemen bizitako bipolarizazio nazkagarriaz blai egiteko paradarik izan. Bestalde, horixe da ere harekin hain gustura egoteko beste oinarrizko zio bat; politika, berez hain gauza saihesgarria izanda, ez dela inola ere gure artekoan oztopo edo auzi-biderik izango.



-Al menos espero que  no tuvieras nada que ver con esos hijos de puta de la ETA.

Borreroak baditu hamaika aurpegi - Txema Arinas



No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...