viernes, 6 de septiembre de 2019

BERE BURUA ZELTIARTU GURA ZUEN MUTIKO EUSKALDUNA

 



"Bere burua zeltiartu gura zuen mutiko euskalduna"ri buruzko zenbait hitz Hitzen Uberan.eko Komunitatea sailean: http://www.uberan.eus/…

Azken egunotan Asturias mendebaldeko marinel herriska batean egon naizela, Galiziako mugatik gertu eta “fala” izeneko hizkeraz egiten den lurraldean kokatuta (filologikoki galizieraren aldaera bat asturieraren hainbat eragin edo maileguz; baina politikoki eta segun norekin berba egiten duzun auslako zer, bertako gehienek euren hizkeraren gailegotasunari uko egiten baitiote euren asturiartasunaren kalterako balitz bezala edo; bai, han ere txakurrak oinutsik...parada handia izan dut, herriko jaiak zirela eta, gaitaren nondik norakoei buruz nire jakinmina asetzeko gaitajole saiatu batzuei esker. Ezta gaitarena, ez, oso gogoko dudan doinua. Egia esanda, maiz ere nire onetik ateratzen nau, batez ere ezustean harrapatzen nauenean, gauza benetan arrunta Asturias aldean bizi zarela. Narritagarria, sorgorgarria, deritzot gaitaren soinuari. Halere, aitor dut bizpahiru soinu jarraian eta atseginez entzuteko gai naizela, hirugarrenetik gero asaldatzen hasi ohi naiz. Edonola ere, eta aipatutako gaitajoleekin hitz eta pitz ari nintzela medio, gaitaren mota ezberdin zein kanpoko eraginen kontura, zeltiartasunaren kontua hizpidera atera eta HIRIAkoek behiala argiratatu zidaten liburu bat, non mutiko euskaldun batek bere burua kosta lain kosta "zeltiartu" gura zuen, nolabait esatearren, gogora etorri zitzaidan ia ustekabean. Edo bestela esanda, aitak semea/protagonista txistulari izatea nahi zuen; baina bera txistuari muzin eginez gaitajole bilakatu zen semearen istorioa. Ditxosozko euskal gatazkari buruzko parodia zorrotza izan nahi zuen funsgabeko istorio bat, oso gazterik baino idazten ez zirenetarikoa, hogei urte inguru, betiko lez inori batere gustatu ez zitzaiona txorakeria sorta bat baizik ez zelako. Zorte txarra, nik Günter Grassen "Die Blechtrommel" nobelaren euskal bertsioa egin nahi nuen eta, itxuraz, Asterixen pasarte baten parodia lotsagarria suertatu zitzaidan edo. Hona hemen nobelatxoaren pasarte bat kilimon egindako anbizio baten lagin modura.   

"Aurkikuntza ederra, ezustekoa baina ederra, inolako gogo eta etorkizun barik txistuaz jo eta ke ekin ostean musikatik bizi ahal izateko asmotan, eta aurkitu berri nian instrumentu zoragarri hura, sekulan entzundako doinurik ederrena, zuzenena, harrigarriena, Munchen garrasiaren antzeko zirrara bat eragiten zidana, nire bizitza iraultzekotan zegoan. Popatik hartzera euskal tutu alu horrekin! Gora zeltiar tutuak! Harrezkero, nik neuk hain liluragarria zen doinu hura zahatotik ateratzeko neure hatzak gaitaren hiru tutuei helduta eta ezpainak pitan jarriak ikusten nitian. Hasieran Liam O´Flym-en doinua bera erauzi nahi nioan, geroxeago, horrek trebezia handiegia eskatzen zidala konturatu orduko, halamoduzko doinuren bat edo ateratzearekin moldatzen ninduan. Hain garbi eta ederra ez zen doinu bat, baina bai irlandarrarena bezain hunkigarria. Nola nahi ere, gaita ezagutu orduko nirekin batera beti izango zela berehala asmatu nian. Asmatu ere egin nian aurrerantzean ezinbestekoak izango zitzaidala jendearekin hitz egiteko, nire egonezina uxatzeko, alaitasunaz blai egiteko, porrotak ahazteko edo zorionak oroitzeko, hots, inoiz izan ez dudanaren minaz gozatzeko. Ziur nengoan gaita jotzen hasi bezain laster nire ordura arteko aldartea erabat aldatuko zela, baita inguratzen nindutenek nitaz zuten iritzia ere, alfer zein ganorabako hutsa, ezertarako kemenik ez zuena, erronka guztietan porrot egiten zuena, bere bizi osorako erretilu bat esku batean eta bestean garbitzeko trapu bat izango zituena, nintzelakoan edo. Ametsetan hasten ninduan gaita jotzen hasi eta suertatuko zitzaizkidan zorioneko aldaketa guziez, ametsak amets, aita nire gaitatik ateratako The Rocks of Bawn ala Foliada de Elviña bezalako doinu batek liluratuta begitantzen zitzaidaan, orduan nik bizitzari aurre egiteko nian ezgaitasunari buruz egindako iruzkin zitalak irentsi behar izango zitian, erdeinuzko hainbat eta hainbat berba. Erakutsiko nioke nire aitak leporatzen zidan alferkeriaren eta batik bat ikasketak, euskaltegia, dantza taldea, mendigoizale taldea eta txistulari taldea bertan behera lagatzeko nuen benetako zioa: hori guztia inposatuta izan zitzaidala, nik ezetz esateko inolako aukerarik izan ez nuela, zeren eta aitak agindutako guztiari men egin baldin banioan bera pozik egon zedin bakarrik izan baitzen, berarekin errieta ez egiteko bere aiurri bihurria ez pairatzearren, eta Sabandotarren omenezko helburuak, egitasmoak, asetzeko kapaz ez nintzenez gero, ezin nian beregandik inolako maitasun keinurik espero, beraz beragandik nahi nuen gauza bakarra bakean uztea zuan."

GAITAJOLEA - Txema Arinas

No hay comentarios:

Publicar un comentario

IRUINSEME EUSKARAFOBOA

        B adago nire Iruña maitian iruinseme prototipo bat oso-oso bitxia, xelebrea, egia esanda benetan ernegagarria, euskal argitaletxe ba...