Igo dut Hitzen Uberaneko Komunitatea sailera aspaldi argitaratutako AZOKA eleberriaren ataltxo hau: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/azoka
"Badira sei urte inguru ez dudala nire hiriko alde zaharra zapaltzen, Oviedoko unibertsitatean Aro Berriko Historia irakasteko aukera suertatu zitzaidanez gero. Banoa nire betiko lagunen eskutik, gogo handirik ez dut baina. Badakit nola edo hala, gogoz eta bihotzez bakarrik baldin bada, bertan hazi naizela, garela, gure etxeetatik at gogoko zein abaro genuen hiriko auzo ia bakarra zen-eta. Egia esan, oraindik gogoan dut bertan igaro nuen azkenaldia, orain dela zazpi urteko uda partea hain zuzen. Banuen doktoretza tesia bukatzeko premia larria eta koadrilako batek bere alde zaharreko pisutxua laga egin zidan, berak kostalderantz ihes egin orduko. Uda hartako bero sapa ikaragarria izan zen, ezin nuen hitz bat ere idatzi Aro Berriko euskal handiki ilustratuen kontura. Saiatu, saiatu egin nintzen hamaika aldiz nire idazlana behar bezala tuxutzen, baita alperrik. Betiere banuen gogoa, beharra, zertxobait freskagarri edateko, eta jakina, nire adiskidearen hozkailuan ohiko yogur galduez gain ez zegoen modurik garagardo, sagardo edo inolako ardorik erosketaren egunaz bi egun baino geroago gordetzeko; eta agidanez ardoa bakarrik gustuko dut. Halako kinka batean, hau da, egarriari ezin eutsiz, kalera jo beharrean egon nintzen ia arnasestuka. Eta kalean, batez ere Alde Zaharrekoetan, ay amigo, galbidea bakarrik topa dezakezu nik orduan topatu bezala, eta horrek badu delitoa hirian lau katu besterik gedatzen ez zirelarik.
Sei urte inguru pasa egin dira nire hiriko alde zaharrera igo ez naizela. Ez zait ezer galdu erantzun ohi diot nire buruari hirira bueltan nagoela eta norbaitek bertaraino laguntzeko proposatzen didanean. Nire ezagunek ordea auzoa zeharo itxuraldatu egin dela baieztatzen didate, baina ni beti entzungor. Ez daukat inolako gogorik betiko kale zahar eta meharretan sisi-saga ibiltzeko, horrela ibiltzeko propio hiriaren goiko parteraino igotzen da-eta. Banago, ihardesten diet etengabe goazen ba erasotzen didatenei, nahikotxo koskortuta hamasei urteko umemokoen antzera txiribogarik txiriboga ibiltzeko, edanaren edanez edozein kale kantoitan behin berriro goraka egiteko, kantoi bertan txiza ere egin izanagatik auzoko edota udaltzainekin-eta tirabiretan hasteko, bai kantoian bertan eta antzeko beste hamaiketan egundoko atxur batekin noraezean gora eta behera joateko.
-Gaur hileroko Ertaroko Azoka da, ezin gara faltatu!!!
Nire lau lagunetako Oskarrek hitzegin behar, batez ere nire neskalagun Sarak oraindik behin edo bakarrik joan den alde zaharreraino parranda bila igotzeko motibo polit bat izan dezan.
-Ez zaizkit batere gustatzen gezurrezko azoka horiek, ez dute apenas zerikusirik Ertaroko egiantzeko ezerekin eta, gainera, badakizue ni Aro Berriko irakaslea naizela, ez zait batere galdu halako txozna edo eskeintza folkloriko-ekologiko-sasihistoriko zabaleko salgunen ondoan
-Esaidazu ba zer bestela egin genezake larunbat goiz sargoritsu batean gurea bezalako hiri txiki eta hits honetan –egin dit arrapostu koadrilako Alaznek, hots, koadrilan beti arrapostu egin ohi didan ia bakarra.
-Ez dakit ba, halako eguraldi gozoaz joan gintezke urtegi alderantz...
-Nik delako azoka hori ikusi nahiago nuke –erabaki berri du nire laztan asturiarrak.
-Goazen ba, baina beldurrak nago jendez gainezka dagoen.
