Maite dut eskualde hau bihotz-bihotzez, bizi-bizi, badira gainera mota guztietako zioak maitasun hau azaltzeko, baina batik bat biografikoak edo, pertsonalak, erroak-eta, edo nire aitak behin nire laztanari esan bezala, "atzerrian nagoela mendiok, haitzok dakusatzadanean nire sorterria dela ziplo asmatzen dut", hori omen baita aberria edozein irizpide ideolojiko, filosofiko edo politikoren gainetik: barne pasaia.
Bada, bestalde, oso gutxi ezagututako eskualde bat kanpoan oso gutxi ere ezagutzen den lurralde batean, kanpotik datozenek Errioxako mahastiak eta agian Gasteizko Katedrala baino ezagutzen ez baitutzte. Ez dit ardura, alderantziz, guztiz hobe, atsegin dut horrela izatea, eskualden honen xarma baitatza agian horretan kostaldetik Lizarralde edo Errioxa alderantz doazen errepideetatik at bi aldeetara zabaltzen diren soro, zelai eta mendi ia ezezagun edo ahaztuetan, ia inor gutxik ezagutzen dituena. Jarrai beza, beraz, orain bezala urte askotan, ezinbesteko landa turistak alde batera utzita, jakina, azken urteotan zabaldu egin baitira inguruetan oso txukunak diren landetxeak. Baina, onar dezagun, Arabako Mendialdea gainerako lurralde gehiena bezala ez da apenas ezaguna, potrojorran baino ez datozen betiko bilbotar harro banaka batzuek baizik ezpada, hots, txikitan bezala, arabarron kontura denetariko pitokeria zein harropuzkeriak leporatze aldera gure aitonamonen herrietan aditu eta nozitu behar genituenekoak.
Hori dela eta blogera ekarri dut ETBko bideo xamur hau, non Antoñana eta inguruko hainbat herritako biztanle euskaldunak azaltzen dira haien herri zein eskualdearen berri emanez, bertan bertako euskaldunak badaudela erakutsiz, gainerako lurraldeetan bezala ikastola zein euskaltegien hazia oso oparoa izan baita azken hamarkedetan, txalotzeko moduka euskara aspaldi galdu zuen lurralde batean, bertako hizkuntza zaharra maite eta hein batean berreskuratzeari ekin diona gogoz eta bihotzez, ez besterik.
Baina bideoan badago xelebrekeria bat, barregarria benetan, Urko Aristi aurkezle nafarrak galde egiten die Kanpezuko Santa Gurutzeko landetxe baten jabeei, Garzia de Azilu anaiarrebei, ea zer nolakoak diren harremanak mugaldeko nafarrekin, eta gizonak erantzun egiten dio argi eta garbi, "badakizu nolakoak diren nafarrak, oso... estirados", hots, bistan dago ez zetorkiola euskarazko hitza gogora, harroak esan nahi baitzuen zihur asko, baliteke agian zehatzago izatea "egoskorrak" edo "burugogorrak". Orduan Aristi nafarrak, nola ez, adarra jotzeko abagunea sumatu eta gogotik eusten dio, aizu, ni nafarra naiz... Garzia de Azilu jauna aiko-maikoetan, "badakizu, gu arabarrak agian apurtxo bat zuhurragoak garenez..." Ederra benetan gizonaren hankasartzea, ederra eta bitxia, zeren eta arabar eta nafarren artean, antzinako mugaldeko liskarrak alde batera utzita, ez baitago inolako tirabirarik beste hainbat mugaldetan suertatu bezala, betidanik ezin hobeto konpondu egin baitira, ezin besterik izan ezkon harremanak-eta ere aintzat hartuta. Areago, badago Araba aldean nafarrenganako izugarrizko begikotasuna eta baliteke miresmena ere bai, gauza benetan azpimarratzekoa halakorik suertatzen ez baita beste auzoko batzuekin, bizkaitarrekin, gurekiko harroak baino harroputzak direlakoan, horrela jokatu egin baitute gurean antzina-antzinatik, eta ezta baterre harritzekoa delako euskaldun arteko anaitasuna kopla txarra baino ez delako. Alabaina, nafarrekiko harremanei dagokienez ezin da besterik izan, badago gainera mugaldeko arabarren gogoan, mendialdekoen zein Arabar Errioxakoen artean, nafartasun sentimendu oso bitxi bat, bertako Historia ondo ezagutua denok badakite hiribildu gehienak nafar erregeek sortuak izan zirela mendetan nafarra izan baitzen lurralde gehiena. Horrela ikusita badakit memelakeria galanta ematen duela, baina nik uste betiere ari garela halako gauzak erdeinatzen bertakoon subkontzientean ondoraino barneratuan daudela, oharkabea edo, aitzakotzat hartu gabe, Historiak herrien gogoan eraginik edo lekurik ez balu bezala, beharbada askori horrela komeni zaiolakoan. Eta ez, ez naiz ezer aldarrikatzen ari, berdin zait inolako erresuma zaharraren berpizkundea edo, egia esan enetako horrek badu zerikusi gehiago Juego de Tronos telesaioarekin beste edozein gauzarekin baino. Esan, adierazi, gorago aipatu eta jarritako bideoan agertzen diren pasaiek zein pertsonek sortarazten didaten herrimina soil-soilik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario