sábado, 16 de marzo de 2013

OSPITALE EGUN ELURTSUOK







A ze nolako astea! Bai, nire gurasoak ospitale banatan ingresaturik, bata erdigunekoan eta bestea hiri ingurumarietakoan. Orain dela astebete nire amaren aspalditik hitzaturtako operaziorako etorri ginen, asteazkean Oviedora itzultzeko asmotan gauzak behar bezala suertatu zirela egiaztatu eta gero. Hori zen geure asmoa, baina orduan nire aita ere ingresatu egin zuten ezustean arritmia bat zuela medio, ondorioz haren bihotzaren nondik norakoak asmatzeko frogak-eta egin dizkiote edota gutxienez etengabeko ikusketapean mantendu dute harik eta atzenean datorren astelehenean taupagailu bat ezarriko diotela ebatzi arte. Bien bitartean nire emazteak eta bi semeek Asturias alderantz ospa egin zuten tupustean asteartean elurraren beldur. Bakarrik utzi naute aste osoan, bakarrik nire gurasoen Gasteiz inguruko etxean, hiritik hamar kilometrora gutxi gora behera, eta okerrena, benetan petrala, sano txarto egia esan, nire etengabe zein ezinbesteko joan-etorriak egiteko ibilgailurik gabe. Oinez bajatu beharrean egon naiz hiru egunez, egiatan eta printzipioz behintzat batere axola ez didana, Oviedon bertan ia arratsaldero ordubete oinez egin ohi baitut. Baina, jakina, gauza bat da arratsaldero ordubeteko paseo lasai eta txit atsegina eta beste bat premiazkoa denean edo, areago, egun osoa han hemenka eta antxintxika pasatu behar duzunean nahitaez. Azken gauotan ezinbestez lur jota bukatu dudala esatea motz egiten zait, oso motza.

Alabaina, betiere Murphyren legea tartean, goizeroko ibilaldi luzearekin aski ez banu bezala, asteazken gauean elur egin zuen. Goizean goiz Berrozti inguru osoa elurrez estalita zegoen, goiko argazkietan ederto erakutsi bezala. Zera esan nahi dut, egun horretan mendi-ibiltari goiztiarrarena egiteaz gain  Admusenena ere egin beharrean egon nintzela, Gasteiza bajatu ordez Iparburura bidean banindoa bezala. Goiko batean ondo asko ikusi bezala ere, Gasteiz atariraino iritsi orduko elurrezko panpina ematen nuen nahiz eta nire buruari argazkitxo bat egiteko kemenik ez izan. Honez gain ere, hirian zehar ibiltzeko ere sekulakoak, esan nezake Mendizorrotzatik Txagorritxurako irristaka joan nintzela, eta bai, exajerazio hutsa litzateke, eta zer?

Elurra. Oviedon bertan ere elur egin zuen aspaldiko partez, eta elurrak, nik neuk behintzat hamar urtetan ikusita edo jakinda, lehenengo aldiz hiri ingurumariak ere estali egin zituen, nire emazteak mugikorretik ederto erakutsi zidanez, geure etxe aurreko parkea zuri-zuri baitzen, gauza benetan ikaragarria bertakoentzat, haurrentzat batik bat, zoratzen ari zirela elurrarekin olgetan, ez baitute aukera handirik elurrarekin gozatzeko ez baldin badute mendialderantz jotzen. 

Oviedon bertan jendea pozez zoratzen ari zen elur gainean bertako lagun batek ere adierazi bezala telefonoz. Gasteizen, berriz, oso bestelakoa zen, bazen urteko laugarren elurtea eta nire sorkide gehienak potroetaraino zeuden, batez ere udaberri aurrean gaudela negu ez gogor baina bai ikaragarri arraro, aldakor eta bukaezin baten ostean. Kaleko oinezkoen musuan zein taberna edo ospitaleko jendearen solasean erreparatu baino ez zenuen behar aldarte txarra nagusi zela asmatzeko, hau da, denok betozkoa jarrita. 

Baina tira, ondo pentsatuta ere, Gasteizen nago, eta betozkoarena ezta ezer apartekorik, hiri alu honetako ikurra baizik, itzel kosta egiten baita, asko gainera, gizalegetsu tratatzeaz -hemen oro har gizalegea bete egin ohi da gutxienez- gain abegitsu ere egiten duen norbait. Bai, badakit batek baino gehiago leporatuko didala behin berriro gehiegikerietan ari naizena. Eta baliteke, noski baietz, baina Txagorritxura bidean nindoala, Avenidatik zehar joan nintzen, hau da, ni txikitan koskortutako kalean, nire auzo zaharrera bueltan, eta zera otu zitzaidan, txikitan bizi nintzeneko portalearen ondoko kiosko batera sartu egunkariak eroste aldera, oraindio zabalik bazegoen kioskora, txikitan hamaika aldiz sartutakoa nire aitak igorria egunkaria zein tabakoa erostearren. Behin barruan kioskokoari agurtu, egunkariak eskatu, dirua luzatu eta... bada niretzat agurrik ez, ezta begiraturik ere, zertarako nire agurrari erantzun, noski, merezi ez nuen eta, baliteke nire piura bertako neskari batere atsegin ez izana, mehatxukorra akaso, edo baton batek daki, zergatik abegitsu jokatu ez ezik, hori badakit gehiegi eskatzea dela hiru puta honetan, baina lehen esan bezala, gizalegetsu behintzat bai, ala bestela non demontre ikasi duzu zuk, neska, zein izan da zure hezibidea, ezin kaskarragoa delako. Eta orduan bai, kioskoko neskaren aldarte gozageari erreparatu nion eta behingoan jabetu egin nintzen, aurreneko aldiz bene-benetan, haurtzarora ez ezik, nire sorterrira ere bueltan nengoela, duda izpirik gabe.



No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...