Eta beldurtu bezala Alde Zaharraren goiko parterantz doan aldapa luzea zapaldu orduko bidearen bi ertzetan ia hurrenez hurren zabaltzen zaizkigun txoznetan jende andana pilatuta topatzen dugu. Ez dakit goraino iristeko gauza izango naizen hainbeste jende artean nekatu ala zoratu baino lehenago. Uztaileko beroa jendilajearen izerdiaz nahasketan hasiko da eta honekin batera bultzadak, zapalketak eta baten batek daki noiz edo non ostikoak zein zaplastekoak ere bai. Oskar eta Mikelen gorputzarren artean babesten saiatzen naiz bizkartzain gisara, alabaina. Tamalez, nir bi lagunok polito ezagututa badakit ondo baino hobeto euren egarri aseezina nolabait baretzeko asmoz garagardo hornigailuren bat antzeman orduko harantz joango direla ziztu bizian. Eta esan bezala Alde Zaharreko lehenengo karrika atera iritsitakoan El Penultimo izeneko taberna barruraino sartu egin dira zoro moduan gainontzekoei eta ia tutik esan gabe. Ni ordea kale erdian geratu naiz Amalia eta Mikelen emazte zein bizi osoko lagunmin dudan Alazneren ondoan.
-Ez gara sartuko tabernazulo batean, ezin dugu hau bezalako egun eguzkitsu bat alperrik gadu –ebatzi du Alaznek.
-Noski ezetz, begira gainera zer nolako giro polita dagoen kalean –gaineratu du nire azukre kozkorrak inguratu, bultzatu, zapaldu eta doi-doi kale barrenera arrastaka garamatzan jendetzari erreparatuz.
Ganibeteria kalean sakabanatzen diren txozna guztietara luzatzen dituzten bi nesken begietatik ihesi egin nahian nire beste bi lagun arren beharra somatzen hasi naiz behin berriro babes bila. Zoritxarrez, Espainako herri guztietako jakiak zein edariak, ustezko edo sasi artesautza, bertako zein kanpoko edozein borroka politiko-ekologiko-sexologikorekin elkartasun gisako hamaika bitxikeria, aukera aprobetxatuz azokaren gai edo leloarekin zerikusirik ez dute tramankulu pila eta abar luze eta batez ere trakets bat eskaintzen dizkieten salgunez salgune ibili eta gero bultza, zapal edota saka egiten ari den jendaldeak kale goienereraino eroan gaitu herrestaka. Nazka-nazka eginda nago eta nire bi lagun ikusle-mikusleen asperrezinari muzin eginez Algareria plazatxora ailegatutakoan ia ustekabez topatu dudan txozna batera jo egin dut zer edo zer hartzearren.
-Hemen Galiziako orujoak bakarrik saltzen ditugu, sorgin orujoak, alegia–azaldu egin dit filmetan zein urtero egiten dituzten Inkisizioa eta Euskal Herriko sorginak erakusketan ikusi ditudan piltzarrez mozorrotuta dagoen eta begi sakon ilunei, sudur luze koskordunari, kokotx zorrotzari zein irrifarre oker ezin maltzurragoari erreparatuz meiga besterik ezin den atsoak.
-Tira ba, jendegiro itogarri honi aurre egiteko barrenak behar bezala berotu beharrean nago, emaidazu ba belarrezko bat! –atsoak buztinezko kikara bat luzatzen dit, dzanga-dzanga hustu orduko hiruzpalau bider gehiago bete egingo didana
Dagoeneko aurrean irri-maltzur dudan atsoa ez da lehen bigitandu zaidan atso neska lirain bat baino, nik uste limurtzen eta guzti saiatu naizela. Ez litzateke harriztekoa, esaten dudanean dudan sen apurra ziplo galtzen baitut, konortea ez baldin bada. Baina, tira ba, kikara ohol gainean lagatzera nindoala atso lirainak ala neska zaharrak ospa egin du. Ez dago inor txozna atzean nire kikara berriro betetzeko eta nik badut, ez gogoa, premia baizik, zurrutean etengabe jarraitzeko. Zain nago marisorgin tabernaria noiz bueltatu. Baina alperrik, ez dator inor. Harentzat kalte, ez baitiot pagatu. Izan ere, atso galiziarraren txozna ondoan dagoen bezero bakarra naiz. Eta bada apurtxo bat kezkatzeko, edo gutxienez zerbait arraro susmatzeko, gainontzeko txoznetan mukurua beteta dago epokaz, Ertarokoaz edo, mozorrotutako jendearekin. Algara, zer esanik ez, plazaren izenari ohore eginez edo, nagusi da. Badirudi plaza honetan behintzat Udalak Ertaroko jantziez kalera irteteko aldarri egin duen erregua seriotan hartu egin dutela. Nik uste zer edo zer antolatuta dagoela azoka nolabait erkargarriagoa egitearren. Arrimatzen naiz aldamenekora ogiak edota opilak saltzen dituen gizakote bizardunari ustezko ikuskizunaz galdetzeko asmoz.
-Maisu jauna, hemen egiten da egundainotik osteguneroko azoka. Zigorrak-eta Ganibet Enparantzan ematen dituzte.
Oso zolia gure bizar sarriko okina, zirtoa estimatzen diot, benetan, baina ez dut gogo handirik denbora txorakerietan alperrik galtzeko, Amalia eta Alazne galdu egin zaizkit eta laster ez topatzekotan errua niri botako didate, noski; non sartu zara, mozkorrontzi hori, gu saihestu eta atoan edanari jo diozu. Ez dut gogorik, baina bai oruxoak edo eragindako gosea.
-Zein opil mota da hori? –galdetzen dut.
-Arrontzopila, mami barruan arraultz bat daraman opila –erantzun dit okinak benetan harrituta.
-Tira ba, bat hartuko dut, zenbat da?
-Burdingorrizko Vellón bat.
-Zer? Nik euroak bakarrik ditut, erantzuten dit erronkari, eguneko txantxaz aspertzen hasia naiz-eta.
-Santxeteen antzekoak baldin badira, niri bost! –begikeinu bat eta guzti egin dit bizar sarrikoak.
-Ez dut ezer ulertzen –amore ematen dut dagoeneko asper-asper eginda.
-Kanpokoa baldin bazara marabedietan ere ordain dezakezu.
-Bai? Ni hemen jaioa naiz orain dela berrogei urte.
-Adarra jotzen ari zara, maisu jauna?
-Maisu jauna? Nola dakizu zuk irakasle naizela?
-Aizu, maisu, ni gizon apal bat naiz, ez dut arazorik alguazekin...
-Aguazilak-eta badaude, bai performance ederra gaur montatu egin duzuena, baina nik opiltxo bat bakarrik gura dut.
-Akabo, aski da! Ez dakit zer arraio da perfomantze hori, baina ez dut ezertan aguantatu behar zure moduko adarjole bat, alde hemendik ala bestela gainegur ederra emango dizut.
Banoa, banoa, diot, ez dakit zenbatgarren aldiz. Banoa txunditurik bainoago aztoraturik, ni neu antzezpen honen protagonista bilakatu nahi nautelakoan. Banoa, bai, karrikan gora noraezean, nigana algaraka datorren giza uholdeak ia tatarrez eramana. Badirudi nagoen karrikaren goiko partean, hau da, Done Jurgi katedralaren plazan bertan, beste ikuskizun moduko zer edo zer hastear dagoela. Ez nuen asmorik, ez, baina dagoeneko katedralaren aurrean nago eta oso gogo zein indar gutxi uholdean murgilduta Algareriaraino bultzaka edo ostikoka bueltatzeko.Ez du inporta, esaten diot nire buruari zeharo ganorabako, kalean dagoen giroa pil-pilean dago, Amalia eta Alaznek hain gustuko dutena hain zuzen. Ez dut ezertaz kezkatu beharrik, seguru asko bi neskak ezin gusturako daude hainbeste titiritero eta purtzilero artean. Baliteke haietako norbaitzukin flirteoan aritzea eta ez naiz ni izango jolas-solasa zapuztuko diedana. Amaliak behintzat badu eskubide osoa noizik behin nirekin esne mamitan bizi dela, inoiz berriro topatu ahal izango ez duen gizonezkorik bikainena naizela une batez ahazteko. Gainera, nik uste bioi ezin hobeto komeni zaigula aspaldiko partez hain estu-estu lotzen gaituen soka nolabait arintzearren. Alaznek, ordea, eta badakit honekin oso maltzurra izango naizela, ezinbesteko du edonorekin flirteoan aritzea, neska dezente kozkortu egin baitzaigu eta bada garaia bere txortagabetasunarena seriotan har dezan/dezagun. Denontzat onuragarri izango da, batez ere denok etengabean eta edozein huskeriagatik izorratzeko duen joera nola edo hala eta posible baldin bada bakarrik ordu gutxi batzuez alde batera laga dezan. Bien bitartean, eta benetan diot, zerbait egitearren, hainbeste komediante zein mozkorrante artean erabat ez nazkatzeko, honaino ia indarrez ekarri nauen uholdean azkenean ez itotzeko, agian ere bi neskekin berriro topo egin arte denpora alperrik galtzeko aukerarik onena, katedralaren ataurrean antzeztekotan dagoenari adi-adi egongo naiz besterik ezean. Badago antzezle pila, gehienak sarebegiz egindako armadurez mozorrotuak, haietako bakan batzuk zaldi gainean, larruzko atorrak zein kapelak janzten dituzten baleztariak eta nire ustez