Gogoratu besterik ez dut egin behar familia giroan entzundakoak euskaraz egiteko medikuen beharraren kontura, gehienak erdaldunak izanda nire amaren senitarteko gasteiztar peto-petoek ez zuten oso begi onez ikusten halako aldarrikapen xumea. Azkeneko hau gehiegizkotzat hartzen zuten, batez ere hainbat urtez euskaraz egiten zen kultura apala sustatzeko diru laguntzak barra-barra eman eta gero, ikaskuntza goitik behera euskararen zerbitzupean ipini eta gero, euren eguneroko paisaia iragarki elebidunez zipriztindu eta gero. Garai batean bai, ondo zeritzoten euskararen sustapenari, azken finean geure arbasoen hizkuntza, boronoek ere euren hizkuntzaz egiteko eskubidea badute, guri bost axola bakean utzi bitartean, gu ez gara euskaldunak, gu baskoak gara kokapen geografiko huts batek hala diolako eta kito. Urteak pasa ahala, ordea, sudurra zimurtzen hasi ziren. Diru gehiegi gastatzen omen zen euskararen alde, euren dirua, gero! Baina hori ez zen gehien edo egiatan aztoratzen zituena. Euskararen edonongo presentziak, hain presentzia apala edo azalekoa bakarrik izanda ere, hau da, ditxosozko iragarkiek eta txitean- pitean kalean euskaraz egiten topatzen zituzten ikastola-kume koskorrek edo txakur eta haurrei egiten zieten gurasoek asaldatzen zituzten, kanpokoak bailiran sentiarazten zituzten. Eta jakina, haiek ez ziren kanpokoak, euren txoko maitea euskalduntzeko asmoz eta barbaroen modura oldarturiko boronoak, eta zer esanik ez hiriko bertako euskobobo edo euskokoñazoei buruz, egunero euskararen leloarekin jo eta ke ari ziren abertzale gogaikarriak. Esan behar da ere herri oso baten hizkuntza izaera errotik eraldatu gura zuen politika batek nire senitarteko hauen euskararenganako beldur eta mesprezuan eragin handia izan zuela. Euskal erakundeetatik iristen zitzaien zenbait aldarrikapenek izugarri ernegatzen zituen, ez zekiten bertako jatorrizko hizkuntza, ez zuten ikasi nahi, ez zuten inolako asmorik euren seme-alabek ikas zezaten, orohar ez zitzaien batere ardura euskararen etorkizuna euren hizkuntza ez baitzen, are gutxiago euren ustez erabat baserritarra eta batez ere kantabrikoa omen zen euskarazko kultura, antzekorik baldin bazen, haietako asko eta askok dudatan jartzen zuen-eta. Ez ziren beraz euskal erakundeek espero bezain euskal hiritar jator eta batez ere zintzoak. Abertzale gehienen maximalismoari aurre egitearren, eta badirudi maximalismo hitza uste eta nahi baino gehiago azaltzen ari dela, beste –baina ez oso bestelakoamaximalismo bati eusten hasi ziren, euskararekiko arduragabekeriatik ikusiezinera aldatu egin ziren; aurrerantzean euskara ez zen ikusi edota entzun egiten ez zen zerbait, euskara haien eskubideak murrizteko ezerezetik sortutako zaharkin bat besterik ez zen. Hau guztiak, noski, ikaragarri mintzen ninduen. Baina, nire senitarteko batzuk euskararekiko erakusten zuten ezinikusiak baino gehiago, zinez erresumintzen ninduena eurekin bat ez zetorren ororekiko erakusten zuten mesprezua, nire Estibalitz maitearena tupustean gogora ekartzen zidan-eta. Halakoetan banuen, jakina, zer edo zer esateko gogo bizia, hau da, euskararen sustapenaren zioak zilegizko ikuspuntu soziokultural huts batetik erakusten saiatzen nintzen, edo gutxienez euskararen mundua abertzaleen eskuetatik, eta batez ere euren xedeetatik, libre edo aparte ikus zezaten. Guztia alperrik, ez zien batere ardura nire argudioen edukiak, ez zioten euskaldunek Euskal Herrian edonoiz eta edonon euskaraz egiteko aldarrikatzen genuen eskubideari erreparatu gura, ez zitzaien axola nire asmoa behintzat helburu hori errealitateari bizkar eman gabe baldin bazen ala ez, oro har euskarekiko zerikusi zuen guztiari muzin egiten zioten, dena lekuz kanpo omen zegoen geurea bezalako XXI mendeko gizarte batean, gehiegizkoa zen, euren zergez egiten zen neurrian lapurreta moduko zerbait, eta beti-beti ingelesaren leloa ahotan erabili ohi zuten, halako parekaketak buru-buztanik ez zuela behin eta berriro azaltzen saiatu arren, bihotzeko hizkuntza zenak ez zuela zertan parekatu beharrik poltsikokoarekin, ez zirela beraz bateraezinak, eta batez ere halako parekaketa egiten zuten gehien-gehienak ez bata ez bestea ikasteko gertu zeudela etengabe egiaztatu arren. Nola ez asmatu haiekin hitz egin eta nire maite abertzale sutsuarekin berdin-berdin, nola ito ez egin jauregi honen itzalpean egonda ere halako gogoetarekin.
—Y ya sólo nos falta que nos venga el intelectualoide de turno a decirnos que se puede aprender, no sólo una, sino dos, tres, todas las lenguas que se quieran con solo proponérselo. Vamos, hombre, que llevo más de veinte años yendo a todo tipo de academias y todavía soy incapaz de mantener una conversación con un tío Birmingham.
No hay comentarios:
Publicar un comentario