http://uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/bihotz-handiegia-eider-rodriguez ARGITARATUA
Zorionak zuri-ren lehenengo notak jo bezain pronto jaitsi zen lasteka Claudia. Atzetik besarkatu zuen fuerte aita. Nieves zutik gelditu zen egongelaren erdian, harrotasunez begira. Izadi ere jaitsi eta nire ondoan eseri zen sofan; besoa pasatu nion sorbalda gainetik eta nigana erakarri nuen. Kantua jotzen amaitu zuenean, Clementek galtzaren patrikatik oihalezko mukizapi bat atera eta aurpegia lehortu zuen. Nievesek garagardo fresko bat ipini zion teklatu gainean, deus galdetu gabe, eta trago luze bat eman ondoren teklatura itzuli zen.
-Is this the real life? It this just fantasy? Caught in a landslide. No escape from reality… -kantatu zuen a capella eta falsetoa eginez-. Open your eyes. Look up to the skies and see… I´m just a poor boy. I need no simpathy, because I´m easy come, easy go…
Urtebetze festa – Eider Rodriguez, BIHOTZ HANDIEGIA
Itzel gustatu zait Eider Rodriguezen gainerako liburuetan ere topatu nuena berriro eskaini didalako, hau da, estilo propio bat, berehalaxe antzeman eta bereizten den estilo bat, hau da, niaren gainerakoekiko gorabehera malkartsuak, garratzak, atsekabetuak, ozpinduak. Halaber, Eiderrek munduan euren tokia bilatu eta topatu nahi duten pertsonaien inguru-minguruak idazpide ditu, hau da, nola edo hala deserrotuak dabiltzanak hainbat arlotan, gurea bezalako gizarte moderno eta agian gizakien arteko harremanei dagokienez zurrunegi batean balentria ia homeriko bat bilakatzen dena balizko heroiek bere inguruko taldearen arau, lege eta susmo txar guztiei aurre egin behar dietelako ezinbestez benetan libre izatearren. Eta hau guztiau oso ikuspegi literario sotil batetik kontatuak, hau da, aparteko fintasun batez pertsonaien kontraesanak azaleratzeko zertzelada zein xehetasun bakanetan eta batik bat esan gabe adierazten duenaz. Eiderrek liburu berri honetan beste behin ere, baliteke aurrekoetan baino zorrotzagorik, ezin hobeto, maisuki, erakusten ditu gurea bezalako gizarte moderno eta ustez behintzat eroso zein aberats bateko egunerokotasunean topa daitezkeen bataila-leku txikiak, batik bat familiaren barruan suertatzen direnak, jende xeheak bere zoriontasun esparrua, baliteke bake esparrua soil-soilik, lortzearren garaitu behar dituenak. Horrexegatik dugu, liburua izendatzeko balio duen ipuinean, Ixabel bezalako emakumezko bat bere alabatxoaren erreguari men egin behar diona aspaldi dibortziatutako senar ohia zaintzeko eskatzen dionean. Hortaz, Ixabelen bakea hankaz gora jartzen duen eskakizun bat, azken buruan maite dituzunokiko harremanei behar bezala eusteko, sendotzeko edo gutxienez ez moteltzeko, sarritan nahitaez onartu behar dituzun kateak edo zamak noiznahi eta ezustean sortzen baitira, aurre egin behar egiterakoan egiazko drama homerikoak bihurtzen direnak, hain zuzen, batez ere zure iraganari erreparatu behar diozunean ezinbestez. Dena dela, Ixabelek men egingo eta bere gain hartuko du alabak luzatutako erantzunkizuna; baina, horra hor errotiko kontraesana Ixabelek bere senar ohiarekikoa egiatan nola daraman ondotxo jakinda,, gainerakoen aldean "bihotz handikoa" bilakatuko duena. Zer esanik ez ezer konpartitzen ez duzun lagun edo auzokoekin denbora alperrik eman behar duzunean zure aurreiritziak alde batera lagata, hots, zure nortasuna nolabait ezkutatuz, eta betiere zure burua tolerantetzat hartze aldera, baina aldi berean eta halabeharrez gainontzekoekiko tratuan berebiziko ezerosotasuna pairatuz zure buruari traizio egingo bazenio bezala, “Belar moztu berria” eta “Urtebetetze festa” ipuinetan bezala. “Pasaiak” eta “Nigandik espero zena” ipuinetan gure gorputzarekin mantentzen dugun mendekotasun harreman ezustekoa bezain beldurrezkoa, hau da, nahitaez mugatu eta nola edo hala gailendu beharrekoa. “Ez duzu ezer arrarorik antzematen?” ipuinean familia arteko tirabirak jorra-bide ditugu, Eiderren begiratu sotila bezala zorrotza, beharbada protagonistaren gurasoekiko apurtxo bat errukigabe, edo gutxienez ez behar beste enpatikoa, batez ere protagonistak berak enpatikoa izateko inolako esfortzu edo saiorik egiten ez duelako.
Eta baldin badago Eider Rodriguezen azken ipuin bilduma hau gainerakoetatik bereizten duen zerbait hori da “muga” kontzeptuaren aniztasuna. Izan ere, mugan idatzia dago, Frantzia eta Espainiaren artekoan, hau da, Eiderri nolabait balio diona bere istorioak oso testuinguru zehatz batean kokatzeko eta honekin batera datozen berezitasun guztiekin, hau da, mugaldean bizi diren pertsonai ezberdinei propio zaizkion ezaugarri identitario edo soziologikoez baliatzeko euren nortasunaren nondik norakoak nola edo hala zipriztintzeko. Eiderrek behin gehiagotan esan duen bezala errealitate politiko edo sozialari uko egin nahi ez diolako intimismoa bere literaturaren ikur bat izanagatik, baina beti ere tantaka edo, azalez, soslaiz, pertsonaien bizipenak edo barne kezkak inoiz baldintzatzeke, beharbada eszenatokiaren atrezzoa bailitzan. Izan ere, ipuinotan agertzen edo sumatzen diren mugak oso bestelakoak dira, metaforikoak gehienbat, geografiak akaso apurtxo bat nabarmentzen dituena, baina ia guztiak barne mugak izaten dira, direla pertsonaiek euren buruari jartzen dizkiotenak, direla pertsonaien ingurukoek hauei jartzen dizkietenak. Ageri da ere pertsonai gehienen ustezko edo balizko muga metafisiko batean bizitzearen sentimendua, hau da, ozta-ozta gainerakoekin fisikoki batera baina gogoz edo arimaz beti aparte.
Emaitza, oro har, ezin asebetegarriagoa begitandu zait intimitatearen literatura maite dugunontzat, hau da, errealitatearen xehetasunetan zein borroka txikietan azaltzen diren epopeia tragikomikoak atsegin ditugunontzat, sotila eguneroko gauza txikietan dagoela uste dugunontzat. Hala eta guztiz ere, azpimarratu beharrekoa da Eider Rodriguezen begiratua zuhurra, zorrotza, batzuetan mingotsa ere eta baliteke noizbait zenbait pertsonaiarekiko gogorregia dela, honako aipu antologiko honetan bezala: “Iñakiren leialtasun muturreko hark zoratu egingo zuen Ixabel. Baina zer espero zitekeen okindegitik etxerako bidean ogiari muturra inoiz kendu gabeko gizon batengandik”
Oviedon, Txema Arinas, 2018ko irailak 06