ikuskizunaren nondik norakoak ondo baino hobeto adierazten dituen bandera edo zutoihal bat dardar egiten duten beste sarebegidun batzuk. Haizeak kulunkatzen duen trapu horian azaltzen den arrano beltza antzeman orduko espero zaiguna benetan negar egiteko modukoa izango delakoan behin berriro ahapeka bakarrik esateko gauza naizen zoazte denak pikutara botatzen dut. Ez dakit zelan lortzen duten, zer-nolako abilezia edota inpunitate-konplizitatea duten betikoek halako saltsetan beti protagonista egiten dituzten antolatu ahal izateko, guztion jai gogoa nola edo hala zurrupatzeko, gainontzekoek inola ere begi onez ikusi eta are gutxiago irentsi behar dugun panfletogintza agoantatzeko. Zer pentsa bestela arrano beltza, edo denok dakigun nortzuen ikurra den hegaztiñoa ikusi eta gero, betikoen ekitaldi batean nagoela halabeharrez, gaurko maskaradaren aukera aprobetxatuz antzinateko eta batez ere ustezko euskal/nafar erresuma baten independentzia mitiko-hipotetikoa aldarrikatzeko. Tira ba, badirudi hau dena betiko leloarekin bat datorrela, bazen behin euskaldunak batu eta euskaldunek gobernaturik eta guzti erresuma bat, gutxi gora behera Sangry Lá famatuaren antzekoa, baina vascoiekin, badakizue euskaldun amesgile porrokatu guztiok, Sancho el Fuerte, Sancho el Fuerte si viviera, uniría a los navarros para defender nuestras fronteraaaaas, que ahora ya no son los moros, son cristianos con txisteras... Tira ba, aitortu ere aitortu beharrean nago ezker abertzalekoek sarri baino gehiagotan benetako maskarada burutsu eta barregarriak antolatu ohi dituztela; jakina, behin hauekin batera datorren demagogia sektario-panfletario osoa alde batera utzita. Besterik ezean Done Jurgi katedralaren aurrean paratu naiz ikuskizunari adi-adi eta dagoeneko Amalia eta Alaznerekin zeharo ezaxolaturik. Eta horra hor mozorroturiko jendilajearengandik ezagun, oso ezaguna nire kalte zein akordurako, dudan personaje bat zaldi gainean eta ezpata handi bat haizean astinduz bereizi berri dela. Ezin sinesturik nago, nor bestela, hemengo fakultatean, kontratu fixo barik eta ikasle zein zenbait irakaslerekin etengabeko liskarretan, historia eskolak ematen ari nintzela nire mamu beltz partikularra bilakatu egin zitzaidan Martin Guzurmendi, Filosofiaren Historia irakaslea, euskal abertzaletasunaren esentzien zaindaria, euskal adarreko gainontzeko irakasleen eredu paregabekoa eta batez ere halabeharrez jarrai beharrekoa, gehienok badaezpada, hau da, egiazko unibertsitate nazional bat eraiki nahi zuten guztientzat maisu bikaina, eta horren hain alde ez geundenontzat ordea salatzaile zein zirikatzaile amorratua, inola ere eta ezer barkatzen ez ziguna, gure saldukeria eta batik bat gure erdaltzaletasuna agerian uzteko beti gertu zegoena.
-Pro Libertate Patria Gens Libera State!!! Gora Nafarroa, Gora Antso VI.a Azkarra!, Gora Euskal Herri askatuta!
-GORAAAA!!! –bertan euren Ertaroko halamoduzko mozorroez harro-harro jantzita, eta ene ustez mozkor-mozkor ere -bestela batzuen aurpegietan nabarmentzen ditudan negarrak edo erabat ulertezinak begitantzen zaizkit-, bildutako guztiak batera.
Ez dakit barrez edo iguinez lehertzekotan nagoen, oraingoan bai pailazokeria galanta, baina ez ni harritzeko bezainbeste, fakultatean nengoela banekien nik tipo hau komendiante aparta zela, batez ere zer- nolako antzezpenak egin ohi zituen ikusita, haietako batzuk, gehienetan ETAko ekintzaileren baten atxiloketa salatzeko klase uztea prestatzeko asmotan edo errektoretzaren edozein erabakiren kontra protesta egiteko sinadura bilketa bat antolatzerakoan, eta noski, gogokoen zuen antzeztokia irakasleen klaustroa; ez naiz ni izango Sir Laurence Oliviere antza eta guzti zuela ukatuko ziona.
