Miren Amurizaren Basa eleberriari buruz Hitzen Uberaneko Komunitatea sailerako.
Hau da Miren Amurizaren debuta euskal literaturan. Bai debut itzela, benetan, batez ere ausarta gaur egungo euskal literaturaren nondik norako posmoderno-superjator-urbanitxuroso-betikosmopolitei erreparatzekotan. Ezer baino lehen baserri giroko istorio bat eskaintzen digu, nolabait atzera egiten gaituena ezinbestez; beste istorio erromantiko-folkloriko-nostalgiko-majiko euskaldun peto-petoa? Ezetz, ez dela posible, ez nuen espero eta, jakina, ezta inondik inora ere. Liburuaren azalak oso bestelako istorio bat iragartzen du, menturaz nekazal gore gisako zerbait edo, istorio beltz-beltza, ilunpekoa, Jonh Grayen Straw Dogs nekazal drama famatuaren modukoa? Hori ezta ere, atso baserritar baten istorio gordina omen da, basa den emakumezkoa giro basa batean basak diren pertsonaiek inguratuta, itxuraz basa den gizarte zahar batetik funtsean basagoa den beste berri batera aldatzear. Halere, ezta inola ere basaren aldarrikapena, bai zera! Miren Amurizak benetan mamitsua, gogorra, haragizkoa, hunkigarria den istorio bat goruetan egiten du andrazko honen bizitzaren inguruan orainean zein iraganean agertzen diren mota askotako hari basetatik tiraka. Badugu azalez behintzat basa den Sabina protagonista, ustezko mundu zahar bati eusten diona bere senitartekoen premia zein iritzien kontra, bere on beharrez hartu behar dituzten erabakiei aurre egiten diena, iraganera begira andrazko honen gorabehera benetan basen berri ematen diguna bera nolabait hobeto ezagutze aldera, gainerakoekiko tirabirak zein patuak behartutako egoera latzak, izan direlako gaurko Sabina basa, egoskorra, betizua, suharra bilakatu digutenak. Gauzak horrela, Sabinaren jokabidea inguratzen dutenekiko ez da, ezin da izan, batere samurra, basa baino. Ez ditu ulertzen, ez ditu nahi ala ezin, maite dutenen berarekiko asmo onak edo ezinegonak. Horrenbestez, Sabinaren gainerakoekikoa beti atezuan dago, denok bizi dira haren inguruan etengabeko atezuan. Dena da basa Sabinaren inguruan basa izan baita bere bizitza eta antza denez bere etorkizuna ere. Tartean zaharraren eta berriaren arteko betiereko atezua ere bai.
Halako osagaiez, hariez, ehuntzen du Amurizak bere eleberria, erronka benetan handia, gogorra; baina, nire ustetan ezin hobeto ehunduta egilea oso abila baita goruan, besteak beste hizkera benetan jasoa eta egokia erabiltzen baitu baserri inguruko istorio hau azaleratzeko. Alde batetik euskara batu benetan jasoa, bestetik istorioarekin bat egiten duen bizkaieraren zantzua, hiztegian zein zenbait esapidetan ezin hobeto azaltzen dena batueraren atzean, gaur egungo gizpukeraren nagusitasun nonahikoari muzin eginez bizkaieraren berba goxo eta ia ahaztu asko eta asko batuarako berreskuratzen dituena, batua aberastuz, euskara zabalduz, bizkaieraren altxorra aldarrikatuz. Hala eta guztiz ere, pena eman dit egiazko bizkaieraren taxua nolabait edo nonbait ikusi ez izanak, gutxienez ikastolatik edo pasatu ez izandako pertsonai adintsu baten ahozkoan; ez dakit bat, Edorta Jimenezen liburuetan bezala edo, zenbait zipriztin gutxienez. Izan ere, ez dakit zer dela eta ezkutatzen saiatzen garen euskalkien errealitatea literatura errealista, gainera gordin-gordina, egin gura dugunean, batez ere egiatan euskalkiz baino egiten ez duten pertsonaiei dagokienez, eta beti are errealistagoa egitearren, hain zuzen ere. Halere, badakit egilearen irizpideak direla, guztiz errespetagarriak, noski. Susmoa dut Xabier Amurizak berak behin baino gehiagotan aipatutako “sukalkira” ez jotzeko ote den, hau da, protagonistaren egiazko hizkeraren transkrizio fonetiko hutsa eta agian arrunta ez egite aldera, ez bailuke zentzurik ere bizkaiera jasoan egitea. Auskalo, baina BASA irakurri ahala, eta hau guztiau aldi berean Faulknerren The Sound and the Fury enegarrenez bukatzen saiatzen ari nintzelako soil-soilik, non Estatu Batuetako hegoaldeko pertsonai ustez “basagoen” hizkera arrunta, pure slang, hainbat transkizio fonetika garbi egilearen zein beste hainbat pertsonairen ingeles jasoarekin tartekatu/nahasten den ondo baino hobeto eta batik bat egiantzekotasun kutsu nabari hori iradokiz: ("Whyn't you quit dat, mammy?" Frony said. "Wid all dese people lookin. We be passin white folks soon."
"I've seed de first en de last," Dilsey said. "Never you mind me."
"First en last whut?" Frony said.
"Never you mind," Dilsey said. "I seed de beginnin, en now I sees de endin.”
? William Faulkner, The Sound and the Fury)
Edozelan ere, eta gorago esan bezala, egilearen irizpide guztiz errespetagarria. Gainera, ez du ardura handirik Sabinaren batuerazko berbeta oso txukuna baita, ondo asko adierazten baititu bere nortasun ustez basaren nondik norakoak, hau da, oso sinesgarria, naturala edo. Eta ezta batere harritzekoa, honaino eta etengabe nabarmentzen saiatzen ari banaiz adierazten Mire Amurizaren aurreneko nobela hau nahikotxo aparta begitandu zaidala debut gisa, erakutsi duen teknika narratzailea zein irudiak edota eszenetako atezua taxutzeko abilezia goraipagarriak direlako oso. Ezta, aldiz, eleberri borobila, Sabinaz beste gainerako pertsonaiak apurtxo bat lauak begitandu zaizkidalako, istorioan behar beste nabarmendu ez direlako, Sabinaren ingurukoaren osagai hutsak balira bezala ere, behar bezala bereizi gabekoak, beharbada egileak hautatuko orrialde kupuruak bigarren mailako pertsonaion nortasuna sakontzeko astirik edo lekurik uzten ez zuelako. Baina, jakina, ez dago duda zipitzik Miren Amuriza idazle sen handia duela, zergatik ez esan aparta, baita hori bezain ausarta ere, aukeratutako bidea oso etorkizun handikoa begintatzen zait eta.
Txema Arinas
Uvieun, 2019/10/10
No hay comentarios:
Publicar un comentario