HIRUDIA
Euskal Dovlatov baten bila
2015-06-18 / Txema Arinas - Idazlea
A
maia Apaulaza Ollok txukun-txukun itzulitako Sergei Dovlatoven Maleta (2015) ipuin sorta irakurri berri dut. Euskaraz irakurri dudan Dovlatoven bigarren liburua da, Iker Sanchez Insaustik itzulitako Konpromisoa-ren(2008) ondoren. Dovlatovek txunditzen nau bere narrazio gehienak ikaragarri arinak, barregarriak, surrealistak izanda, hau da, azalez guztiz ganorabakoak, Sobietar Batasuneko zentzugabekeria zein bidegabekeria ezin gordinago erakusten baititu Aleksandr Solzhenitsin edo Vasili Grossmanen liburu mardulek egiten duten bezainbeste. Horretarako, jakina, Dovlatovek ironia du baliabide nagusi. Ironia da mota guztietako handiustekoen harrizko printzipioak zein usteak apurtzeko, suntsitzeko, lanabes ezin hobea. Izan ere, baldin badago edozein diktadura edo pentsamendu autoritariok benetan jasan ezin duenik hori da beste batzuek, batik bat manupeko dituztenek, euren lepotik barre egitea. Gauza dira euren sistema edo sineskeren kontrako idazlan serio eta mamitsuei aurre egiteko; azken buruan etsaiaren erantzuna da, espero dute, beharbada euren ideietan tinkoagoak izaten ere laguntzen die. Ironia ordea zitalegia zaie sistema oso baten miseria txiki eta gorriak agerian uzten baititu hitz edo keinu handien atzetik eta betiere irakurlearen ezpainetan subkontzienteak, eta ez inkontzienteak edo adimenak, eragindako irri guztiz zintzo eta horrexegatik ere anti-iraultzaile bat marraztuz. Tamalez idazle baten obra epaitzen duten gehienak ere kritikari serio eta ustez burutsuegiak izan ohi dira, hau da, Literaturaren Historia idazterakoan Aleksandr Solzhenitsin edo Vasili Grossmanenak bezalako liburu mardul eta mamitsuak lehenesten dituztenak Dovlatoven pasadizo zein pertsonaien gorabehera barregarri bezain errukarrien damutan. Izan ere, Dovlatov bizi bitartean oso estimatua izan zen irakurle banaka batzuen eta batik bat erbesteratutako errusiarren artean, baina ez zuen sekula jaso beste idazle disidente batzuek jaso zituzten errekonozimendua zein estimua nazioarteko literatura-buruen partetik. Ez zuten aintzakotzat hartu, ez behintzat hementxe bertan birritan aipaturiko Aleksandr Solzhenitsin edo Vasili Grossmanen aldean. Agidanez, kritikari gehienek Sergei Dovlatov idazle arintzat hartzen zuten barrea eragiten zuelako, hau da, inondik inora ez euren arreta merezi zuen idazle burutsua zelako.
Gurera begira, hots, euskal literatura idazpide izanda, ohiko dudanez zutabe honetan, eta nolabait ere ez hain aspaldi idazle frantses baten kontura egin nuen galdera berreskuratuz: posible al da Dovlatov bat euskarazko literaturan? Baliteke topatzea azken hamarkadotan pairatu dugun ETAren totalitarismo mota berezia, eta apika baita euskal abertzaletasunak euskal gizartean nagusitutakoan sortutako adostasun ideologiko edo soziologikoaren ajeak ere, Dovlatovek sobietar errejimenarenekin egin bezala, hain modu gordin eta zitalean jorratu dituen euskal idazlerik? Jakina, distantziak distantzia, baditugu gure Aleksandr Solzhenitsin edo Vasili Grossman bezalakoak ere, Jokin Muñoz, Uxue Apaolaza, Jon Alonso, Mikel Hernandez Abaitua, Juanjo Olasagarre kasuko. Eta baliteke ETAren jardunaren kontra edo zenbait euskal abertzaleren jokaeraren gainera ironia gogotik erabili duen Iban ZalduarenEuskaldun guztion aberria (2008) nabarmendu beharra ere. Hala ere, Zalduaren ironia, guztiz goraipatzekoa izanda ere, Dovlatovenaren aldean oso epela delakoan nago; ez da gutxienez errusiarrarena bezain maltzurra eta garratza. Alabaina, galdera oso bestelakoa litzateke: beharrezkoa al da Dovlatov bat gurea bezalako literatura ahul eta apal batean, hau da, ironia sarri askotan kanpoko balizko etsai baten aurrean soil-soilik erabili ohi duen literatura batean, oro har euskara zein euskalgintzaren militantziari hain atxikita izanda behin baino gehiagotan euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna nahasten dituen literatura batean, beharbada normalean euskal abertzaletasuna modu kanoniko edo doktrinario batez ulertzen duten idazle zein editorez lepo dagoen literatura batean? Posible al litzateke sikiera euskaltzale ikuspuntu batetik, eta zergatik ez abertzale batetik ere bai, ironiari esker iraganean egindako oker eta gehiegikerien aurrean behin lotsagorritu eta gero ondo-gura bat ateratzea? Amaitzeko: posible al da gure artean galdera guztiok egitea inolako sailkapen erraz eta okerrera kondenatua egon barik?
No hay comentarios:
Publicar un comentario