-AIZUE, URRAIZTARROK!, GAZTELAKO ERREGEAREN ARMADAK ZEIN BIZKAIKO LOPE DE HARO JAUNAREN OSTEEK EZ GAITUZTE MENPERATUKO!!!, AURRE EGINGO DIEGU ETSAIOI HIRIA ERRENDATU AURRETIK!!! IRABAZI ALA HIL!!!
Agian Sir Laurence Olivierekin egindako konparaketa gehiegizkoa izan da. Baina, tira ba, badirudi Guzurmendiren antzezpenak arrakasta handia lortu duela jende aurrean. Meritoa, aldiz, ez dut uste oso apartekoa denik, bistan dago katedralaren plazan bildutako gehienok aldez aurretiko publiko esker onekoa dela. Erreparatu besterik ez da egin behar oraindik goraka, purrustaka edo txaloka ari diren aurpegi sutsu zein hunkituetan, haietako asko eta asko hiriko giro abertzaleko taberna, manifa zein mota guztietako ekitaldietatik ezagunak. Guztiz arrotza egiten zaidana, horratik, Guzurmendik antzezten duen pertsonaia, batez ere eta dagoeneko ezker abertzalearen mitoen zerrenda osoa ahaztuxe dudan aldetik. Hori dela eta, jakiminak kinaturik behinik behin, aldamenean dudan Euskal Herriko Historia liburuetako irudietan bakar-bakarrik ikusitako kukurutxo erraldoi baten moduko txano bat janzten duen andere bati galdetu egin diot nor demontre ote den guztioi aldarri egin digun zaldun prestu eta ausart hori.
-Ez dakizu ba, hiriko tenentea da, Martin Andia goitizenekoa, Gure Erregea Mairu herrian dagoela gaztelauengandik babestuko gaituena.
-Martin Andia? Ba nik esango nioke Martin Txipia... –Bota egin diot andereari zirto moduan.
Badirudi nire zirtoak edo ez diola grazia handirik egin, alabaina. Andereak bestoskoa erakutsi eta segituan inguruan zeuden saldaduei dei egin die guztiz asaldaturik.
-Traidore bat, badago gure artean traidore bat gure tenentea iraindu duena!!!!
Ene, bai antzesle kaskarra, emakume hau, nire ustez gainantzezten du, horregatik testu ikasia gutxi eta garrasia, berriz, nagusi. Baina ez dut inola ere uste andre honena harritzekoa denik. Zer espero bestela, hemen bilduta dauden antzezle gehien-gehienak amateurrak omen dira, gaur mozorroa jantzi eta kalera jai giroan gogotsu irten direnak. Gaur da jai eta badirudi ere borroka egun berezia, katedraleko antzezpen historiko-politiko-errebendikatibo honetan parte hartzen ari diren sasi-antzesle edota figurante gehienentzat. Gora Nafarroa, Gora Antso VI.a Azkarra!, Gora Euskal Herri askatuta!, aspertzen naute euren betiko leloez, aspertzen nau batez ere zaldi gainean dagoen Guzurmendi, istorio honen protagonista nagusia, tenentea, andreak behin eta berriro aldarri egin bezala, bere handinahikeria sufritu nuenez geroztik gizon txikitzat izan dudan komediante handia, hots, Martin Andia emakumearen esanetan.
-Sentitzen dut, emakume, nik zaldi horren gainean dakusadana gizon txiki bat da, Martin Txipia.
Ez nuen deus esan behar, nahiz eta andrearen arrandia parranderoa ahalik eta maltzurren izorratzeko gogo bizia izan, hanka sartze handia egin dut, atoan komediaren protagonista omen zen Guzurmendi jaun/tenenteari itzal egin baitiot. Oraingoan ere gogora etorri zaizkit falkutateko biltzarretan Martinen handikeria patrioteroez gero zeharo aspertuta, hitza kentzen niola gauzak bere onera itzul zitezen ahaleginetan, gehienbat unibertsitatearen funtsa zein zen nire irakaskideei nolabait gogoratzeko asmo eta gogoz, hau da, delako borroka nazionala norberaren aukera soila zela, baina ez irakaslegoarena guztiarena, batez ere unibertsitateko irakasle guztiak bera bezain abertzale sutsuak ez ginen aldetik. Alperrik, ez zidan sekula barkatu, ezin zuen, berak defenditzen zituen teoria nazionalak eta iraultzaileak oztopo zitzaizkion gainontzekoen ikus/pentsamoldeak aintzakotzat hartzeko, kontra, edo agian kexu besterik ez, geundenok ez genuen bere begirunea merezi; balizko arerioak omen ginen, biltzar aretotik biraoka eta ia harrika ere behin betiko botatzea merezi zutenak. Ez zidan orduan barkatu, eta ez dut uste oraingoan barkatuko didanik, erreparatu besterik ez diot egin behar delako Martin Andiak luzatzen didan begiratu zorrotzari, odolez blai antzematen zaizkion begi zein hitzetan argi eta garbi ikus dezakedanez, bereziki nire burua bere betoskoaren helburu somatuta.
