sábado, 26 de octubre de 2019

NAIZENA


Peter Handkeren "Was Ich nicht bin, nicht habe, nicht will, nicht möchte - und was ich möchte, was ich habe und was ich bin" poemak iradokitako beste poematxo bat Hitzen Uberaneko Komunitatea sailerako. Jakina, barkaidazue atrebentzia. Poema kontuetan beti barkazioa aldez aurretik eskatu behar da eta...

Ni naiz naizena.
Baina, nor naiz ni?
Ni ez naiz izan nahi dudana.

Ni ez naiz inoiz lagun ona izan.
Ni ez naiz inoiz maitale zintzoa izan.
Ni ez naiz inoiz bidaide zolia izan.
Ni ez naiz inoiz gizaki zuhurra izan.

Ni ez naiz behin ere jatorra izan.
Ni ez naiz behin ere  abertzale ona izan.
Ni ez naiz behin ere zure tribukoa izan.
Ni ez naiz behin ere fidatzekoa izan.

Ni ez naiz nire etxekoek izatea nahi zutena.
Ni ez naiz nire lagunek nigandik espero zutena.
Ni ez naiz  nire auzokoek nintzena uste zutena.
Ni ez naiz nire ondorengoek gogoratuko dutena.

Ni ez naiz gurasoei beti men egin zien semea.
Ni ez naiz beti orotan bat etorri zen adiskidea.
Ni ez naiz bere herria itsuka maite zuen hiritarra.
Ni ez naiz iritzi guztiak errespetatu zituen gezurtia.

Ni ez naiz aspaldi maitatu eta trazionatu zintuen ergela.
Ni ez naiz aspaldi bide okerrean lagundu zizun ezjakina.
Ni ez naiz aspaldi bere buruari kale egin zion txepela.
Ni ez naiz aspaldi zuk gutxietsi zenuen buruarina.

Ni ez naiz geroan denon gustukoa izan nahi zuen handiustekoa.
Ni ez naiz geroan arrakasta kosta ahala kosta nahi zuen handigura.
Ni ez naiz geroan gainerakoei sorbalda gainetik begiratu nahi zien santua.
Ni ez naiz geroan behin eta berriro bere burua asmatu nahi zuen faltsua.

Ni ez naiz orain inori barkazio eske datorkion erretxina.
Ni ez naiz orain ezer behin betiko ondo egitea gogoan duen tematia.
Ni ez naiz orain galdutako aukerez damu dagoen zalantzatia.
Ni ez naiz orain bere larrua enegarrenez aldatu nahi duen sugea.

Ni naiz huts eta akats guztiok.
Baina, nor naiz ni?
Ni naiz izan nahi ez nuena.

Txema Arinas
Uvieun, 2019/10/25

No hay comentarios:

Publicar un comentario

IRUINSEME EUSKARAFOBOA

        B adago nire Iruña maitian iruinseme prototipo bat oso-oso bitxia, xelebrea, egia esanda benetan ernegagarria, euskal argitaletxe ba...