lunes, 30 de noviembre de 2020

EGUNOTAKOA



Egunean baino egunean etsituago
Gauez esna izoztu bailitzaidan denbora
Nire arimaren egiazko iluntasunaren beldur

 

Egunean baino egunean aspertuago
Desetorkizunak ez nau eramango inora
Etengabeko porrotek utzi naute harri eta zur

 

Egunean baino egunean larrituago
Iraganean ere ez nengoen oso gustora
Denboraren poderioz ezinegona badut ikur

 

Egunean baino egunean nekatuago
Ordua da ametsak botatzeko kanpora
Kostata baina azken finean nire gabezien ziur

 

Egunean baino egunean izutuago
Eguna argitu du, izuak utz ditzadan gerora
Etxe badut, elur melur, ez naiz gauaren beldur




Ez naiz ni, ez, oso rapzalea, egia esan deus ez; baina, aitortu beharrean nago, pozarren gainera, aspaldi honetan euskalgintza gero eta anitzagoa, nabarragoa, begitantzen zaidala belaunaldi berriei esker, gero eta irekiagoa, interesgarriagoa, iradokiagoa. Eta gainera, beste behin ere Araba aldetik, psikologia ikasten duen txinatar jatorriko neska baten eskutik https://www.argia.eus/argia.../2710/uxue-iturrate-ningra. Beldur naiz niri bitxia begitantzen zaidan dagoeneko agure bat, zakilzahar bat, naizelako, hau da, gaur egungo euskaldungo gaztea nik/guk uste baino aberatsagoa, eta batez ere kaletarragoa zein konplexu gabekoa delako. Beldur naiz ere nire belaunalditik gorakoak ez diren jabetzen ala agian ez duten nahi aldez aurreko aurreiritziei atxikita bizi baitira, hau da, oraina den etorkizunari sinesgogorrik bezain soraiorik.

Bitxia da gero postetxera joatea eta bertan, Covid19ko arauak direla medio, ordura arte digitalizatuta zegoen oro, hau da, txandaren txartela hartzeko makina edo txanda iragartzeko panela edo, bazter utzi eta gero dena lehen bezain ondo, hur-hurrean hobeto, dabilela jabetzea.

Are bitxiagoa ere, posta-langileetariko batek oso modu zakarrez ate ondotik baztertzeko eskatzea (nolatan nahi zuen txanda asmatzea ez baldin bazen ate ondotik, barruan debekatuta izanda?), eta zuk, zure paketea jasotzeko txandaren ostean, bere lehiatilaraino joan eta ea ez zekien gauzak gizalegez eskatzen, hau da, mesedez, arren, faborez, otoi, denon aurrean ozen-ozen galdetu eta gero, egia esan errieta egin eta gero, berak baietz, zuzen zaudela, sentitzen duela, erantzutea.

Ba hori, Covid19 aroko bitxikeriak, xelebrekeriak omen.

 


-Hik esan nahi diana, baina ez duk batere normala etxetik edontzia eskuan irten izana eta honaino...

-Gosalorduko laranja zukua dun, laztana!

-Bai, baina herenegundamukoa!

-Lasai, maitia, ez al dun aditu ez dela egia laranja zukutu eta gero bitaminak berehalaxe galtzen direna?

-Bai, hi segi holaxe eta ni izango nauk "belaxe" galduko dena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...