-Traidorea, traidorea! Hartzazue preso gaztelauen lagun hori!!!!
Ezin sinisturik nago, baina ez dut ere denborarik gainera datorkidan zorakilo andanari aurre egiteko, are gutxiago guztiz alperrikakoak izango ote zaizkidan indarrak edo argudioak biltzeko. Ospa egin beharrean nago, nahitaez eta lehenbailehen. Nora ba, Katedraleko plaza txoroz gainezka dago. Halaber, ez dago Algareriarantz bueltatzeko biderik, bertan bildurik zeuden gainerako komedianteak beren tenentearen oihuei erantzunez honaino tropelka datoz-eta. Alde egin behar dut hauteman berri dudan zirrikitu bakarretik, Fray Millan de Suso kalearen ilunpetik lasterka Anda-Oñate jauregiraino, orain inon ez dakusadan jauregiraino, hiriko harresiaren ondoko zurezko edota adreiluzko etxe txatxar batzuk baizik, baina bai ordea Fran Millanekin izkina egiten duen Arraindegi Kantoian bertan betiere egon den aurreneko harresiaren sarbide nagusiko burdin hesi erraldoia. Kantoian behera noa arrapaladan eta beldurrak nago hesiaren edo zentinelen lantza edota ezpaten kontra oldartuko naizen. Zentinelok, ordea, burdin hesia altxatu egin dute ezustean eta batez ere ordu onean. Ez dakit nik ba komedia petral honen nondik norakoen arabera zer topatuko dudan hesiaz bestealdean, baina tira, nire atzetik segika zetorren jendentza asaldatuaren beldurrez edo kanpoan zain ote zuten etsai ezezagun bati erasoan zetorrelakoan, zentinelek paso eman eta nik ez dut aiko-maikorik egin begiak ia itxita, harresia zeharkatu eta Urraitz inguruko bide, larre eta galsoroetan barrena antxintxiketan noa hiriko ustezko lau dorreak oso atzean utzi arte.
Hain noraezean eta izuturik nindoan nire arerioengandik ihesi hiri inguruko paduretaraino iritsi naizela oharkabean. Oinak behintzat uretan sartuta ditut. Falta nuena gaurko eldarnioaren nondik norakoak osatzeko, hemendik irtendakoan ohera zuzen-zuzen joango naiz malariaren antzeko gaitz batek jota edo. Banago seguru, aldiz, Martin Andiaren komediante tropak ez didala honaino segituko behinik-behin. Behin uretan sartuta ere bazterretik aldenduko naiz badaezpada, ahal baldin badut aurreko basotxoraino aterpe bila. Batzutan nire gogoetak arinegi egin ohi ditut, oraingoan bezala. Uste nuen basoraino ailegatuko nintzela ura belaunaren azpitik eta ezin, banago bide erdian eta ura ia gerriraino igo zait, hau da, ni erabat dar-dar jarriz. Urmaela zeharkatu eta babestuko ote nauen makaldira urez blai sartu orduko bai ezuste galanta, orain praketan kaka eta guzti egiteko modukoa. Badirudi nire zain zeudela, baina, zinez diot, nire orain dela gutxiko jarraileen antzera mozorrotuta dauden ez dakit nortzuk.
-Nor zaitugu? –galdetzen didate aldarrika zein lasterka niregana datozen sarebegiz egindako soinekoak janzten dituzten gerragizonek ezpatak eskuan luzetara.
-Harrapatu eta urkatu eta guzti nahi ninduten hiriko gaizkile batzuengandik ihesi nator –baina, nortzuk zarete zuek? –ausartu naiz galdetzen tentel-tentel.
-Bizkaiko Jaunaren gizonak gara,
-Eta ze demontre ari zarete hemen? –oraingoan zuhurgabe baino txundituago.
-Gure jauna Diego Lopez de Haro Gaztelako Alfonso VIII erregeari laguntzera etorri da Urraizko hiribildua konkistatzearren.
-Zer? –ezin naiz egon harrituagorik gaurko Ertaroko Azoka nola edo hala animatzeko antolatu omen duten komedia izugarri honek.
-Orduan Martin Andia horren kontrakoak zarete, hiriko tenente nafarra eta segika nituen gaizkileen burua –komediari men egiten erabaki dut.
-Bai noski, horixe da Nafarroako Sancho VII.ek Marokorantz alde egin baino lehenago hautatu zuen hiriko buruzagia.
-Nik esango dizuet Martin Andia delakoari buruz jakin nahi adina –banago ni orain komedia honetan bete-betean sartzeko grinaz.
-Zatoz gurekin ba, pikotara eroan gura zintuztenen kontra lagunduko diguzu, baina bitartean soineko buzti hori erantzi, gorputza xukatu, beste berri bat jaso, eta gero baliteke jan, edan eta agian txortan ere egiteko parada izatea. Badaude gure artean zu bezalako urraiztar asko eta asko nafar erregearen gehiegikeriez asper-asper eginda daudenak.
-Gehiegikeriak?
-Bai, edo bestela zergatik uste duzu bertako hainbeste handiki dagoela gure alde: Areta, Basurto, Bustamante, Rojas, Uriarte, Zamudio ...
-Ez dakit ba, niri egia esan komedia honek guztiak berdin dit, ni ez naiz inoren seme, ez dut odoleztatzeko lurjabegorik, eta are gutxiago inolako erregeari traizio egiteko gogo edo asmorik.
Ez nuen azken hau inola ere esan behar, hau badirudi betoskoen eguna. Bestela nola azaldu behin berriro, baso zein landetan barrena, mehatxuka eta herrestaka eramatea gudaroste trakets eta ero honen buruzagi duten Diego Lope de Haro jaunarenganaino.
-Hona hemen, jauna, basoan guri barrandan omen zen arlote bat –azaltzen dio Bizkaiko Jaunaren kanpadenda itzel dotoreraino lepotik ia ebatuta ekarri nauten soldaduetariko batek.
-Ez, ez da egia, ez nengoen inoren zelantan, ihesi baizik –ez dakit zer dela eta antzekorik esan dudan, dagoeneko komedian erabat sartuta ala agian ni ere zentzua galtzen hasi naizelako.
-Noren ihesi? –galdetu egin dit bere kokoteraino bakarrik begira ari den jauntxo ezin harroxkoagoz jantzita dagoen gizontzar bizardunak.
Zu bezalako komediante kaskarrengadik esatekotan egon naiz. Baina ez, badaezpada, hau guztia hasi denetik argi daukat euren ofizioa zein seriotan hartzen duen ez dakit nortzuek edo zein erakundek ordaindutako antzesle talde ikaragarri adoretsu honek. Ez dut, beraz, inolako gogorik berriro denon aurrean barregarri egin nazaten. Ez naute erraz jareingo, ez. Txontxongillo gisa behin hartuta hobe dut jokua nolabait jarratzea, hots, ahal izango dudan modurik arinenean.
-Arrano beltza ikur dutenengandik –arrapostu egin dut nik ere betoskoa erakutsi nahian- badira urte pila gu denok izorratzen ari direla etengabean. Ni behintzat potroetaraino nengoen eta alde egitea erabaki dut hiriko harresietatik at kanpoko haizea zer-nolakoa zen asmatu zein gozatzearren –azken honi guztiz maltzurra izan nahi duen irrifarre bat gaineratu diot.
-Lagunduko didazu orduan harresiok amiltzen? –nire irrifarrea baino hamaika bider okerragoa den begiratuz galdetu egin dit berriz Bizkaiko Jaunak.
-Zertan ba?, Ni irakasle xume bat naiz, ez dakit ezer gerra jokoetaz -saiatzen naiz nire harrapatzaileen atzaparretatik nola edo hala libratzen.
-Zer irakasten duzu?
-Historia.
-Koplalaria zara, orduan? –Diego Lopez de Haro jauna nire aurpegira so eta adeitsu ere agertu zait lehenbizi.
-Ehhhhhh –hausnarrean egin behar dut ezer erantzun aurretik- Esan liteke baietz, nola edo hala historian oinarritutako koplak kanta eta kontatu ohi ditut.
-Orduan Urraitz oinperatu ahala gure itzelen berri emango duzu lau haizetara denok liluratuko dituen eresi baten bitartez –agindu bide dit orain zeharo abegitsu begiratzen didan handiki harroak.
