Bada hilabete eskas edo nire ama gurekin Oviedon dagoela Txagon bisikulako ebakuntza egin ziotenetik. Gaur gure auzoko anbulatoriora joan gara ebakuntzako grapak ken ziezazkioten. Atzo telefonotik hitzordua eskatu genuenean ez ziguten inolako eragozpenik jarri gure ama kanpokoa izateagatik. Gaur artatu duen erizainari aldiz dena eragozpen edo zitzaion. Ez dakit zenbat aldiz esan digun: "pero yo no la tengo en mi sistema porque viene de otra comunidad, no sé de qué se ha operado, quién o cómo, no me situo, todo se sale de lo habitual, todo lo nuevo me supera..." Ez dakit nik ere zenbatgarrenez erantzun behar izan diodan atzo inork ez zigula inolako bainarik jarri, ez zigula ezer apartekorik eskatu, DNI zein Osakidetzako txartela alde batera lagata, nire amari grapak kendu besterik egin behar ez baitzioten. Izan ere, grapak behin kendu eta gero, kontsultatik bagindoazela, erizainak hitz eta pitz jarraitu du etengabe. Hartara, kalean geundela, amak galdetu dit benetan harriturik, baita azken egunotako eskarmenduari erreparatuz ere.
- Hemen ez al dute larregi berba egiten, ez al dira berritsuegiak?
- Ez al dizut askotan esan?
- Bai, baina ez nizun sinesten zu ere berritsu samarra zarelako.
- Lasai, datorren astean zureki igogailura sartzerakoan agurrik ere esaten ez dizuten xomorroen herrira bueltan egongo gara eta.
Entzun dut irratitik Arabako herri batean aspaldi harraskan arropa garbitzen zuten emakumezkoen omenezko oroitarri bat jarriko dutela. Behingoan akordura etorri zait nire aitamaginarrebek Asturias barreneko herrixka batean duten etxearen ondoan ez dakit nik zer eraikitzea agindu zuen alkate ohi baten omenezko beste oroitarri benetan ziztrin zein barregarri bat, besteak beste nire emaztearen gurasoen ondoko txokoa "plaza" izendatu baitzuten delako oroitarriaren ingurukoa nolabait duintzearren.
Halere, hori ez da gakoa, denok oroitarri bat merezi dugun baino. Edo bestela esanda, jende xeheak gauza xeheak -arropa harraskan garbitu- egiteagatik oroitarri bat merezi baldin badu, zer merezi dute taxuzko gauzak egiten dituztenek, hau da, hala nola egiazko maisulanak edo aurkikuntzak egiten dituzten artistek edo ikerlariek?
Edo baliteke gakoa izatea dena parekatzea, arrunta zein bikaina, egunerokoa zein ohiz kanpokoa, gizajende osoaren aldekoa edo lau katu batzuena?
Ez al da joera hau masen egiazko errebolta igualitarioa, baina beti azpitik, inor sumin ez dadin ahaztu dutelako, atzean utzi dutelakoan? Denok ezpal berekoak, denok berezi zein oroigarriak,?
Baina, jakina, hau ez esan, ez arbuiatu, ez dator bat garai berriotako hutsalkeria herrikoiarekin, komeni ez dizu eta.
Nolako egurra, halako ezpala
- Zer moduz hire txikitako adiskide horrekin, seme?
- Potroetaraino. Haren aitaren modukoa duk eta, kalko hutsa.
- Esan gura duk beti bere buruaz baino berba egiten ez duela, bere lan zein mirariez harrotzen dela etengabean, betiere gainerakook esaterik ez balute bezala?
- Horixe, bai.
- Ene! Nik ez niake esan nahi, baina...
- Tira ba, noiz edo noiz esango didak berdin-berdin.
- Hire lagunaren aitaren modukoek euren burua baino ez zaukatek gogoan; horrexegatik ere adiskideak baino entzuleak nahiago ditiztek, euren harrokeriaren morroiak, ez lagunak.
- Eta hik nola egin huen hire bizi osoko lagunekin gaur arte segitzeko hain desberdinak izanda?
- Oso gaztetatik elkarrekin, elkarrekiko begirunez eta baita elkarri beti zirika ere mozkortu egin gaituk.
- Esan nahi didak...?
- Esan nahi diat adiskideek elkarri aditzen diotela ala ez dira adiskide.
No hay comentarios:
Publicar un comentario