Huts neukan urdaila botatzear nengoen. Behazun kirats oldeak nabaritu nituen zintzurrean gora aho sabairaino uhin igotzen. Ez nion Etxepareri damutzea galdatzen, borrokalari sutsu moduko erantzunik ez niri egitea baizik, jendetasun eta malgutasun gehiagoren erakustea, hots. Totalitarismoa, beltza edo zuria, azpatzen zuten diskurtsoez asea nintzen. Bat nentorren alabaina Hannah Arendtekin: hizkuntzak ez zuen hobenik, baina bego aitorra niretzat, ideologiaz kutsatu, tatxatu eta zikindu mintzaira honek gogaitzen ninduen. Perpausak egundainokoan adjektiborik gabe formateatzen zituen euskaldun arruntak, sentimenduen eta ikuspuntuen alorrean bederen, izakiak hizkuntzatik kanpo geratu behar bailuen. Euskararen tragedia zen oro har: mintza bedi, ofizialtasuna lortu beza redios, bai horixe, baina ez dezala sekula deus erran, deus erran bereziki haragiaren ikaraz, politika mailako dudaz edo erakunde zein elkarte sakrosainduetako zorri-zakuez. Espektroa genuen harilkatzen.
Izugarri gozatu dut Itxaro Bordaren eleberri honekin, hori doala aurretik. Gozatu dut oraingoan BOGA-BOGArekin lehengoan ere I.B.ren gainontzeko gehienekin egin bezala, egile izugarri oparo, irudimentsu zein agudoa delako, badu edozein idazlek derrigor izan beharrekoa estilo propio eta berezi-berezia.
Gozatu dut Ezpeldoi inspektorearen nondik norako ez hain argiekin, ustez jenero nobela izanda ezin ageriago baita jeneroa berriro ere aitzakia baino ez dela denetarik jorratzeko, batik bat Baionako karriketako giroa zein protagonistaren hainbat barne kezkak betiere bere inguruko iragan zein orainarekin lotuak. Betiko lez txukun-txukun egiten du Itxarok, ezin besterik esan istorioaren gorabeherak hain malkartsuak eta askotan ere ustekabekoak direlarik. Baina, baldin badago zerbait liburu honetan gure gaur egungoari begiratu zorrotz, agian nekatu eta betiere oso kritiko bat, bai gure gizarte europear edo mendebaldarari egindakoa zein Baiona edo Iparralde inguruko euskal munduari, baita lesbianen arteko harremanei buruzko zenbait zertzelada emango digu ere, ETAren iragan ilun zein gaur egungo armen uztearekikoak, gogoeta benetan xamurra eta sakona, besteak beste iraganean egindako edota hartutako jarreretan errepatzekotan. Eta hau guztiau ere gutxi bailitzan Alemania edo Donosti alderantz ere eroango du bere protagonista auskalo zer nolako egiaren bila.
Bestalde, baldin badago I-B.ren liburuetan erakartzen nauen beste osagarri bat hori da ezin txukunago, harrigarriago egia esan, erabili edo asmatzen duen hizkera. Badakizu bere liburuetan Iparraldeko kutsuarekin topo egindo duzula nonnahi, kosta egin zaizula zenbait pasartetan aurrera egitea bertan agertzen diren hitz askoren esanahia igarri beharrean egongo zarelako, hiztegira zuzen-zuzen jo behar izango duzula, ikastolan edo antzina ikasi edo agian noizbait bakarrik ikusitako hitz zein aditz andana gogora ekarri behar izango dituzula halabeharrez. Aukera paregabekoa, beraz, zure euskara maila eguneratzeko edo, aberasteko adina. Merezi du ahalegin egitea hizkera hori ezinbertzekoa baita I.B.ren idazgiroan murgiltzearren. Izan ere, bere hizkera istorioaren osagarri saihestezina da nahitaez, irakurtzeari ekin orduko antzematen baituzu non zauden, nortzuen artean, EHren aniztasuna gogoratzen zaituen ipar kutsua.
Merezi du ahalegina, bai noski, baina BOGA-BOGA irakurritakoan neke-neke eginda zaude, hain zuzen ere Hasier Etxeberriaren EULIEN BAZKA ekiteari inondik ere egin behar ez duzun esfortzua ren aldean. Badirudi H.E.ren liburua zuk bikain, normal, erraz, arrunt, uler dezakezun euskara dela, eta bestea, ordea, erdaraz Ego Amerikako idazle baten liburu baten gaztelania edo Quebec edo Mendebal Afrikako idazle beltz baten frantsea balira bezalakoak. Orduan gogoeta egin eta zera ondorioztatu behar duzu, badirela bi euskara mota nagusi, sikieran ikastolakume edo hiri handietako euskaldun gazteen artean, hegoaldekoa zein iparraldekoa, gainontzeko betiko euskalkiak egiatan bitan urtu balira bezala batuaren eraginez ezari-ezarian. Orduan ere bigarren gogoeta baten premia, eta beste ondorio bat, euskarak irautekotan Hegoaldeko eskolako hizkeraz izango da halabeharrez, zeren eta Iparraldeko euskararen kinka larria ondo ezaguta bertan laster desagertuko dela aitortu behar baitugu, hots, gaur egun ia inork euskaraz egiten ez duela euskalguneetan ere, bazoazela Iparraldeko edozein euskal herritara eta izugarri kosta egiten zaizula bertako norbaiten ezpainetan euskara antzematea, nagusi asko eta askok kataia hautsi egin duela euren seme-alebei euskara transmititu egin ez dielakoz, euskara azkenetan dagoela hainbat euskaldun herritan plazatik aldendu egin dutelakoz, eta hau guztiau ikastolak tartean, ikastolak berak gainbehera honen sintoma baizik ez bailiran. Gehiegiekeria galanta nirea, bero-beroa agian? Baliteke, baina Itxaro Bordari berari hor nonbait ikurria diot berak ez dakiela etorkizunean bere inguruko irakurleak izango ote dituen, guttienez latza, oso.
No hay comentarios:
Publicar un comentario