-Ez da beharrezkoa, denok badakigu historiak dioena, Urraitz setiatu eta gero urtebete erdi pasa egingo da hirikoek men egin arte.
-Urtebete erdi? –Garrasi egin du jauntxo handigurak.
-Bai, urtebete erdi, historiak ezin hobeto azaltzen duen bezala –gaineratzen dut honezkero apurtxo bat gogaituta.
-Ezin dugu hainbeste itxaron, Gaztelako Erregearen tropekin bat egin orduko hiriaren kontra oldartuko gara –Diego Jaunak bere papera ondo baino hobeto bete nahian.
-Ondo bai, zuk zeuk historia zure gogora idatzi nahi baldin baduzu... – ezin ukatu dut, dagoeneko asper-asper eginda nago hau guztiaz.
-Zein zara zu historia aldez aurretik idatzita dagoela esateko? Azti bat? –Bizkaiko jaunaren begietan sua soma dezaket- Bai, noski, azti bat nafarren aginduz guri begizkoa egitera datorkiguna.
-Eneeeee! –purrust eta guzti egiten dut nire asperra adieraztearren.
-Eta gutxi balitz bezala burla eta guzti egiten diguzu...
-Zer nahi duzue egitea, bestela, osa txarrak zarete, inoiz topatu ditudan antzeslerik erdipurdikoenak.
-Eraman ezazue azti zerri hori Zaborra ibai ertzera eta bertan lepoa moztu!
Delako ibairantz ninderamaten Diego Lopez de Haroren morroiek galtzarbeetatik oratuta eta ni banengoen ezin sinisterurik komedia honen gehiegikeria norainokoa zen. Nik ez nituen sekula gogoko La Fura dels Baus eta enparatuek antolatzen dituzten ikuskizun partizibatikoak edo, beti begitandu zitzaizkidan ikusleak nola edo hala izorratzeko aitzakia bat, ikuslegoak bakan batzuen lepotik barre edo goxa dezan, hau da, zorigaiztoko gutxi batzuen gaineko ixekaren kontura, eta gainera mozkinik jasotzeke. Badidudi oraingoan niri tokatu izana, ezin dut antzeman, ordea, non dagoen grazia, areago, non demontre ote daude ezinbesteko ikusleak, naramaten alderdian gu baino beste inor ez baitago, batez ere ibai ertzera iritsi aurretik gelditu garen ipuru eta otaberaz gainezka dagoen eremu isolatu honetan.
-Jarri belauniko! –agindu egin dit larruzko soinekoaren bularrean haritz bat bordaturik daraman gudamutilak, bultzaka makurtarazi bitartean.
-Aizue, aspertuta nago, broma hau ez zait batere gustatzen, ez dut zuen jokoan parte hartu nahi. Nire aldetik behintzat hau bukatu da, ni banoa –aldarri egin dut.
-Traidore zikina, ahozabal madarikatua, listopasatu nazkante hori –ukabilka zein ostikoka zutitzea galerazi didan gudamutila ia bere onetik at- zure burutik ordainduko duzu gure jaunari burla egin izana!
-Aski da, honek ez du inolako graziarik –oihu egin dut gudamutilak ezpata bere zorrotik ateratzen duela ikusita.
-Ikusiko duzu zer-nolako grazia ederra egingo dio gure jaunari zure buruak, tximatik oratuta eramaterakoan
Honaino iritsi naiz, ez dut inolako asmorik komedia honen txorimalo gaixoa, hostiazorroa, izaten jarraitzeko, dezente egin badut pepelerdoarena gainontzekoek festa zapuztu nahi ez niela uste izan ez zezaten. Oraingoak, berriz, ez du batere zentzurik, hau dena bromatik ofensara aldatu da ziplo eta ezustean, baliteke komediante aluotariko baten batek errekonozitu izana eta aspaldidanik nire bekatu nazio-ideologikoen kontura aginduta dudan eskarmentu ederra eman nahi izatea. Ni behintzat ez naiz hemen geratuko sastraka artean zor didaten zigorra edo asmatzearren. Banoa hemendik lehenbailehen, eta baldin bada beharrezkoa bi astapotrootako batek atera eta aurpegi aurrean jarri didan ezpatari, egiazkoa eta guzti ematen duena, aurre egitea, lasai asko egingo diot, oraindik ez baita jaio nire burua inola ere makurtaraziko didan alproja.
-Zoazte biak popatik hartzera! –agurtu ditut nire borreroak, ezpatadunaren azpitartea ostiko batez bortizki laztandu eta gero."
AZOKA - Txema Arinas
No hay comentarios:
Publicar un comentario