Guztiokin hitz aspertuak egiteko mania pertala bezain zitala.
Zure lagunak esan dio liburuak idazten dituzula, zuri ez zaizu ezezagun bati halakorik esatea bururatzen, ez eta torturapean ere. Berak sekula leitzen ez duela erantzun du ozen eta harro, eta hori inork deus ere esateke. Ez du betarik, oso lanpetuta ibili ohi da beti, ez eta pelikulak ikusteko edo kontzertuetara joateko ere, Egia guri argi eta garbi esanda, kultura ez dio batere axola, garrantzi gehiegi ematen zaiolakoan dago, gehienetan handiusteko listopasatu alu batzuek jende xeheari kaka hutsa irentsi arazteko asmoz, bera bezalako jende xeheak kultura gorena maite ez duelako, herrikoa baino, hau da, ulertzen duena, gainerako guztia iruzur galanta. Eta zu amore eman beharrean zaude aspaldi erabaki baitzenuen ez zuela merezi halako usteak dituen inorekin denbora alperrik galtzea, Zertarako? Mundu berean bizi gara, bai, espezie berekoak omen gara; baina, ez gara gogaideak, gure bizibideak bateraezinak dira, ez gara inoiz adiskidetuko. Hori bai, zuk ez duzu hitzerditxo bat ere esan; berak, ordea, bere iritzia kosta hala kosta azaltzeko premia handia omen zuen.
Ezina eta ekina
Ezinezkoa, potxak almejekin zein legatza (duela astebete inguru asturiar lagun batek bazkaltzeko atera zidan bezala ni aho bete hortz utzita) perrexilik gabe prestatzea, areago Gasteiztik bueltan Oviedoko terrazan perrexil oihan batekin topo egin duzunean..
Ekinezkoa. Egin beharrekoa, premiazkoa, gobernu bat osatzeko, batez ere behar beste bozka dituzunean, besteak beste hiritarroi adarra enegarren bider ez jokatzearren hauteskunde berri batzuekin.
Gainetik, azaletik, baino ezagutzen ez zaituztenon amaigabeko handiustekeria, hots, nor zaren, nolakoa zaren, zer pentsatzen duzun, zeren alde ala kontra zauden lotsa apurrik gabe asmatzen ausartzen diren horiena. Eta ixildu beharra duzu, ezin diezu batere arroposturik egin ondo asko badakizulako haiek zuri leporatutakoa ezeztatu ezkero, aztoratuko direla, erasoa zurea bailitzan bakar-bakarrik; bai horixe, ez duzula ezer agoantatzen, beti liskar bila ari zarela, erretxin hutsa. Eta ez duzu egiten, ez, baina ez zuri batere axoka ez dizulako, ondoan, inguruan, duzun beste hori ez asaldatzearren baizik, halaxe beste bati agindu egin zeniolako, alegia. Halere, bai erretxintzen zaituela potroak etengabean, ezustean eta eurrez ukitzen dizkizuten horiei tutik ere esan ahal ez izateak betiere denok bake santuan egon gaitezen nahitaez; egunen batean ordea...
Edonora zoazela ezagun zintuztenak zugandik aldentzen saiatzen dira kosta lain kosta, ezari-ezarian, badaezpada. Edonorekin zaudela beste batzuk kritikatu behar dituzu errukigabe eta ezinbestez. Edonor alboan duzula zu bera baino hobea zarela adierazi behar diozu etengabean. Edonork edozer kontatzen dizula zuk beti jaramonik ez, harik eta zu zure gauzei buruz kontu kontari hasi arte, jakina. Edozein gai hizpidera ateratzen dela zuk betiere pertsonalera saihestu behar duzu nola edo hala. Betiere zure inguruko guztiok epaitzen, gutxiesten, gaitzesten. Dena da okerra, gaiztoa, zakarra, zekena, etsigarria, zaurgarria, itsusia, debaldekoa zure aho puntan. Ez zara, ez, inor zoriontsua egiteko jaioa, guztiz kontrakoa baizik. Ezinegonaren hazia ereintzen duzu edonora zoazela, edonorekin zaudela, edonoiz, edonola.
No hay comentarios:
Publicar un comentario