viernes, 20 de noviembre de 2020

GUZTIEKIN HITZ ASPERTUAK EGITEKO MANIA PETRALA BEZAIN ZITALA

 

http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/guztiekin-hitz-aspertuak-egiteko-mania-petrala-bezain-zitala

Zure lagunak esan dio liburuak idazten dituzula, zuri ez zaizu ezezagun bati halakorik esatea bururatzen, ez eta torturapean ere. Berak sekula leitzen ez duela erantzun du ozen eta harro, eta hori inork deus ere esateke. Ez du betarik, oso lanpetuta ibili ohi da beti, ez eta pelikulak ikusteko edo kontzertuetara joateko ere, Egia guri argi eta garbi esanda, kultura ez dio batere axola, garrantzi gehiegi ematen zaiolakoan dago, gehienetan handiusteko listopasatu alu batzuek jende xeheari kaka hutsa irentsi arazteko asmoz, bera bezalako jende xeheak kultura gorena maite ez duelako, herrikoa baino, hau da, gordin-gordin ulertzen duena, gainerako guztia iruzur galanta, adarjotze hutsa, handiustekoendako bazka, herrietan zehar joan ohi ziren txerpolarien petoa. Eta zu amore eman beharrean zaude aspaldi erabaki baitzenuen ez zuela merezi halako usteak dituen inorekin denbora alperrik galtzea, Zertarako? Mundu berean bizi gara, bai, espezie berekoak omen gara; baina, ez gara gogaideak, gure bizibideak bateraezinak dira, ez gara inoiz adiskidetuko. Hori bai, zuk ez duzu hitzerditxo bat ere esan; berak, ordea, bere iritzia kosta hala kosta azaltzeko premia handia omen zuen.

Edozela ere, gainetik, azaletik, baino ezagutzen ez zaituztenon amaigabeko handiustekeria, hots, nor zaren, nolakoa zaren, zer pentsatzen duzun, zeren alde ala kontra zauden lotsa apurrik gabe asmatzen ausartzen diren horiena. Eta isildu behar duzu, ezin diezu batere arroposturik egin ondo asko badakizulako haiek zuri leporatutakoa ezeztatu ezkero, aztoratuko direla, erasoa zurea bailitzan bakar-bakarrik; bai horixe, ez duzula ezer agoantatzen, beti liskar bila ari zarela, erretxin hutsa. Eta ez duzu egiten, ez, baina ez zuri batere axoka ez dizulako, ondoan, inguruan, duzun beste hori ez asaldatzearren baizik, halaxe beste bati agindu egin zeniolako, alegia. Halere, bai erretxintzen zaituela potroak etengabean, ezustean eta eurrez ukitzen dizkizuten horiei tutik ere esan ahal ez izateak betiere denok bake santuan egon gaitezen nahitaez; egunen batean ordea, auskalo, hain haragizkoak gara, ezen...

Edonora zoazela ezagun zintuztenak zugandik aldentzen saiatzen dira kosta lain kosta, ezari-ezarian, badaezpada. Edonorekin zaudela beste batzuk kritikatu behar dituzu errukigabe eta ezinbestez. Edonor alboan duzula zu bera baino hobea zarela adierazi behar diozu etengabean. Edonork edozer kontatzen dizula zuk beti jaramonik ez, harik eta zu zure gauzei buruz kontu kontari hasi arte, jakina. Edozein gai hizpidera ateratzen dela zuk betiere pertsonalera saihestu behar duzu nola edo hala. Betiere zure inguruko guztiok epaitzen, gutxiesten, gaitzesten. Dena da okerra, gaiztoa, zakarra, zekena, etsigarria, zaurgarria, itsusia, debaldekoa zure aho puntan. Ez zara, ez, inor zoriontsua egiteko jaioa, guztiz kontrakoa baizik. Ezinegonaren hazia ereintzen duzu edonora zoazela, edonorekin zaudela, edonoiz, edonola.

Egunen batean gure aldamenekoek zuk ez bezala pentsatzeko, dena, zuk sinesten edo maite duzuna barne, kokokan jartzeko eta batik bat erabili nahi duten doinu isekari edo minean (zuk zeuk beste gauza batzuetarako hain gogokoa duzun bertsua, hain zuzen ere...) erabiltzeko eskubide osoa dutela ikasiko bazenu, orduan bai, orduan hori egiazko elkarbizitzaren oinarria litzateke. Halere, norbaitek zuk ez bezala pentsatzeagatik edo zure sokakoen kontra aritzeagatik, esan ohi baldin badiozu "no me gusta el tono que empleas.., háztelo mirar" ageri da oraindiokan oraintsuko modu zahar ustelei atxikia bizi zarela, asko ikasi behar duzula plazan demokratatzat jokatzeko, demokrazian dena esatekoa baita atsegin izanda ala ez. Beste oso bestelako gauza da, jakina, pertsonak pertsonalki eta lotsagabeki iraintzea euren nondik norako pertsonalen kontura. Nolabait ere, honetan, beste hainbat arlotan bezala, fededunekin beti jai, haiek erabaki nahi/behar baitute euren fedearen gainean zer esan daitekeen ala ez.

Urteak aurrera joan ahala gainerakoekiko eztabaidek batere zentzurik ez dutela ohartzen eta onartzen hasia zara, gehienekin ez baitago ezertan konbentzitzeko modurik, ez eta zerbaitetan oker daudela eraskusteko ere. Gehienok ez diete sekula zure argudioei erreparatuko egiazkoak, zentzunezkoak, ezin argiagoak izanda ere. Ez dute egingo nork bere egiari eusten baitio irmoki, itsuka, eta zurekin eztabaidaka baldin badihardu hori da bere egia esateko eta kitto, beharbada, eta gehien jota, zu nolabait aztoratzeko asmoz berak ez bezala pentsatzen ez duzulako. Edo bestela esanda, bere egia aurkariaren kontra oldartzen gozatzearren.
 
 

Txema Arinas
Uvieun, 2020/11/20.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...