Hara, zer nolako dokumentu polita eta benetan ernagarria Arabako euskarari buruzkoa, Gasteiztik 15 kilometrotara dagoen Legutio hiribilduko (udalerriko gainerako herrietako berbeta desberdin xamar baita) hizkera zein historiaren berri ezin hobeto eta batez ere hunkigarri ematen duena bertako atzeneko euskaldun baten ahotik.
Badaude, jakina beste testigantza batzuk, besteak beste ahotsak.com weborrian agertzen direnak eta nire liburuan, EL IMPOSIBLE PERDIDO Pasado y presente del euskera en Álava (orain dela bi hilabete eskas kaleratua, barkaidazue baina nola edo hala saldu beharrean nago...) aipatzen ditudanak. Edonola ere, ahotsak.com weborrian agertzen da Zigoitiako euskaldunzahar baten bideoa, baina, haren hizkera, bertan jaioa izanda ere, ez da Zigoitiko berbeta jatorra (Aita Dimako Durangokorta auzokoa zuen, "Arrati" ezizenez ezaguna; ama, berriz, Legutioko Elosua auzokoa zen) hau da, Barandiaranek joandako mendearen hasieran bildutako bi ipuinetakoa edota Azkuek zein Apraizek aztertutakoa, "dut, duk/n, dugu, duzu, duzue eta abar" erabiltzen zituena besteak beste, bertako hizkera jatorra erabat desagertua da-eta tamalez. Baldin badago, ostera, Arabako euskara zaharraren azken hatsen beste lagin bat Bilerlekoekin batera hori da ahotsak.com.ean azaltzen den Nafarraten jaiotako Gregorio Biteriren testigantzak. Agure hau azaltzen da ere beste ikerlan batzutan, besteak beste Legutio aldeko hizkeraren gai hau jorratzen duten beste testigantza zabalago batzuekin batera, horiek dira nire lagun Imanol Garcia Uriarte zein bere lagunaren Imanol M. Carreraren LEGUTIANO ALDEKO EUSKARA liburuan agertzen direnak, nolabait esanda "ezinbestekoa". Liburu hau, nik uste, behin baino gehiagotan aitatu badut blog honetantxe, merezi du benetan Gregoriorenak zein udalerriko beste jatorrizko euskaldun zahar batzuen testuak irakurri zein ahotsak entzutea ez baitago dudarik hizkera mota hori eta antzina Gasteizen egiten zeneko euskararena oso antzerakoak edo berdin-berdinak omen zirela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario